Ezker abertzalearen aurkako azken polizia operazioan atxilotu zuten Ugaitz Elizaran, beste zortzi pertsonekin batera. Guardia Zibilaren eskuetan bost egun inkomunikatuta egon ostean, guztiak espetxeratzeko agindu zuenepaileak. Soto del Realgo espetxetik erantzun ditu BERRIAren galderak.
Nola zaude orain?
Soto del Realgo kartzelan nago, bakartua eta euskaldunik ez dagoen galeria batean. Inkomunikazioa kendu zigutenean, Auzitegi Nazionalean oihuka-eta komunikatu ginen, eta ondoren, Soto del Realen binaka jarrigintuzten ziegan. Gero, abokatuen eta senideen bisitei esker, elkar ikusteko aukera izan genuen ostiralean. Tarte batzuk eduki ditugu besarkatzeko. Badakigu denok izan garela torturatuak.
Nola izan zen atxiloketa?
Oso gogorra. A tope etorri ziren. Txirrina jo zuten lehenengo, oihuka hasi ziren gero. Ez dakit zer aurkitu nahi zuten han. Idazkaria etorri zenean nabarmen aldatu zuten jarrera.
Zure ustez, zer bilatu nahi zuten atxilotzeko modu horrekin?
Lehenengo kolpe bortitz horrekerreflexurik gabe utzi ninduen. Botere erakustaldi bat zen, euren eskuetan nengoela adierazi nahi zidaten, ni ahula nintzela eta beraiek oso boteretsuak eta indartsuak zirela.
Gaur egungo testuinguru politikoa aintzat hartuz gero, zer dela-eta atxilotu zaituztete?
Nik ez dakit ezer, beraiek esaten zidatena bakarrik. Ez dut telebistarik ikusi oraindik, ez dut egunkaririk jaso, ez dut irratirik entzun. Nik uste dut urte politikoaren hasierarekin hurrengo hilabeteak markatu nahi izan dituztela. Euskal Herrian dauden ekimenei erantzun ezkor bat eman nahi izan diote, mezu batekin: Euskal Herrian ez dago konponbide eta prozesu demokratiko baterako aukerarik. Eta eraginkorra iruditu zaie ezker abertzalearen estruktura politikoak kolpatzea. Dena den, prozesua berdin berdin abiatuko da.
Ezker abertzalean tirabirak sortzea helburu dutela uste al duzu?
Ezker abertzalearen kohesioan min egiten saiatu dira. Ez dute zatiketarik lortuko, ordea.
Gisa horretako operazio gehiago izango direla uste al duzu?
Tamalez, bai. Ezker abertzaleak eta Euskal Herriak urratsak egiten dituzten heinean, gerta daitezke. Estatuak, oraingoz, egitura politikoak kolpatzen jarraituko duela uste dut.
Herritarren artean sortu den ilusioa zapuztu eta etsipena eragin nahi dutela uste al duzu?
Bai. Urte politikoaren hasieran ilusioa zabaldu da, eta ilusio horrek urrats garrantzitsuak egitea ekarriko digu. Estatuak, ordea, errepresioaren bidez, indarra irudikatu nahi du, benetan, ahul sentitzen denean.
Beste atxilotuek bezala torturak eta tratu txarrak jaso dituzu. Nolakoa izan da atxiloaldia?
Oso gogorra, oso gogorra... Ez da gizatiarra. Sinesgaitza da pertsona batek beste pertsona bati horrelako tratua ematea. Badakigu egitura osoak daudela horretarako, eta Auzitegi Nazionala da egitura hori sostengatzen duena. Bestela nola da posible? Jasangaitza da, hori da hitza: jasangaitza.
Polizia aurrean eginiko deklarazioak behartuak izan direla adierazi duzue. Zer helbururekin lortu nahi zituzten?
Mantendu nahi dituzten teoriak sostengatzeko frogarik ez dago. Epaiketa eta propagandari begira beharrezkoak dituzte polizia etxeetako deklarazioak, nahiz eta gero epaitegian ez berretsiak izan. Nire kasuan, nire bikotearen argazki bat erakutsi zidaten, atxilotu izan balute bezala. Epailearen aurrean esaten nuenaren arabera izango zen, ustez, berarekiko tratua. Hori bera salatu nion epaileari.
Tortura salaketen inguruan nola erantzun zuen Fernando Grande-Marlaska epaileak?
Epaileak ez zigun kasurik egin. Nire azalpenaren aurrean ezer esan ez banio bezala gelditu zen.
Zein da, zure ustez, Estatuaren dinamika amaitzeko modurik eraginkorrena?
Erantzun indartsu eta ahalik eta zabalena eman behar dugu. Herri mailako erantzunak ere beharrezkoak dira. Jasotzen dugun kolpe bakoitzak indar metaketa berri bat suposatuko duela argi utzi behar diogu Estatuari.
Prozesuak aurrera egin ahala, Espainiako Gobernuak jarreraz aldatuko duela uste al duzu?
Zalantzarik ez dut. Herri gisa aritzen bagara behartuta sentituko da, eta orduan behar bezalako prozesu demokratiko bat garatu ahal izango dugu, guztientzako gutxieneko baldintza berdintasun batekin. Borrokak ekarri gaitu hona, eta borrokak eramango gaitu aurrera.
Ugaitz Elizaran. Euskal preso politikoa
«Ezker abertzalearen kohesioan min egiten saiatu dira»
Joan den asteko polizia operazioan atxilotu zuten Ugaitz Elizaran, beste zortzi herritarrekin batera. Operazio horrekin Estatuak ezker abertzalearen zatiketa lortu nahi izan duela salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu