Ezker abertzaleari «atzera» ez egiteko esan dio Lopezek

Txelui Morenok adierazi du Euskal Herriko «egoera berriari» Lopezek ez diola ekarpenik egin

2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Patxi Lopez EAEko lehendakariak «atzerapausorik ez emateko» eskatu dio ezker abertzaleari. Izan ere, Lopezen ustez, legez kanpo uzteko edo auzitegien zigorren bat jasotzeko arriskuarekin «estututa» sentitu denean eman ditu soilik «aurrerapausoak» ezker abertzaleak. Horregatik, adierazi du ezker abertzaleak «huts egin» diola sentitzen duela. Ezker abertzaleak, ordea, adierazi du Euskal Herriko «egoera berria» ezker abertzaleak beste eragile batzuekin batera «harturiko konpromisoei eta garaturiko ekimenen» ondorio dela.

Bestalde, Lopezek azaldu du «arbuiagarria» iruditzen zaiola Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari «biktimen garaia» ez dela iritsi entzutea eta aldi berean Garitanok «biktimen hiltzaileak egunero omentzeko» asmoa izatea. Era berean, Lopezek adierazi du EAEn biktimen garaia aspaldi iritsi zela eta ez dela pasatuko, eta «urte askoan bizi izan dena ez bada errepikatu nahi» argi izan behar dela biktimen «memoriaren gainean eraiki behar dela elkarbizitza».

Hori dela eta, Lopezen ustez, ezker abertzaleari «bide demokratiko bat hasteko exijitzen zaion lehen baldintza biktimen eta eragindako minaren aitortza egitea da». Horrez gain, azaldu du ezker abertzaleak «ETAri desagertzeko eskaera» egin beharko liokeela, eta, gainera, ETA «ihesbide, anbiguotasun eta luzamendurik gabe herritarren bizitzatik desagertzeko» lan egin beharko lukeela.

Hori bai, EAEko lehendakariaren iritziz, baldintza demokratiko horiek «edozein momentutan eman behar dituzte, eta oraintxe bertatik eman behar dituzte». Bestalde, adierazi du jadanik bi urte pasa direla ETAren atentaturik gabe eta «estortsioa» amaitu egin dela; baina zehaztu du amaiera hori ezin dela «ez euskal presoen truke, ez beste ezeren truke» izan.

«Konbentzituta gaude ETAren amaieran gaudela eta ETAk badakiela garaitua izan dela, badakielako ez duela lortuko inoiz ezer indarkeriaren bidez», esan du Lopezek.

«Hutsaren hurrengoa»

Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramailearen ustez, «hutsaren hurrengoa izan da Patxi Lopezek egoera berriari egindako ekarpena». Horrez gain, adierazi du Lopezek jarrera «harroputza» duela, «lehendakaritza Alderdien Legeari esker eta iruzurrean oinarritutako hauteskunde batzuei esker lortu izan ez balu bezala».

Baina Morenok esan du «Lopezek nahi izan edo ez» Euskal Herria «bake eta behin betiko konponbide demokratikoen jokaleku batera» eramateko «konpromiso irmoa» duela ezker abertzaleak, eta ezker abertzaleak ez diola «hutsik egingo» euskal gizartearekin hartutako «konpromisoari».

Hori dela eta, ezker abertzaleak prozesu demokratikoan aurrera «tinko» jarraituko duela azaldu du, eta «inmobilismo eta blokeo» jarrera izateko «aitzakia gehiagorik» ez dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.