Alderdiak

Felipe VI.aren mezua babestu du PSE-EEk

Idoia Mendiak bat egin du «instituzio demokratikoen aldeko mezuarekin», eta PPren jarrera kritikatu du.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO /FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko abenduaren 26a
11:55
Entzun

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta enplegu sailburuak Felipe VI.a Espainiako erregearen Gabonetako diskurtsoa babestu du, eta ziurtatu du «instituzio demokratikoen aldeko mezu lasaiarekin» bat egiten duela. Felipe VI.ak besteak beste prezioen igoeraz, bizikidetzaren hondatzeaz eta instituzioen higaduraz hitz egin zuen abenduaren 24an. Mendiak adierazi duenez, sozialistek «sintonizatu» egin dute mezuarekin. EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, berriz, ez.

«Krisiari eta azken urteetako tentsioei erantzuna emateko, instituzioei eta konstituzioari balioa eman behar zaie», nabarmendu du Mendiak. Izan ere, erregeak hainbat aldiz aipatu zuen Espainiako Konstituzioa bere hitzaldian. Mendiak uste du «estatuko arazo nagusia sistema politikoa arautzen duten konstituzio oinarriak ez ulertzea» dela. Horren harira, PPren jarrera kritikatu du: «Badirudi PPri zaila egiten zaiola ulertzea Konstituzioak hauteskundeez hitz egiten duela; batzuetan batzuek irabazten dute, eta beste batzuetan, beste batzuek». Eta azpimarratu du gehiengo berriekin parlamentuak, gobernuko presidentea jartzeaz gain, Auzitegi Konstituzionala ere aukeratzen duela.

Auzitegi Konstituzionala berritzeko prozesua lege proposamen bidez egitea «egokia» dela adierazi du Mendiak, denbora «aproposean» gauzatzeko aukera ematen baitu. Eta salatu du PP gobernuan dagoenean konstituzio organoak ez direla inoiz «garaiz» berritzen: «Beti saiatu dira hautetsontziek ematen ez dietena beste tresna batzuekin kontrolatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.