ETAren adierazpena. Erreakzioak

Fernandez Diaz: «Garaitua izan dela ohartu eta egitura desegin behar du»

EAJk ez duela «inori bere lan diskretuaren berri eman beharrik» erantzun die ETAk egindako kritikei

Hodei Iruretagoiena
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
ETAk atzo goizean Gara eta Naiz.info hedabideen bitartez kaleratutako agiriaren harira, hainbat erreakzio izan ziren egunean zehar. Besterak beste, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hitz egin zuten, baita alderdi politiko gehienek ere.

JORGE FERNANDEZ DIAZ

Espainiako Barne ministroa

«Onean edo txarrean, ETA desegin egingo da»

Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek Gobernuak espero duen agiri bakarra «baldintzarik gabe desegitearena» dela adierazi du. «Onean edo txarrean, ETA desegin» egingo dela esan du: «Onean, ETAk garaitua izan dela barneratu, eta armak entregatu eta bere egitura desegin behar duelako. Txarrean, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak etakideak atxilotu eta justiziaren esku uzten jarraituko duelako».

EUSKO JAURLARITZA

«Ez dago berritasunik»

Lehendakaritzatik adierazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak ez du «berritasunik ikusten» ETAren azen agirian. «Egoera politikoari buruzko eztabaida publikoan sartzeko ahalegin bat besterik» ez dela gaineratu dute.

JUAN LUIS SANCHEZ DE MUNIAN

Nafarroako Gobernuko bozeramailea

«ETAk hitz egiten jarraitze hutsa berri txarra da»

Nafarroako Gobernuko bozeramaileak agiria «adar jotze» bat dela esan du. Gainera, «ETAk hitz egiten jarraitze hutsa, berri txarra» da Barcinaren gobernuaren iritziz, «oraindik existitzen jarraitzeko apustua egiten duela esan nahi baitu».

EAJ

«Behin betiko amaiera, behin betiko amaiera da, eta ez dago azalpen gehiagoren beharrik»

EAJk ohar bidez jakinarazi duenez, ez du baloraziorik egin, «ETA ez duelako eragile politikotzat jotzen». Gainera, «jardunaren behin betiko amaiera, behin betiko amaiera» dela, eta «azalpen gehiagoren beharrik» ez dagoela dio. Alderdiari egindako kritiken aurrean, ez duela «bakea indartzeko egiten duen lan diskretuaren berri» inori eman beharrik esan du, «are gutxiago ETAri».

MARIBI UGARTEBURU

Ezker abertzaleko bozeramailea

«ETAk gizarteratutako jarrerak balio politiko sakona du»

ETAren azken agirian «baloratu beharreko» jarrera ikusi du ezker abertzaleak, behin betiko amaieraren «atzeraezintasuna berresten» eta «elkarrizketarako prestasuna» erakusten duelako. PP, PSOE eta EAJri, aldiz, bake prozesua «iraunkortzeko aukera historikoa zangotrabatzen» aritzea egotzi die. Iñigo Urkulluri «Aieteko edukietara itzultzeko eskari serioa» egin dio.

ALFREDO PEREZ RUBALCABA

PSOEko idazkari nagusia

«Politika antiterrorista hitzartua dago»

«[Raxoiren gobernuak] gauzak egiten ditu, eta ondo egiten du gauzak egitean». Horixe esan du Barne ministro ohiak, eta «politika antiterrorista hitzartua» dagoela gaineratuz ETAk «indarkeria utziko duen esperantza» ere agertu du Rubalcabak.

ANTONIO BASAGOITI

EAEko PPko lehendakaria

«Ez da elkarrizketarako mahairik behar»

Basagoitik dio ETAk egin behar duena «armak ematea» dela, eta ez agiriak kaleratzea. «Horretarako, ez da behar ez alderdien mahairik, ez nazioarteko konferentziarik, ez beste ezer». Behar dena da «ETA kontziente izatea ez duela inoiz independentzia lortuko».

PATXI ZABALETA

Aralarreko koordinatzaile nagusia

«EAJri lan nahikorik ez egitea leporatzea zalantzagarria da»

Jarduera armatuaren «behin betiko etena berrestea» eta «salbuespenik gabeko elkarrizketa aldarrikatzea» azpimarratu ditu Zabaletak agiritik. Hala ere, EAJri egindako kritikak «zalantzagarriak» direla adierazi du.

OSKAR MATUTE

Alternatibako koordinatzailea

« Aurrerapausoa da ETAk aitortzea protagonismoa herritarrek izan behar dutela»

Matutek positibotzat jo du «herritarrak bizi dugun gatazka politikoa konpontzeko giltza direla» ETAk berak aitortu izana. «Inoiz baino aukera gehiago daude bakea nagusi izango duen herria eraikitzeko», gaineratu du.

MIKEL ARANA

Ezker Anitzeko koordinatzaile orokorra

«Egindako mina aitortzeko aukera galdu du berriz ere»

Aranaren iritziz, ETAk «ardurak gainontzeko eragileen artean banatu ditu» berriz ere, baita «egindako mina aitortzeko aukera galdu» ere. «Behin betiko desegitea» da Aranak espero duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.