Faxismoari eta arrazakeriari aurre egiteko «fronte zabal, bateratu eta iraunkorra» galdegin zuten atzo dozenaka lagunek Bilbon. Berriki sortutako Inoiz Gehiago Ez plataformak deituta, manifestazioa egin zuen mugimendu antifaxistak, Euskal Herria faxismo eta arrazakeriaren aurka lelopean. «Faxismoaren mehatxua gure herrian ere badago», ohartarazi zuten.
Europako hainbat hiritan atera zen atzo kalera faxismoaren aurkako mugimendua: Berlin, Paris, Bartzelona, Atenas, Kopenhage... Bilbon, Moyua plazatik abiatu zen: arratsaldean ateri eutsi zion, eta lasai ibili ahal izan zuten manifestariek Kale Nagusia, isilik ia denbora guztian. Plaza Biribila eta Arriagako zubia gurutzatu ostean, Zazpikaleetara sartu ziren, eta han egin zituzten aldarririk ozenenak: «Zuek, faxistak, zarete terroristak», «Faxismoaren aurka, borrokatu». Arriaga plazan amaitu zuten martxa.
Bertan irakurritako manifestuaren bidez, gogora ekarri zuten eskuin muturra gora egiten ari dela Europan: Frantzian, Herbehereetan, Grezian, Hungarian, Katalunian... Krisiari egotzi zioten, neurri batean: «Troikaren kapitalismo bortitzenaren inposizioen aurrean gobernuek duten konplizitatea ongarri gisa erabiltzen du muturreko eskuinak, populismoaren bitartez herritarrekin konektatzeko».
Diskurtso horiek «muturreko gorrotoa, arrazakeria, homofobia eta sexismoa» sustatzen dutela erantsi zuten, «faxismo klasikoak bezala»: «Hain dira muturrekoak, non kalean jarduten diren talde faxistak pertsonak hiltzeko prest ere badauden». Ildo horretan, Madrilgo neonazi batek 1998an hildako Aitor Zabaleta realzalea izan zuten gogoan, besteak beste.
Edonola ere, faxismoa erakundeetara heltzea saihesteko beharra nabarmendu zuten: «Fronte zabal, bateratu eta iraunkor batetik faxismoari eta arrazakeriari aurre egiteko garaia iritsi da. Ezin dugu beste alde batera begiratu».

Faxismoaren aurka «fronte bateratua» egitera deitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu