Fernandez Diazek berretsi du ez dela «elkarrizketarik» eta «inpunitaterik» izango

Gertatutakoari buruz «irabazle eta garaituen historia» idatziko dela nabarmendu du Barne ministroak

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Itxikerian tematuta jarraitzen du Espainiako Gobernuak, eta orain arte esandakoa berretsi du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak: «ETAren amaieran ez da elkarrizketarik izango, ez da inpunitaterik izango, ezta ekidistantziarik ere. ETAren amaiera irabazle eta garaituen historia da, hiltzaile eta biktimena, terrorista eta mehatxatutako hiritarrena». Biktimak lasaitzeko mezua eman zuen atzo Fernandez Diazek, Granadako Unibertsitatean, ETAk hildako Luis Portero fiskal zenaren omenez egindako VII. seminarioan. Etakideei ez dietela barkatuko esan du, behin eta berriz: «Jakin behar dute beti egongo dela estatu bat beraiek topatu, atxilotu eta justiziaren esku uzteko, beraien ekintza kriminalengatik ordain dezaten».

ETAren amaiera kudeatzeko,jarraitu beharreko hiru zutoin aurkeztu zituen Fernandez Diazek: batetik, «zuzenbide estatuaren defentsa», eta etakideak atxilotu eta justiziaren esku uztea; bigarrenik, «ekidistantzia eta ahanztura asmo guztien gainetik, gertatutakoaren egiazko kontakizuna zabaltzea»; eta, hirugarrenik, biktimei «etengabeko errekonozimendua eta derrigorrezko eskertza egitea».

Hark argi dauka, Espainiak ez du erakunde armatuarekin hitz egiteko ezer, eta, esandakoaren arabera, Frantziak ere ez. «Gobernua ez da negoziatzen ari, ez du negoziatu eta ez du inoiz negoziatuko ez ETA talde terroristarekin ezta beste taldeekin ere. Legearekin nahikoa eta soberan daukagu taldearen azken egiturak desegiteko». Behin eta berriz esan du horixe dela jarraitu beharreko estrategia, eta «inguruko estatuen hizkuntza» ere horixe dela nabarmendu du. Hala, bereziki azpimarratu eta eskertu du Frantziarekin duen elkarlana, «zorrotz» ari delako jokatzen, batez ere Manuel Valls Barne ministroa.

Legea aplikatu beharra behin eta berriz azpimarratze hori Espainiako Alderdien Legea goresteko ere baliatu zuen Fernandez Diazek: «Alderdien Legea ezinbesteko pieza izan da ETAren amaiera lortzeko». Lege horrek indarrean jarraitzen duela, eta EH Bilduri eta Sorturi ohartarazi die «legeari iskin egiten saiatzen badira» ez dutela lortuko, Poliziak gainean dituztela zer suman.

«Gatazkarik ez da izan»

Kontakizunarekin kezkatuta dago Barne ministroa ere, «historia manipulatzeko saioak» ikusten baititu: «Beraien bertsioa inposatu nahi dute». Bertsio hori «errealitatea ulertzeko gaitasun faltan» oinarrituta dagoela dio, baina gaineratu du ez dutela onartuko hura gailentzea: «Haien krimenak garaitu ditugun irmotasun berberarekin garaituko dugu orain manipulatutako errealitatearen bertsioa».

Espainiako Gobernuaren bertsioa nagusi izango dela iragarri du, eta bertsio horretan gatazkaren existentzia bera ere ukatuko dela: «Espainian ez da gatazkarik izan, ezta borroka armaturik ere. ETAko inor ere ez da gerturatzen, ezta urrutitik ere, soldaduen duintasunera, eta inork ez du merezi utopia baten defendatzaile moduan ikusterik. Terroristak heriotzaren enbaxadore izan dira, mina sortzen adituak, eta Espainiako historiaren orrialde tristeenetako baten protagonistak. Heriotza eta mina besterik ez dute ekarri, hori guztia ezerezaren truke». Kontakizunean erabiliko den hizkuntza zorrotz zainduko dutela esan du, eta azpimarratu du ez dutela «gatazka, preso politiko, gatazka armatu, separatismo, bake prozesu eta bestelako delirio politikorik» onartuko. Hori ezinbestekotzat jo du «duintasunez» amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.