Ainara Gorostitzu. 'Hazi Hezi' aldizkariko arduraduna

«Familiek ere hezkuntzari buruzko materiala izateko sortu dugu aldizkaria»

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Hazi eta Hezi. Horixe da Hik Hasi argitaratzen hasiko den aldizkariaren izenburua. Oraingo honetan, ordea, ez da izango hezkuntzako profesionalentzat, baizik eta familientzat. «Familia ereduak eta egunerokoa aldatu egin dira, eta gaur egungo gurasoei ez die balio haien gurasoen ereduak seme-alabak hezteko. Horrek eragiten dizkien kezkak eta zalantzak argitu nahi ditugu», nabarmendu du aldizkariko arduradun Ainara Gorostitzuk (Ataun, Gipuzkoa, 1981). Gaur aurkeztuko dute aldizkaria.

Hazi Hezi aldizkaria argitaratzen hasiko zarete. Zein helbururekin?

Hik Hasi-k hamazazpi urte daramatza hezkuntzako profesionalei begirako materialak eta ekimenak sustatzen: aldizkariak, jardunaldi pedagogikoak... Irakasleak gero eta prestatuago zeuden heinean, ikusten zen familiek ere behar zutela materiala. Izan ere, eskolak eta familiek helburu bera dute: haurraren garapena eta heziketa. Horregatik sortu dugu aldizkaria.

Zein ikuspegirekin egin duzue aldizkaria?

Familia ereduak eta egunerokoa aldatu egin dira. Gaur egungo gurasoei ez die balio beren gurasoen ereduak seme-alabak hezteko. Eredu faltan daude. Ilobak edo bilobak hezteko garaian ere makina bat galdera sortzen dira, eta horiek erantzutea izango da aldizkariaren xedea. Ikuspegi integral batetik egingo da, haurrek dituzten behar guztiei erantzun ahal izateko. Gainera, nabarmendu nahiko nuke euskaraz ez dagoela halako aldizkaririk. Euskaraz eginda dago, eta Euskal Herriko errealitateari begira.

Aditu talde batek lagunduko dizue galderak erantzuteko ardura horretan, ezta?

Nik bitan banatuko nituzke: adituak eta arituak. Adituen artean denetik dugu: psikologoak, pedagogoak, pediatrak, homeopatak... Haien kontsultara iristen diren kezkak, zalantzak eta abar erantzungo dituzte. Arituak, berriz, familiak dira, eta haurrak hezterakoan dituzten zalantzak eta kezkak azalduko dituzte. Haien testigantzak ere bilduko ditugu. Erakutsi nahi dugu kasu askotan ondo egiten dituztela gauzak. Izan ere, gaur egun askotan jartzen da auzitan gurasoen lana haurrak hezteko orduan.

Hutsune bat al dago familia eta irakasleen arteko harreman horretan?

Beharbada, bai. Nik uste funtsezkoa dela tresna komun batzuk izatea, eta horretan ahaleginduko da aldizkaria. Tresna eta baliabide fidagarriak eta egokiak eskaini nahi dizkiegu. Aditu eta arituengana joan garenean aldizkarian parte hartzeko proposamena egitera, behar hori azpimarratu digute gehienek.

Jendeak gero eta kezka handiagoa al du haurren heziketaren inguruan?

Argi dago garai kritiko batean gaudela eta Espainiako Gobernuak hezkuntzan iragarritako murrizketek kezka eragin dutela. Oso zabalduta dagoen ustearen kontra, gurasoek kezka handia dute seme-alaben heziketaren inguruan. Gero eta gehiago pentsatzen du horretan. Zalantzak eta kezkak izatea garrantzitsua da, aurrera egiten lagunduko baitu. Zalantzak eta kezkak sortu badira, aurreko ereduak auzitan jarri direlako sortu dira.

Zein eduki jasoko dituzue lehen zenbakian?

Gai nagusia erditzeari buruzkoa izango da. Bi elkarrizketa ere egin ditugu, Laura Gutman psikopedagogoari eta Mursego biolontxelo jotzaileari. Erditzearen eta nerabezaroaren arteko garaiak jorratzen diren atal bat ere badago. Horrekin batera, kontsulten tarte handi bat dago. Adituek irakurleen galderak erantzuten dituzte.

Nola eskuratu ahalko da aldizkaria?

Harpidetza bidez, batez ere. Hiru hilean behin aterako da, eta urteko lau aleak hogei euroren truke eskuratu ahalko dira. Elkarren eta haren sareko liburutegietan ere salduko da. Hikhasi.com webgunean ere jarriko ditugu aldizkariko erreportajeak, elkarrizketak eta albisteak. Jendea animatu nahiko genuke harpidetza egitera. Oso tresna erabilgarria dela uste dugu, eta ezagutu ahala jende gehiagok erosi nahiko duela. Lehen zenbakia udal eta ikastetxe guztietara bidaliko dugu.

Hik Hasi-n beste lan batzuk egiten ere jarraitzen duzue, ezta?

Bai. Ohi bezala, uztailean izango dira jardunaldi pedagogikoak, eta horiek prestatzen ari gara. Orain arteko aldizkaria argitaratzen ere jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.