poliTIKA

Ezker abertzalearen legeztatzea eskatu dute ELAk eta LABek

ELAk dio Alderdien Legea denei "baldintza beraietan" ezarri behar zaiela, "beste asmo edo printzipio gubernatiboetara makurtu gabe". Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak sindikatuaren izenean adierazi du "biolentziarik, injerentziarik eta inposatutako mugarik gabeko prozesua" egin nahi dutela. Dena dela, LABek kezka dauka, "Espainiako Estatuak ez duelako borondaterik".

2010eko azaroaren 30a
18:40
Entzun
Ezker abertzaleak larunbatean Iruñean aurkeztutako 'Proiektu politiko eta antolakunde berri baterantz' idatzia aztertu ostean, ELA eta LAB sindikatuek haren legeztatzea eskatu dute gaur.

ELAren iritziz, "berebiziko garrantzia du ezker abertzaleak proiektu politiko berri bat eratzeko oinarriak aurkeztu izanak". Izan ere, haren ustez, "aipatzekoak dira, batez ere, 'bide politiko eta demokratiko hutsei' eusteko borondatea, eta konpromiso hori ez egotea 'aldagai taktiko edo unean uneko faktoreen' mende. Oso ongi irizten diogu 'helburu politikoak lortzeko metodo legez bortizkeria edo hau erabiltzeko mehatxua' hitzez hitz baztertzea".

Ezker abertzalearen adierazpen horrekin "bertan behera geratzen dira [Espainiako] Estatuak ilegalizazioa erabakitzeko aipatu zituen arrazoiak", ELAk ohar baten bidez esan duenez. "Beraz, adierazpen hau sinatzen dutenak legeztatzeko ukapena ezin da onartu. ELAk badaki Estatuak ez duela honezkero Alderdien Lege antidemokratikoa aldatuko. Baina ez du ontzat ematen sigla politiko bat legeztatzeko exigentzia maila gorago edo beherago ipintzea, legeztatzea eskatzen duen kolektiboaren arabera. Legea lege izango bada, hori guztiei aplikatu behar zaie, baldintza beraietan eta beste asmo edo printzipio gubernatiboetara makurtu gabe".

LABek txalotu egin du proiektua aurkeztu izana

LAB sindikatuaren zuzendaritzak atzo aztertu zuen ezker abertzalearen idatzia, eta gaur Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak adierazi du "pausoa garrantzitsua" dela "garai berri bat irekitzeko" eta aro hori zabaltzea ezin dela "berandutu". "Jatorriz zilegia da ezker abertzalearen proiektu hori, eta legezkoa izan behar du". Txalogarritzat ere jo du urratsa LABek. "Euskal langileok horrelako proiektu baten premia genuen".

"Aro berria zabaldu nahi dugu, giza eskubideak, eskubide zibilak, eskubide politikoak eta Euskal Herriari dagozkion eskubide nazionalak indarrean egongo diren garai berria. Biolentziarik, injerentziarik eta inposatutako mugarik gabe egin behar dugun prozesuaren bidez zabaldu nahi dugu, gainera", esan du Etxaidek Bilbon, LABeko zuzendaritzak emandako prentsaurrekoan.

Ezker abertzalearen "urratsa ez dator edozein unetan", sindikatuaren esanetan, "Euskal Herrian aldaketa politikoa gauzatzeko prozesu demokratikoa eraikitzen ari garenean datorrelako". LABek uste du "independentziarako tresna" izango dela antolakunde berria.

Hala ere, sindikatuak kezkaz ikusten du egoera, "Espainiako Estatuak ez duelako borondaterik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.