Ezker Anitza osatu dute, «ezker antikapitalista, errepublikano eta federala»

Mikel Arana izendatu dute koordinatzaile nagusi; taldea «Euskadin, IUren birsortzea» dela dio

Cayo Lara eta Mikel Arana, atzo, Ezker Anitzak Leioan egin zuen batzar nagusian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ezker Anitza alderdia osatu zuten atzo, Leioan (Bizkaia), Ezker Batua-Berdeak talde zatitutik Mikel Arana buruzagiaren ingurukoek bultzatutako taldea. Lehen batzar nagusia egin zuten atzo, eta, alderdiaren izena eta estatutuak onartzearekin batera, zuzendaritza eta koordinatzaile nagusia ere aukeratu zituzten batzarrean bildutako hirurehun ordezkari inguruk.

Mikel Aranak berak gidatuko du alderdia, atzo koordinatzaile nagusi kargurako lortutako babesari esker. Alderdia osatuta, atzean utzi nahi dute Ezker Batua-Berdeak taldean iaz izan ziren krisi eta iskanbila guztiak, eta aurrera begira jarri dira Euskal Autonomia Erkidegoan lau alderdi nagusien esparruetatik at den«bosgarren espazioa sendotzeko». Ezker Anitza Espainiako Izquierda Unidaren «birsortzea daEuskadin» adierazi zuen Aranak.

Mikel Arana bera izan zen alderdiaren batzarraren aurkezpena egiteko arduraduna. Ezker Anitza «ezker antikapitalista, errepublikano eta federala» dela azpimarratu zuen, erakunde «ireki, aniztun, horizontal, feminista, ekologista, sozialista, komunista, troskista, bakezale, autodeterminazioaren aldekoa,internazionalista» dela, eta lekua dutela «bestelako mundu bat posible dela uste duten guztiek».

«Gaizki eta berandu»

Eusko Jaurlaritzaren eta, zehazki, Patxi Lopezen kudeaketa kritikatzeko ere erabili zuen hitzaldia Aranak. EAEko lehendakariak ostiralean Espainiako gobernuburu Mariano Raxoirekin egindako bilera izan zuen hizpide nagusia. Aranak gogorarazi zuen Lopezek Raxoiri «jende askok aspalditik lehendakariari eskatzen aritu gatzaizkiona» eskatu ziola. «Berandu dator, baina ongi betor. Bi urte eta erdi egon gara Eusko Legebiltzarrean hori bera eskatzen», esan zuen. Lopezena «Edonora berandu iristen den eta iparra galduta dabilen gobernua» izatea ere leporatu zion: «Berandu iritsi zaio defizitaren proposamena, berandu iritsi da espetxe politika aldatzeko eskaerara, berandu haur lapurtuen auzira, zergen eztabaidara..., dena berandu eta gaizki egiten duelako».

Espainiako Izquierda Unidako koordinatzaile nagusi Cayo Larak ere hitza hartu zuen batzarrean, ETAri desegin dadila eskatu zion eta euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea «gizatasun keinua» litzatekeela esan zuen.

Ezker Anitzako batzarrean gonbidatuak ere izan ziren. Besteak beste, Aralarreko, EAko, UPDko, Izquierda Republicanako, Berdeetako eta Frantziako Alderdi Komunistako ordezkariak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.