Fagor Etxetresnak, MCCren sorburu

jon olano
2013ko urriaren 16a
17:38
Entzun

Mondragon Kooperatibaren sorburuan bertan daude Fagor Etxetresnak. 1956an sortu zuten enpresa, eta Ulgor izena hartu zuen hasiera batean, sortzaileen inizialak hartuta —Luis Usatorre, Jesus Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, Jose María Ormaetxea eta Javier Ortubai—. Arrasateko lanbide eskolako ikasle ohiak ziren bostak, eta Gasteizko Otalora tailerra erosi zuten, hark jada bazuelako etxetresnak egiteko baimena.

Jose Maria Arizmendiarrieta zen eskolako zuzendari, eta haren laguntzaz, enpresa kooperatiba bilakatu zuten 1959an. Gasteizko tailerra Arrasatera eraman zuten, eta hortik aurrera hartu zuen Fagor izena.

Frankismo garai betean, Espainiako ekonomiak 1950ko hamarkadan izandako garapenaren ondorioz sortu zen Fagor, eta haren hedapenaren ondorioz sortu zen gaur egun MCC Mondragon Korporazio Kooperatiboa dena; 1959an jaio zen Euskadiko Kutxa, eta 1964an Eskola Politeknikoa. Kooperatibismoaren zabalkunde garai bete-betean, hurrengo urteetan sortu ziren Fagor Electronika, Fagor Ederlan eta Danobat.

Enpresa eredu hori egonkortu eta zabaldu egin zen 1970ko hamarkadan, eta ikerketaren arloari ekin zion MCCk; horrela sortu zen Ikerlan. 1980ko hamarkadan, ordea, Espainia Europako Elkarte Ekonomikoan sartzeak eraldatu egin zuen enpresen politika, ekonomia globalizatu batera egokitu beharra izan baitzuten. Eskualdeka antolatutako kooperatibak sektoreka hasi ziren elkartzen.

1990ko hamarkadan sortu zen Mondragon Unibertsitatea, enpresa taldearen eskulan beharrak asetzera bideratutakoa. Hamarkada horretan zehar jo zuen MCCk nazioartekotzera, aurreko hamarkadako aldaketen eraginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.