Lurrikara Japonian. Energia nuklearrari buruzko eztabaida

Eztabaida nuklearrari aurre ez egitea egotzi diote Zapaterori

Ekologistek deituta, Garoñako zentrala berehala eta betirako ixteko eskatu dute Bilbon eta Iruñean

Garoña ixteko eskaria ozen entzun zen Bilboko manifestazioan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Izar Mendiguren-Ainara Arratibel
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Zentral nuklearrak—bereziki Santa Maria de Garoñakoa (Burgos, España)—ixteko eskatu dute Ekologistak Martxan taldeak eta CGT sindikatuak Bilbon. «Egun hauetan agerian geratu da askotariko arriskuak dituztela zentral horiek», salatu dute Carlos Alonsok eta Xabier Avianek. Halaber, Espainiako Gobernuaren jokabidea kritikatu dute. «Beste alde batera begiratzen ari dira, eta ez dute gaia aztertu nahi»

Energia nuklearraren arriskuak salatzeko eta gogorarazteko ez ezik, Japoniari inguruko herriei elkartasuna azaltzeko manifestazioa egin zuten atzo. Protesta 19:30 inguruan hasi zen, Arriagatik. Alarma edo sirena soinu batekin hasi zen, arrisku nuklearra irudikatuz. Euria egin arren, 1.000 lagun inguru ibili ziren manifestazioan. Japoniako herriarekin elkartasuna! Nuklearrik ez! Garoña itxi! zioen protesta hasierako leloak. Nuklearrik ez! zioten ikurrinak izan ziren ibilbide osoan, eta askok lelo hori bera zuten txapak zeramatzaten paparrean. Hiru hizkuntzatan zeuden txapak: euskaraz, gaztelaniaz eta japonieraz. Greenpeaceko eta Iratzarriko kideek bat egin zuten protestarekin. Bidean ondorengo oihuak entzun ahal izan ziren: Ez, ez, ez Nuklearrik ez!, 40 urte arrisku garbian, Lemoiz bezala, Garoña itxi orain... Manifestazioa Iberdrolako dorre ondoan amaitu zen.

Alonsok eta Avianek gogorarazi zuten Fukushima I zentral nuklearrak Garoñaren diseinu eta teknologia berdina duela, eta urte berdinean jarri zela martxan. «Garoñako arduradunek berek esan izan dute bikiak modukoak direla. Iazko ekainean Fukushimako arduradunak Garoña bisitatzen izan ziren».

Hori ikusita, Garoña ahalik eta azkarrena eta betirako ixteko eskatu diote Espainiako Gobernuari. «Energiamota hau ez da ez ona eta ez beharrezkoa». Zapateroren gobernuak lobby nuklearren interesei men egiten diela salatu zuten.

Iruñean, elkarretaratzea

Iruñean ere egin zuen protesta Ekologistak Martxan-ek. Kasu honetan Nafarroako Greenpeacekin batera. Bilbon bezala, Mercaderes plazan bildutakoek elkartasuna eta babesa azaldu zioten Japoniako herriari. «Oso kezkatuta gaudehondamendian pertsonengan eta ingurumenean izan ditzakeen ondorioengatik», nabarmendu zuten antolatzaileek.

Gogorarazi zuten Europako Energia komisario Gunther Oettingerrek berak apokalipsi hitza erabili zuela Japonian gertatzen ari dena definitzeko. Hori kontuan hartuta, «larriak eta alferrikakoak» iruditzen zaizkie erreaktore nuklearrekin energia ekoizteak dakartzan arriskuak, eta horien ondorioak herritarrek jasatea salatu zuten.

Uste dute zentralak ez daudela arrisku horiek jasateko prestatuak. «Teknologiaren ikuspegitik Japoniako zentraletako erreaktoreak eredugarriak omen ziren, baina ikusi dugu zein hondamendi larria izan den. Hango zentralek zioten lurrikara handienak jasateko moduan zeudela, eta horietako askok ezin izan dituzte guztiz gelditu». Bilbon bezala, Garoñako zentrala betirako eta berehala ixteko ere eskatu zuten Iruñean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.