«Fase berrian, estrategia eta tresna berriak behar dira, ezinbestean»

Prozesu demokratikoaren alde idatzi dute Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacintok. Urriaren 17ko manifestazioan emandako erantzuna eskertu dute gutun baten bidez

Pello Urzelai.
2009ko azaroaren 8a
17:13
Entzun

Pello Urzelai

«Beste fase bat, beste estrategia batzuk, beste tresna batzuk. Horra hor Ezker Abertzalearen apustua, erreferentzia eta konpromisoa». Hori da espetxetik Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Arkaitz Rodriguezek, Miren Zabaletak eta Sonia Jacintok gutun baten bidez zabaldu nahi izan duten mezua. Aipatutako bost presook BERRIAra igorritako gutuna urriaren 25ean sinatuta dago, Estremerako (Madril, Espainia) espetxean. Otegi, Diez, Rodriguez, Zabaleta eta Jacinto joan den urriaren 13an atxilotu zituen Espainiako Poliziak, Garzon epailearen aginduz, ezker abertzaleko beste lau kiderekin batera (Rufi Etxeberria, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra). Hiru egun inkomunikatuta izan ondoren, Soto del Real espetxean sartu zituzten preso lehen bostak. Besteak aske gelditu ziren, batzuk bermepean. Handik gutxira, bost presoak Estremerako espetxera eraman zituzten. Espetxe horretan ez dago beste euskal presorik. Aste honetan, aldiz, Arnaldo Otegi berriz aldatu dute espetxez, oraingoan Navalcarneroko espetxera.

Atxiloketen ondoren gehiengo sindikalaren ekimenez antolatutako manifestazioa da gutunaren abiapuntua. Donostiako kaleetan emandako erantzunarekin poza sentitu dutela aitortu dute bost presoek. «Ederki erakutsi du [euskal gizarteak] nolako gaitasuna eta ahalmena duen aurre egiteko Estatuko botereek Euskal Herriarekin dituzten jarrera harroputz politikoki zigorgabeei». Manifestazio horretan agertutako salaketa, ilusioa eta indarra «ezin da urtu», eta «ezin da izan goiz bateko lore», ezker abertzaleko bost kideen ustez.

Fase berria

Dena den, gutunaren sinatzaileen ustez, «gizarte sektore aldarrikatzaile hori ezin da garatu bera bakarrik». Fase berri bat irekiko duten ekimenei ekin behar zaie. «Egin daiteke. Ezinbestekoa da. Eta, gainera Euskal Herria eskaka ari da; lehenbailehen nahi du». Gutunaren egileek argi daukate «jokaleku demokratiko bat» osatzea finkatu beharko litzatekeela helburu gisa, «Euskal Herriaren naziotasuna onartuta eta herritarren borondate demokratikoa errespetatuta, bidea zabalduz independentziaren aldeko estrategia bati». Helburu eta estrategia horietarako «beharrezkoak dira, ezinbestean, estrategia, konpromiso eta tresna politiko berriak».

Fase politikoaren eta estrategiaren argipena izenburuko txostenean prozesu demokratiko baten aldeko apustua berretsi dute Diez, Otegi, Rodriguez, Jacinto eta Zabaletak. Estrategia berria soilik herritarren atxikimenduan oinarritu behar dela diote. Horren aurrean, eragile guztiek erabaki estrategikoak hartzea ezinbestekotzat jo dute. «Ezker Abertzaleak alde bateko apustua egin behar du oraingo konfrontazio parametroak aldatzeko».

---

IRITZIA

Argazkia eta etorkizuna

Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta. Ezker abertzaleko kideak

Poz handia eman digu ikusteak nolako manifestazio handia egin zen Donostiako kaleetan, erantzun moduan, gu atxilotu eta kartzelan sartu gintuztenean. Horrek indarra eta kemena eman die gure gogoetei eta ideiei; bihoazkie, beraz, eskerrak Askatasunaren alde. Eskubide guztiak guztientzat leloarekin Estatuaren ekinaldi zapaltzaile horri erantzun zieten milaka eta milaka lagunei.

Poza sentitu dugu, ikusirik nolako erantzun antolatu itzela eman zaion sektore politiko independentistak zapaltzeko hamaikagarren saioari. Ereduzkoa izan da, ELA eta LAB buruan, gehiengo sindikalak eginiko deialdia, eta berriz ere begien bistan geratu da argazki sozial eta politiko bat, aspalditik atzendua baina, hala ere, gure herrian gehiengo soziologiko abertzale eta aurrerakoiak gogotik eskatua eta desiratua.

