Korapilatua daude oso Arabako ahaldun nagusia aukeratzeko negoziazioak, eta, inbestidura saioa etzi egingo bada ere, oraindik argitu gabe dago nor izango den Diputazioko buru. Atzo, gainera, Ezker Batuak Nerea Galvezen hautagaitza aurkeztu zuen ahaldun nagusi izateko, epea amaitzear zegoela. Hori horrela, ostegunean PPk, EAJk eta Ezker Batuak nork bere hautagaia aurkeztuko dute inbestidura batzarrean.
Gaur-gaurkoz, EBren eta EAJren arteko negoziazioak ez aurrera ez atzera daude, eta, azken orduko akordiorik ezean, Ezker Batuko bi biltzarkideek beren hautagaiaren alde egingo dute. EBren botoak, baina, erabakigarriak izango dira Arabako diputatu nagusia aukeratzeko. PPk jso zuen botorik gehien, eta Javier de Andresek ziurtatuta dauka PSE-EEren babesa. Xabier Agirre jeltzaleak Bilduren botoak izango ditu, baina EBren bi botoak ezinbestekoak zaizkio aukeratua izateko. Hala, EBk Nerea Galvez bere hautagaiaren alde bozkatuko balu, PPrentzat izango litzateke Arabako Diputazioa.
Nolanahi ere, Mikel Arana EBko koordinatzaile nagusiak uste dudenbora badagoela EAJrekiko negoziazioak bere onera eramateko, eta adierazi du etzi arte negoziatzen jarraituko dutela. Etziko saioan Agirre babestearen truke, eskaera jakin batzuk egin dizkio EBk EAJri programaren inguruan —zerga politikari, enpleguari eta ingurumenari dagozkienak–, eta Aranak dio pilota jeltzaleen teilatuan dagoela oraindik: «EAJren esku dago programaren inguruan akordioa lortzea eta gure hautagaitza muturreraino eramatea ala gure botoak Agirreri ematea». Aranaren hitzetan, zerga politikaren inguruan dute EAJk eta EBk desadostasunik handiena; batez ere, ondasunen gaineko zergari dagokionez.
Azaldu duenez, EB ez da De Andres babestearen aldekoa, baina EAJrekin oraingoz ez du posible ikusten akordiorik lortzea. Hortaz, Aranak aitortu du «estutzeko» modu bat dela inbestidurara bere hautagaitza aurkeztea, eta «aukera denak irekita» daudela bozketari begira.
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, berriz, aitortu du baduela ahaldun nagusia PPko hautagaia izateko esperantza; haren ustez, «oso larria» litzateke EBk «ustelkeriak zipriztindutako» hautagai bati ematea babesa. «EB ez dut ikusten ustelkeria kasuan sartutako gobernu batekin akordioak egiten. Ustelkeriaren alderdiari babesa ematea baino gauza larriagorik ez dago».
PPkoek ere negoziazioak izan dituzte EBrekin, eta hainbat alorretan —zerga politikan, esaterako— hitzarmenak egiteko prest daude. Gainera, Basagoitik argitu du EBren abstentzioa nahikoa dela PPko hautagaia ahaldun nagusi izateko, eta ez dutela inolako «loturarik» izan nahi alderdi horrekin. «Gurekin ez dute itunik egin behar, baina EAJrekin, berriz, lau urterako ezkondu beharko dute».
Saio luzea
Biltzar Nagusietako prentsa bulegoak jakinarazi duenez, osteguneko inbestidura saioak luze joko du. Goizeko bederatzietan hasiko da bilkura, eta arratsaldeko zazpiak arte iraun dezake. Hiru hautagaiek hitz egingo dute aurrena, ordubeteko txandetan. Gero, ordu erdi izango dute taldeetako bozeramaileek, euren jarrera azaltzeko. Diputatugai nagusiek ordu erdi bana izango dute erantzuteko, eta, taldeetako eledunen txandaren ostean, bozketa egingo dute.
Ezker Batuak bere hautagaia aurkeztu du Arabako ahaldun nagusia izateko
EBk ez du akordiorik lortu EAJrekin, baina Mikel Aranak dio oraindik denbora badagoela negoziatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu