EZTABAIDA FRANTZIAKO LEGEBILTZARREAN. LURRALDE EGITURA. «'Pays' egituren arloan aitzindariak izan gara»

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Daniel Poulouk Parisko Legebiltzarrean aurkezpena egin ostean erantzun die BERRIAko galderei.

Legebiltzarrean pasarazi duzun mezua zein izan da?

Mezu argia eta sinplea pasarazi dut: Senatuan bozkaturiko legearen 25. artikuluak Pays egiturei buruzko artikulua baliogabetzendu. Aurkeztu diet Euskal Herrian egitura hau eraiki genuen Estatua, eskualdea, departamendua edota Herrien arteko Elkarlanarako Egitura Publikoekin hitzarmenak pasatzeko. Honek Garapen eta Hautetsien Kontseiluen sorrera ahalbidetu zuen. Euskal Herrian 2008an izenpetu azken hitzarmena 2013an bukatzen da. Legegileak zehaztu du abrogazioa aitzin izenpeturiko kontratuetan finkaturiko epea arte beteak izanen direla.Baina, gure galdera da «Zer egiten dugu gero?». Jean Grenetekin adostu eta Jean Lassallekin hitz egin ondoan, hitza hartu dut jakiteko gobernuak zer ahalbidetuko digun 2013 gerorako. Pays egitura desagertzen denez, «zein antolakuntza juridiko eman dezakegu bihar Euskal Herriari?» galdera pausatu dut.

Zer erantzun dizute?

Ministroak ez dit oraino erantzun, entzuten gaitu eta ondotik bakoitzari erantzuten dio. Baina pertsonalki ezagutzen dut etabadaki harremanetan naizela erreforma horren txostengile den Dominique Perbenekin. Badakit zer erantzunen didan: «Baduzue ahaltasuna hasitako lanen jarraitzeko, hitzarmenak pasatzen segitzeko aukera duzue Sindikatu misto bat sortuz». Herri elkargoek edota xede duten herriek osa lezakete hau. Posibilitate hau bada, eta hitzarmenak pasarazten ahal genituzke departamenduekin. Atzo Alain Rousset eskualdeko presidentearekin aipatu, eta honek segurtatu dit eskualdeekin hitzarmenak edukitzeko aukera ezerk ez duela oztopatzen.

Maiz Euskal Herria adibidetzat emana da, Pays egitura horien interesa islatzeko. Beste lurraldeetan ere kezka hau sendi da?

Bai, asko gara. Beste batzuk ere biziki ongi martxan dira. Beraz, gai hortaz hunkiak diren diputatu asko gara. Euskal Herria ez da bakarra, baina aitzindariak gara.

Erreforma hau dela eta ezagupen instituzionala askok aldarrikatzen dute Ipar Euskal Herriarentzat. Batera-k agenda bat planteatu eta erreferendum ofiziala 2012rako finkatu du. Prest al zaude eskakizun hau entzunarazteko Parisen?

Ongi ezagutzen dut Batera. Auzapezen Biltzarra ongi ezagutzen dut,16 urtez lehendakari egon naiz eta. Funtsean, nik nuen antolatu auzapezei zuzenduriko erreferenduma, jakiteko lurralde egitura bat eraiki behar denez. %64ek baina erantzun zuten. Beraz, gaia ezagutzen dut. Baina gaur egun ez gara gehiago departamendu baten sorreran, alderantziz, desagerpenean gaude.

Batera ez da gehiago departamendu baten eskaerari mugatzen;EuskalLurralde elkargo bat eskatzen du.

Bai, hori da. Baina, sindikatu misto bat eraikitzen badugu, erantzuna badugu! Batera-ren xedearen lorpena da.

Agiri baten bidez Batera-k argitu du sindikatu mistoa ez dela lurralde elkargo bat.

Ados, ez da kolektibitate bat. Baina Euskal Herriko herri guztiak biltzen dituen sindikatu bat, berritasuna litzateke. Gainera,Pays batzuk sindikatutan antolatua dira jada, eta oso ondo ibiltzen direla erran behar dut.

Autonomia galdatzen dute argiki beste eragile batzuek. Gobernuan UMP gehiengoak izanki, eskuragarria ikusten al duzu aldarrikapena?

Ez. Ez da garai honetakoa, ez da erreforma honetan sartzen. Gure lurraldeen antolatzeko aukerak badira gaur egun.Baina Espainian edo Alemanian den autonomia ez. Legegilea ez da oraindik horretan. Beharbada lehen urratsa da, eta helduko gara; gutxienez eskualde mailakora, gero eta botere gehiago ukango dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.