Operazio politiko-judizial askotan, pertsekuzio politikoaren barruan, akusatzea eta espetxeratzea ekarri dute atxiloketek, miaketek, inkomunikazioak eta bestek. Genozidio politiko hori egiten ari dira, aldian-aldian horrelako ekinaldiak antolatuz, guztiz bidegabe eta nahieran. Lehenik, helburu politikoa aukeratzen dute, eta, gero, akusatzeko argudioak lortu/sortu egiten dituzte. Ekinaldi horien gurpilak harritu egiten du euskal gizartea; izan ere, akusazio horiek, errealitatetik aparte, helburu bakarra izaten dute: egoera baldintzatzea, Estatuaren estrategiaren arabera heldu ahal izateko prozesu politikoaren oraingo faseari.

Orain, azkenean, euskal gizarteak modu masiboan erantzun du, esperantza pizteko moduan, egokiro interpretatu baita zein diren Estatuaren errepresioaren egiazko asmo politikoak. Horixe da gaur egungo egoeran garrantzitsuena, atzera begirako analisien traba gainditurik.

Euskal gizartea esnatu egin da, atzean utzirik inertzia, oker eta zehaztugabekeria batzuek eragindako lozorroa -eta inork ez luke/genuke ukatu behar oker horietan izandako erantzukizuna-. Ederki erakutsi du nolako gaitasuna eta ahalmena duen aurre egiteko Estatuko botereek Euskal Herriarekin dituzten jarrera harroputz politikoki zigorgabeei. Eta Donostiako kaleetan agertutako salaketa, indar eta ilusio hori guztia ezin da urtu, ez du urtu behar; ezin da izan goiz bateko lore, ez du izan behar. Aitzitik, ikusirik nolako pertsekuzioa egiten zaion euskal gizartearen sektore bati; ikusirik nola kriminalizatu nahi dituzten bata bestearen atzetik beste sektore politiko, sindikal eta sozial batzuk; ikusirik ezin konta ahala aldiz urratzen direla eskubide zibil eta politikoa... bada, euskal gizarteak segida eta sakontasuna eman behar dio gizarte mugimendu hedakor eta ideologikoki transbersal bati, askatasun demokratikoak eskatuz, Euskal Herriko herritar guztientzat eskubide zibil eta politiko guztiak eskatuz.

Estatuak, bere estrategian, zapalkuntza eta kriminalizazio arbitrarioak erabiltzen ditu euskal mapa politikoa baldintzatzeko eta bi ziklo politikoren arteko pasabide honetan prozesuaren bilakabidea kontrolatzeko. Horren aurka, Euskal Herriak erantzun egin behar du, askotariko ekimen masiboak eginez askatasun demokratikoen alde. Donostian argi geratu zen badagoela zerekin, badagoela modua oinarrizko konpromisoak hartzeko eta, batez ere, herritar abertzale eta aurrerakoiak eskatzen ari direla nolabaiteko bat etortze sozialak; hau da, gizartearen presioa eraginkorra izatea ekarri edo bultzatuko duten akuilu kolektiboak.

Beste fase bat, beste estrategia batzuk, beste tresna batzuk

Baina gizarte sektore aldarrikatzaile hori ezin da garatu bera bakarrik. Laster itoko litzateke, eta, berriz ere, alferrik galduko genuke horrelako ilusioa sortu duen mobilizazioaren balio eta ahalmen kuantitatiboa eta kualitatiboa. Beraz, gizartearen oldarra baliaturik, ezinbestekoa da bai ekimen globalei eta bai sektorekakoei ekitea, oraingo blokeoa hausteko eta beste fase politiko bati atea zabaltzeko. Egin daiteke. Ezinbestekoa da. Eta, gainera, Euskal Herria eskaka ari da; lehenbailehen nahi du.

Hurrengo fasean, nazioa askatzeko prozesuaren barnean, jokaleku demokratiko bat osatzea finkatu beharko litzateke helburu gisa, Euskal Herriaren naziotasuna onartuta eta herritarren borondate demokratikoa errespetatuta, bidea zabalduz independentziaren aldeko estrategia bati. Fase eta helburu horietarako, beharrezkoak dira, ezinbestean, estrategia, konpromiso eta tresna politiko berriak.

