Zaborren kudeaketa. Zubietako errauste planta

FCCren taldearen esku

Aste honetako batzarrean erabakiko du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak zein enpresa talderi emango dion Zubietako errauste planta egiteko ardura; FCC buru duen taldeak abantaila du.

inaki petxarroman
Donostia
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ezusterik ezean, FCCk, Serbitzuk, Altuna y Uriak, Muriasek eta AE&E Inovak egingo dute Zubietako errauste planta. Talde horrek egindako proiektuaren balioeste teknikoak 394,34 puntu jaso ditu; beste taldeak egindakoak —Befesak, Galdianok, Antzibarrek, Thyssengroupek eta Novergiek osatzendute—, berriz, 350,36 puntu baino ez ditu jaso.

Bi hedabidetara filtratu ziren joan den astean emaitza horiek, eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko iturriek baieztatu dituzte datuak, baina ohartarazi dute oraindik ez dutela erabakirik hartu. Hain zuzen ere, ostegunean egingo du batzarra partzuergoak, azken erabakia hartzeko. Erabakitzeko, balioeste teknikoaz gain, enpresa bakoitzak egindako eskaintza ekonomikoa ere kontuan hartuko dute partzuergoko ordezkariek.

Joan den astean Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak gutun-azal zigilatuak zabaldu zituen, eta enpresa talde bakoitzak Zubietako errauste planta egiteko aurkeztutako eskaintza ekonomikoak zein proiektu teknikoak jasotako puntuazioa ezagutarazi zituzten. Hain zuzen ere, balioeste teknikoan puntuaziorik txikiena izan duen enpresa taldeak egin du eskaintzarik merkeena: 213,9 miloi euro. FCC buru duen taldeak, berriz, 223,4 milioi euroko eskaintza egin du. Partzuergoak 223 milioi euroan eskaini zituen Zubietako errauste plantaren lanak.

Zubietako errauste plantako lanak emateko prozesuak ika-mika sortu du. Hain zuzen ere, Aralarrek eskatu dio Carlos Ormazabal partzuergoko lehendakariari agerraldian azaltzeko zer prozedura jarraitu duten puntuazioa emateko. Izan ere, El Mundoegunkariak argitaratutako informazio baten arabera, Befesaren enpresa taldeak salatu du partzuergoa beste enpresa taldearen alde jokatzen ari dela. Hain zuzen ere, informazio horren arabera, partzuergoari ohartarazi zioten FCC buru duen enpresa taldeak ez dituela bete klausula agiriaren baldintzak, taldeko enpresa batek —AE&E Inovak— ez duelako fidagarritasun ekonomikoaren baldintza betetzen. Hala izanik, enpresa talde osoak lehiaketatik kanpo geratu behar zuela dio Befesaren enpresa taldeak. Partzuergoak ez du azalpen ofizialik egin oraingoz salaketa horretaz.

Bi enpresa talde horiek ez ezik, beste talde bat ere aurkeztu zen lehiaketara —Senerrek, LKS Ingenieriak eta Construcciones Amenabarrek osatutakoa—, baina segituan geratu zen kanpoan, fidagarritasun tekniko nahikorik ez zutelako erakutsi aurkeztutako proiektuan.

Hego Euskal Herriko hondakin gehienak jasotzeaz eta kudeatzeaz arduratzen da FCC. 12.700 milioi euroko fakturazioa du, eta Esther Koplowitz dirudun espainiarraren enpresa da. Besteak beste, FCCk kudeatzen du Zabalgarbiko errauste planta, eta Cementos Porlan Valderribas eta Cementos Lemonaren jabea da. Talde horretako beste enpresa nagusietako bat Serbitzu SL da. Horrek kudeatzen du A-8 autobidea. Xabier Agiriano EAJko kidea da enpresa horretako ordezkari nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.