Ezkio eta Itsasoren bereizketa prozesua baliogabetu egin du Auzitegi Gorenak

Arrazoi nagusia da udalerriak ez duela oinarrizko baldintza hau betetzen: gutxienez 5.000 biztanle izatea.  

Ezkio eta Itsaso banatzeko 2016ko herri galdeketa. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2020ko uztailaren 23a
16:37
Entzun

Itsasok 165 biztanle zituen 2016an, eta Ezkio-Itsaso udalerriak 2017an, denera, 613. Beraz, argudio horri eutsi dio Espainiako Auzitegi Goreneko 3. salak atzera botatzeko Ezkio eta Itsaso udalerriak bereizteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru dekretua.

Madrilek Estatuko Administrazio Orokorraren errekurtsoa onartu du, eta argudiatu du ez dela betetzen Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen legean ezarritako baldintza: udalerri berriak gutxienez 5.000 biztanle izatea.

Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du 2017ko abenduaren 29ko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia. Izan ere, epai horrek ez zuen onartu Estatuko Administrazio Orokorraren errekurtsoa, argudiatuta ez zuela foru dekretua aurkaratzeko legitimazio prozesalik.

Espainiako Gobernuaren ebazpenak aipatzen duen baldintza ez dator bat Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2003an onartutako arauarekin. Madrilek gutxienez 5.000 biztanle eskatzen ditu udalerri berrirako, eta foru arauak, ordea, 2.500. Itsasok ez luke kopuru hori ere beteko, baina neurriak salbuetsi egiten ditu frankismo garaian herri borondaterik gabe elkartutako herriak. Hori litzateke Ezkio eta Itsasoren kasua, eta neurri horrekin sortu ziren beste udalerri hauek: Leaburu, Altzaga, Ikaztegieta, Orendain eta Baliarrain.

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du lanean jarraituko duela orain arte bezala Itsasoko herritarren eskaria bermatzeko. Etorkizunean ager daitezkeen aukera berriak aztertuko dituela ere gaineratu du: “Itsaso Gipuzkoako 89. udalerria izan zedin gure esku dagoen guztia egin dugu, eta herritarren alde lanean jarraituko dugu”.

Bederatzi urteko bidea

2011n hasi zuten Itsasoko biztanleek desanexiorako prozesua. Ezkio-Itsasoko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan dute beti, baita herritarrena ere. 2016ko irailean, herri galdeketan parte hartu zuten boto eskubidea zuten 140 herritarretatik 119k; 88k egin zuten desanexioaren alde.

Herritarren iritzia entzun ondoren, bi auzoetako ordezkariekin batzorde bat osatu zuten, eta bi txosten eskatu zituzten: batetik, aholkulari juridikoekin desanexiorako bideak aztertu zituzten, eta, bestetik, Siadeco enpresak bideragarritasun txosten bat egin zuen herri bakoitzaren mugak, zerbitzuak, eskubideak eta betebeharrak zehaztuz. Gipuzkoako Foru Aldundira bidali zuten desanexio espedientea, eta hark banaketa onartu zuen dekretu baten bidez, 2016ko abenduan. Urtarrilaren 13an eratu zuten Itsasoko Udal Batzorde Kudeatzailea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.