Ezker abertzalearen iritziz, Ekin-ek desegiteko hartu duen erabakia "Euskal Herrian irekiriko fase politiko berriarekiko erabaki koherentea" da. Aldez aurretik errespetua adierazi dio erabakiari, eta txalotu egin du ondoren, bai erabakia bera "bai eta abian den prozesu politikoan ekarpena egiten jarraitzeko bere militantziari egindako deialdia". Ekinen antolaturikoek "Euskal Herriaren nazio eraikuntzaren arloan eginiko ekarpen eta lan eskerga handia" azpimarratu du ezker abertzaleak.
Ikerne Badiolak dio erabakiak frogatzen duela Euskal Herria fase politiko berri batean dagoela
Ikerne Badiola Eusko Alkartasunako Komunikazio idazkariak esan du Ekinen erabakiak berretsi egiten duela "ezker abertzaleak osorik bere helburu politikoak lortzeko soilik bide politikoak erabiltzeko hartu duen erabakia". Ohar batean jakinarazi du "gaur emandako pausoa" beste mugarri bat dela "ezker abertzaleak bere etorkizun politikoaz azken bi urteetan egin duen hausnarketan". Guzti horrek Euskal Herria fase politiko berri batean dagoela erakusten duela gaineratu du Badiolak, "non kolektibo independentista guztia bat dator bide politikoak soilik erabili behar direla".
Espainiako Gobernuak ere aurrerapausotzat jo du Ekinen erabakia
Jose Blanco Espainiako Gobernuko bozeramaileak esan du Ekinek hartu duen erabakia "ETAren amaierarako bidean aurrerapauso bat" dela, baina ez dela azkenekoa azpimarratu du. "Espainiako gizarteak espero duena, guztiek espero eta nahi duguna, terrorismoaren amaieraren agiria da", esan du PSOE Madrilen egiten ari den konferentzia politikoak.
Patxi Zabaleta: "Ekineko kide izateagatik zigortutakoen zigorrak berriro aztertzeko beste arrazoi bat da"
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak esan du "zalantzarik gabe abian dagoen bake prozesuan aurrerapausoa" dela Ekinen erabakia, eta orain arte eman diren pausoak berresten dituela. "Prozesua atzeraezina dela frogatzen du". Zabaletak azpimarratu du gainera erabakia Ekinek berak hartu duela eta "beraz, alde bakarrekoa". Erabaki horren ondorioz Ekin-eko kide izategatik zigortutako guztien zigorrak berriro aztertzeko beste arrazoi bat dagoela esan du. "Ez dute zentzurik, Ekin-eko kideek esan dutelako sortuko diren bide politikoetan eragin eta parte hartuko dutela".
Patxi Lopezen hitzetan "aurrerapauso bat gehiago" da, eta arduraz jokatzeko eskatu dio "mundu guztiari"
Patxi Lopez lehendakariaren hitzetan "itxaropen eszenatoki honetan albiste positiboa da" Ekinek desegitea erabaki izana, "elkarbizitza, bake eta askatasun ziklo bat zabaltzeko helburuarekin". Gainera, "azken pausora iristeko mundu guztiari arduraz jokatzeko" eskatu dio. "Azken pauso" hori ETAren desagertzea dela azpimarratu du lehendakariak, eta hori lortzeko "etengabe" eskatu behar dela esan du, "baita ezker abertzaleak ere, hori bai izango litzatekeela pauso erabakigarria". Lopezek esan du pauso guztiak direla garrantzitsuak, eta aurrera egiten jarraitzeko "inteligentzia" eskatu du.
Martin Garitanok txalotu egin du erabakia eta aro berrira egokitzeko hausnarketa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak txalotu egin du Ekinen erabakia, eta erakunde horrek "aro berrian kokatzeko" egin duen hausnarketa. Garitanok azpimarratu du aro politiko berri baten aurrean dagoela Euskal Herria, eta agente politiko guztiek egokitu behar dutela egoera berrira. "Positiboa da jende guztiak Ekinek egin duela dirudien hausnarketa bezalakoa egitea, ziklo berriara egokitzeko".
Sergio Sayas UPNkoak dio Ekinek erabakiak frogatzen duela "ETA pistoladun talde bat baino gehiago" dela
Sergio Sayas UPNko Komunikazio idazkariak esan du Ekinen erabakiak frogatzen duela "ETA pistoladun talde bat baino gehiago" dela. Sayasek esan du Alderdien legeari eta legean egin diren beste aldaketei zor zaiela Ekin-en erabakia, eta ETAri eskatu dio armak "baldintzarik gabe uztea". "Estatuak ezin du baldintzarik onartu, eta garaileak eta garaituak egon behar dute", esan du.