Askatze prozesuko fase horretan, Ezker Abertzaleak gidatu eta partekatu egin behar du estrategia bat; estrategia horrek oinarri bakarra izan beharko du: herritarren atxikimendua; gizarte indar abertzale, subiranista eta independentistak batzea eta martxan jartzea, aldaketa politiko eta sozialaren alde. Garai historiko honek estrategia eraginkorra eskatzen du, eta hori osatzeko, ezinbestekoa da modu demokratikoan egituratutako gehiengo politiko eta sozialetan oinarritzea. Hau da, euskal gizarteak izan behar du protagonista, bere indar eta antolamenduarekin, hartara aurrera egin ahal izateko aldaketa politikoaren bidean, prozesu demokratiko batean. Ez dugu inoren zain egon behar. Nazio proiektu bat definitu eta sendotu da frankismoaren ondoren trantsizioan inposaturiko konstituzio-estatutuen ereduaren kontrako borrokan; beste batzuk, ordea, saiatzen dira, blokeoaren bidez, proiektu horren alde soziopolitikoak, kulturalak, sinbolikoak eta beste ahultzen, baina ez dugu horien menpe ibili behar.

Prozesu demokratiko baten alde eginez gero, ezinbestekoa da eragile sozial eta politiko guztiek erabaki estrategikoak hartzea, salbuespenik gabe, hartara beste fase politiko horren oinarriak jarri ahal izateko. Alde horretatik, kontuan izan behar da oraingo blokeoan funtsezkoa den gai bat, hau da, oraingo konfrontazio parametroen aldaketa: hain zuzen, Ezker Abertzaleak apustu alde batekoa egin behar du horiek aldatzearen alde, eta hori osatu egin beharko litzateke eragile politiko, sindikal eta sozialen artean konpromiso eta hitzarmen taktiko-estrategikoak eginez.

Prozesu demokratikoa martxan jartzen denean egingo dugu aurrera eta bihurtuko dugu atzerabiderik gabeko bai askatasun demokratikoak ezartzea -gaur egun ukatuak, euskal herriaren borondate demokratikoa faltsutzeko- eta preso politiko guztiak askatzea, bai hitzarmen demokratiko bat definitzea eta erabakitzea -negoziazio politikoaren bidez-. Hitzarmen horrek, Euskal Herriaren borondatea errespetaturik, modua emango liguke euskal subjektu nazionala egituratzeko politika eta instituzio aldetik, eta, era berean, modua emango liguke aurrera egiteko independentzia eta sozialismoa lortzeko bidean, herritarren babes demokratikoarekin.

Eta batzeko eta martxan jartzeko estrategia progresibo horretan, ezinbestekoa da sokatira politiko honen ezaugarrietara egokitutako tresnak izatea. Ez gaude erresistentziako abagune batean. Ezin gara espekulatzen ibili mugimendu taktiko hutsekin, eragile politiko eta sozialen ibilbide espezifikoen eraginez. Oldar demokratiko bat osatu behar da, estrategia independentista baten oinarri politikoak -hau da, hitzarmen demokratikoa- jartzeko, mugimendu politiko etengabean den Europa batean.

Alde horretatik, subiranismo eta independentismoak bat egin behar du konpromisoetan, proposamenetan eta ekimen masiboetan, eta ekimen instituzionaletan ere bai. Independentismo eta subiranismo horrek aldatu egin behar ditu indar korrelazioak jokaleku politikoan eta, ondorioz, Euskal Herriaren eta Estatuaren arteko harremanak ere bai, aldi berean bultzatuz bestelako eredu ekonomiko eta soziala, herri gehiengo langilearen premia eta interesen araberakoa. Bateratzeko joera horrek eragina izan behar du esparru politikoan, sindikalean, sozialean eta kulturalean, bai nazioan eta bai tokian-tokian.

Beraz, bat egin eta indarrak bildu, eragin politiko eta sozialak areagotzeko. Beldurrik gabe, erabakiz sendoz eta anbizioz. Arrunt garrantzitsua izan da egindako bidea. Funtsezko etapa bat bete dugu, neutralizatu egin baitira Espainiako Estatuak Autonomia Estatuaren bitartez lortu nahi zituen helburu asimilazionistak. Orain, gehiengo demokratikoak egituratu behar dira, Euskal Herriarentzako bestelako esparru politikoa erabakitzeko, independentziaren bidean. Hori da fasea.

Beste fase bat, beste estrategia batzuk, beste tresna batzuk. Horra hor Ezker Abertzalearen apustua, erreferentzia eta konpromisoa. Euskal herria zain dago, erne, adi. Denok jakin behar dugu irrika kolektibo horren araberako neurria ematen. Taburik gabe, konplexurik gabe. Aurrera!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.