Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ez du arazorik izan gaur alarma egoera maiatzaren 24ra arte luzatzeko. EAJk alde bozkatu du Sanchezekin akordio bat lortu ostean. Jeltzaleek atzo aurkeztu zizkioten euren baldintzak, eta jaso dute onespena, EAJk baieztatu duenez. Hiru ziren baldintza horiek: koronabirusaren aurka hartu beharreko neurriak erkidego bakoitzarekin adostea, Eusko Legebiltzarrerako bozak eragozpenik gabe egin ahal izatea eta Trebiñun gertutasun irizpideak izatea.
«Albiste ona da erkidego bakoitzarekin adostea pandemiaren kontrako neurriak —adibidez, pertsonen zirkulazioari dagozkionak edo euste neurriak—, eta horiek erkidegokoetako presidenteek ezartzea; Euskadiren kasuan, Urkulluk», esan dute EAJk Kongresuan duen taldearen kontu ofizialaren bidez, gazteleraz. Hauteskundeez adierazi dute Espainiako Gobernuak «erraztu» egingo duela erkidegoetako parlamentuek hauteskundeetara deitu ahal izatea.
Azkenik, akordio horren arabera, Trebiñuk Arabako trataera jasoko du, «horrek bermatzen dituelako zerbitzurik onenak eta arretarik gertukoena», esan du EAJk.
Alarma egoera azken aldiz luzatu zenean, EAJk ohartarazi zuen hura izango zela azken aldia baldin eta Espainiako Gobernuak erkidegoei ez bazien ematen «agintzeko eskumen gehiago». PP abstenitu egin da azkenean. Pedro Sanchezek bart Ciudadanosekin ere egin du akordioa, eta alarma egoera luzatzea lortu dute.
EH Bilduk abstentziora jo du, aurreko bozketetan egin bezala. Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak esan zuen pandemiari «gertutik» erantzun behar zaiola, eta horregatik eskatu du autonomientzako indar handiagoa. EH Bildu zuzenketa bat prestatzen ari da, «isilpeko 155. artikulu hau azaleratu eta herri gisa funtzionatzeko».
10:00etan hasi da Espainiako Kongresuan alarma egoera maiatzaren 24ra arte luzatzeko plenoa. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esan du luto ofiziala deklaratuko dutela «estatuaren zati handiena lehenengo fasean dagoenean».
Sanchezen hitzetan, pandemiaren kudeaketan ez dago «asmatze absoluturik», baina «akats absolutuak» egon daitezke. «Orain alarma egoera altxatzea akats absolutu bat litzateke». Azaldu du «zuhurtzia eta arreta guztiarekin» bada ere, adierazleek erakusten dutela gaixotasuna kontrolatzen ari direla. «Honaino esfortzuarekin eta sakrifizioarekin iritsi gara baita tresna konstituzional eta legezko batekin ere, alarma egoera den bezala, eta azpimarratzen dut funtzionatu duela».
Konfinamendua arintzea «asimetrikoa» eta «kogobernatua» izango dela ziurtatu du Sanchezek. «Batera zuzenduko dugu Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoetako gobernuek, kogobernantzan, nahiz eta azken balioztatzeak Osasun Ministerioren eta birusaren eboluzioaren mende egongo diren». Erantsi du autonomia erkidegoetako gobernuek «paper protagonista» izango dutela konfinamenduaren arintzean. Nola egingo den ere azaldu du: fasez aldatu dezaketen lurraldeak proposatu beharko dituzte, hartuko dituzten neurriak azalduz eta osasun sistemaren azterketa estrategiko bat egin beharko dute. Gainera, zehaztu beharko dute erabakiak hartzeko «garrantzitsua» izan daitekeen edozein alderdi ekonomiko, sozial edo mugikortasunarekin lotura duena. «Osasun ministerioak proposamen bakoitza aztertuko du, eta erabakiak hartuko dira, ahal izanez gero adostuak».
Sanchezek alarma egoera mantentzeko beharra azpimarratu du. «Beste aste batzuetan murrizketa batzuk gure mugikortasunean eta jarduera ekonomikoan mantentzea behar dugu behin betiko gaixotasuna kontrolatzeko».
Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak euren baiezkoa azaltzeko erabili du hitzartzea. «Uste dut beharrezkoa dela gauzak eskutik emanda eramatea, koerabakiekin, hasierako zurruntasuna erkidegoek aldatzeko aukera utziz». Akordio bat bilatzen saiatu direla ziurtatu du, eta Sanchezi zuzendu zaio: «Uste dut agian fase guztiek ez dutela beharko alarma egoera».
Mertxe Aizpurua EH Bilduko Espainiako Kongresuko bozeramaileak nabarmendu du ez dela EH Bildu izango «alarma egoera erortzen utziko duena». Arrazoi «sinple» batengatik ez dutela egingo azaldu du: «Horrek ziurgabetasun gehiago erantsiko lizkieke dagoeneko herritarrek dituztenei».
Laguntza ekonomikoez eta sozialez ere aritu da Esteban. Juridikoki ez daudela alarma egoeraren menpean ziurtatu du. «Uste dut ez dela buru batean ere sartzen laguntza sozialak eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak desagertzea edo ez luzatzea ERTEak alarma egoera bukatzen denean». Hauteskundeak ere izan ditu hizpide. «Bigarren fasean 50 pertsona biltzeko aukera badago, nola ez dugu ziurtatuko bozkatzeko oinarrizko eskubidea?». Euren zuzenketaren gakoa zein den ere azaldu du Estebanek: «Kokudeaketa, kopartaidetza, gobernuak eskutik emanda joatea eta, batez ere, lurra ondoen ezagutzen duen autonomia erkidegoetako gobernu horiek, eurenak diren ahalmenen arabera, neurriak ezartzeko aukera izatea euren errealitatearen arabera, eta honek ez dezala suposatu gobernu espainiarraren aldetik eguneroko kontrol bat».
EH Bilduk abstentziora jo du, baina ez dela «txeke zuri bat» ohartaraziz. Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramaileak nabarmendu du ez dela EH Bildu izango «alarma egoera erortzen utziko duena». Azaldu du hori arrazoi «soil» batengatik dela: «Horrek eragingo luke ziurgabetasun gehiago gehitzea dagoeneko herritarrek dituztenei». Aizpuruak esan du ezin dela herritarren osasunarekin jokatu, eta «lehentasuna» izan behar duela. «Kritikoak» direla ziurtatu du, baina ez dituztela arriskuan jarriko pertsonak. Sanchezi entzuteko ere eskatu dio Aizpuruak: «Zuek zarete oposizioaren babesa lortu behar duzuenak eta ez alderantziz».
Aizpurua Sanchezi zuzendu zaio esanez badaudela beste modu batzuk alarma egoera kudeatzeko, eta euren proposamena azaldu du: «Autonomia erkidegoak izatea, beti tokiko erakundeekin eta eskualde mailakoekin koordinatuz eta kolaboratuz, konfinamendua arintzeko planak diseinatu, kudeatu eta garatu ditzaketenak, Osasun Ministerioarekin koordinatuz eta horiek balioztatuz».
Sanchezek alderdiei erantzuteko aukera izan du. «Espainia, Europarekin batera, berandu iritsi zen, baina lehenago jardun zuen, eta horregatik uste dut baldintza egokietan gaudela irteera estrategia hasteko», nabarmendu du. Estebani zuzendu zaio esanez prest daudela «batera ibiltzeko, koerabakitzeko eta kogobernatzeko», eta gobernua dagoeneko horretan ari dela.
Aizpuruari esan dio bere kritikak eta eskaerak gogoan hartu dituela. «Oso garrantzitsua da alarma egoera mantentzea, eraginkorrena da pandemia bat kudeatzeko». Hala ere, konfinamendua arintzeari buruz dituzten desberdintasunak ere azpimarratu ditu: «Ulertzen dut zure proiektu politikoak ez bat egitea Espainiako Gobernua izatea konfinamendua arintzea koordinatuko duena». Hala ere, erantsi du koordinazio hori bateragarria dela «koerabakiarekin eta kogobernagarritasunarekin». Zentralizazioari dagokionez, Aizpuruak esan dio «euskal gizarteak» ez duela inoren tutoretzarik behar, «adin nagusikoa» dela eta «amalgama sozial bat» osatzen duela gai den, fidagarria den eta baliabide intelektualak dituen jendearekin, eta badakitenak egoerei erantzuten. «Zuk esango didazu 'beste leku batzuetan bezala'. Bai, noski. Baina desberdintasuna da guri lapurtu egin zaigula osasun krisi honetan hobeto erantzuteko aukera».