Antibiotikoen zentzuzko erabilpenean pentsatzean, ez da ahaztu behar abeltzaintzan eta akuikulturan ere erabiltzen direla antibiotikoak, eta ez soilik gaitzei aurre egiteko. Duela hilabete, AEBetako FDAk (Food and Drug Administration) plan bat aurkeztu zuen elikadurarako animalietan antibiotikoen erabilera mugatzeko, horrek zenbait bakterio erresistentzia eragin ditzakeelako. Halaxe jakin da AEBetan saldutako antibiotikoen %80 animalientzako izaten direla. Eta gaitzei aurre egiteko ez ezik antibiotiko horiek animaliak hazteko ere erabiltzen direla.
Nola hazten dira animaliak antibiotikoekin?
Lehenik eta behin, esan behar da Europan debekatuta dagoela aspaldi animaliak hazteko antibiotikoak —hazkuntzaren sustatzaileak izenekoak— erabiltzea. AEBetan, berriz, baimenduta dago, baina gaur egun neurriak hartzen hasi dira antibiotiko horien erabilera murrizteko. Antibiotikoek ahalbidetu egiten dute zeharka nutriente gehiago xurgatzea animalien hesteetan, zenbait animalia gaixotasuni aurre hartu eta eta sendatzeaz gain, eta, ondorioz, hazkuntza hobetzen dute.
Europako Batasunean debekatua dago antibiotikoak animaliak hazteko erabiltzea, 2006ko urtarrilaz geroztik. Ez da hainbeste denbora, ezta? Beranduegi konturatu ziren?
Ez dut uste beranduegi denik. 1981az geroztik ari da arautzen Europako Batasuna hainbat sendagairen erabilera. Sendagai horiek garai batean aziendaren hazkuntzan erabili ziren, eragin hormonala zutelako edo hazkuntza sustatzen zutelako.
Abereetan ere asko areagotu omen dira antibiotikoekiko erresistentziak. Arlo horretan zein dira garapen kezkagarrienak?
Bakterio erresistentzien egokitzapen prozesu naturala da, baina areagotu egiten da antibiotikoak gaizki erabiliz gero —antibiotiko gehiegi hartzea, adierazitako jarraibideak aintzat ez hartzea…—. Horren ondorioz, baliteke bakterio erresistenteen infekzioak ohiko antibiotikoen aurrean ez erantzutea eta bigarren mailako antibiotikoak behar izatea —normalean, garestiagoak—. Horrela, luzatu egin daiteke pertsonak edo animaliak sendatzeko behar den denbora.
Agertu al da abereetan ere ia tratagaitz bihurtu den bakterio erresistenterik?
Ez dago ziurtasunik, nahiz eta badagoen kezka bakterio batzuek mikrobioen aurkako sendagaien aurrean duten erresistentzia altuaren inguruan. Horixe gertatzen da Campylobacter jejuni bakterioarekin; izan ere, oso erresistentzia altua atzeman da ziprofloxazina-ren aurrean.
Europako Batasuneko herrialdeen artean desberdintasun handiak omen daude kontu honetan.
Bai, desberdintasun handiak daude, baina ez dira garrantzitsuak. Datua da bakterio batzuek erresistentzia handia dutela antibiotikoen aurrean Europan. Bestalde, egia da horien ordezko bestelako antibiotikoak ere badaudela; izan ere, antibiotiko horiek ez dira eraginkorrak. Garrantzitsuena da oraindik orain ez dagoela zenbait antibiotikorekiko aldibereko erresistentzia duten [erresistentzia anitza] bakterioen tasa handirik. Bada, horrek horrela jarrai dezan, beharrezkoa da antibiotikoak modu egokian erabiltzea, hala animalien osasunean nola giza osasunean.
Nola gaude Euskal Herrian?
Euskal Herria ez dago mikrobioen aurkako erresistentzien arazotik kanpo. Gizakien antibiotiko kontsumoari dagokionez [erresistentzien eragile garrantzitsua], datu ofizialek batez besteko mailan kokatzen gaituzte, Europako beste herrialde batzuen aldean.
Horrela, administrazio eskudunek aspalditik monitorizatzen dute arazoa, eta esku hartzen dute profesionalei [medikuak eta albaitariak] eta herritarrei informazioa eman eta horiek sentsibilizatuz, substantzia horiek egoki erabil ditzaten.
Zer neurri hartzen dira abereetan antibiotikoen erabilera kontrolatzeko?
Abeltzaintza ustiategietan ikuskaritzak eta kontrol ofizialak egiten dira maiztasun jakin batekin, bermatzeko sendagaiak behar bezala erabiltzen direla animalien artean. Alde batetik, egiaztatu egiten da sendagaiekin batera albaitariaren errezeta dagoela eta bete egiten direla ezarritako tratamendu jarraibideak eta biltegiratze eta desagerrarazte baldintzak. Beste alde batetik, animalien eta ekoizpenen [esnea, haragia, arrautzak...] laginak hartzen dira, analizatzeko eta egiaztatzeko ez dagoela botiken hondakinik. Emaitza positiboa bada, ondorioak oso larriak izan daitezke, baita penalak ere. Euskal Herrian, esate baterako, hondakinak ikertzeko dagoen plan ofizialaren barnean, antibiotikoak behar ez bezala erabili direla uste denean egiten diren analisietan, emaitza positiboak erabat murriztu dira 1995az geroztik, eta ez da inolako emaitza positiborik egon azken lau urteotan.
Nola igaro daitezke gaitz horiek gizakiarengana? Zer neurri hartu behar dira hori saihesteko?
Bakterio erresistenteak zenbait bidetatik iristen dira gizakien artera: ingurumenaren bidez, bakterio horien jende eramailearekin kontaktua izanda, animalia eramaileekin kontaktua izanda, bakterio erresistente horiek dituzten elikagaiak edo ura kontsumituta...
Ez da ahaztu behar gakoa dela antibiotikoak zentzuz erabiltzea, hala gizakietan nola animalietan. Medikuek eta albaitariek badakite zein den egoera, eta geuk ere badakigu, pazienteak garen aldetik, zuhurtziaz jokatu eta automedikazioa saihestu behar dugula. Orobat, beharrezkoa da tratamendu antibiotikoak osatzea, gure medikuak aholkatzen duen bezala.
Nabarmendu nahi dut azken urteotan aurrerapen handia egin dela animalien ekoizpen sistemetan, ezagutza handiagoa dagoelako animalien fisiologiaz, mundu honetan aurrerapen tekniko handiak egin direlako, kontrolak daudelako eta abeltzainen profesionaltasunaren ondorioz. Horrek ekarri du animalien osasuna eta ongizatea nabarmen hobetzea, errendimendu hobea lortuz inolako substantziarik erabili gabe. Egoerak ez du zerikusirik orain dela 50 edo 60 urteko abeltzaintza ekoizpenarekin: orduan hasi ziren antibiotikoak erabiltzen animaliak gehiago hazteko; baina, sasoi hartan, gaur ez bezala, ez ziren ezagutzen erabilera horren ondorioak.