Fernandez Diazek dio gobernuak ez duela ezer hitzartuko ETArekin

Konponbidearekin konprometitzeko eskatu eta bere «bide orria» azalduko dio gaur Basagoitik Raxoiri

Erredakzioa
2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren arabera, Espainiako Gobernuak ez du ezer hitzartu ETArekin, eta ez du ezer negoziatuko. «Errealitatetik urrun dago ETArekin ezer hitzartuko dugula edo hitzartu dugula uste duena; hori argi utzi behar da». Modu horretan erantzun dio Fernandez Diazek Vocento taldeko egunkariek atzo argitaratutako informazioari. Komunikazio talde horren arabera —ez du iturri zehatzik aipatzen—, ETAren asmoa litzateke Espainiako Gobernuarekin hitzartzea «armagabetzearen eszenifikazioa». Hortik abiatuta, gatazkaren alor teknikoak deiturikoak konpontzeko —biktimak eta presoak— «mahai sekretu bat» eratuko lukete bi aldeek.

El Correo egunkariaren arabera, «bide ez zuzenetatik» saiatzen ari da ETA akordio hori lortzen, eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeak zein Nazioarteko Egiaztatzeko Batzordeak proposamen horren berri izango lukete. Era berean, informazio horiek diote Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak mugimenduak espero dituela ETAren aldetik. Fernandez Diazek, baina, ukatu egin ditu informazio horiek, eta berretsi egin du «ETA desegin arte» Espainiako Gobernuak ez duela urratsik egingo. «Nahi dena esan daiteke, adierazpen askatasuna dagoelako, baina, egia esan nahi bada, ez esan Gobernuak erakunde terrorista batekin ezer hitzartu duela edo hitzartuko duela, hori ez duelako egin eta ez duelako egingo», nabarmendu du Barne ministroak.

Madrilen eginiko prentsaurreko batean eta kazetarien galderei erantzunez egin ditu adierazpenok Fernandez Diazek. Espainiako Gobernuko Barne ministroak orain arteko jarrerari eutsi dio, eta nabarmendu du ETA desagertu arte Espainiako poliziek «euren lana» egiten jarraituko dutela. «Legea betetzen jarraituko dugu; gobernuak ez dauka beste bide orririk. Hori hala dela erakusten dute azken atxiloketek».

ETAren armagabetzearen gaia, baina, Fernandez Diazek berak jarri zuen mahaian duela bi aste: adierazi zuen «Euskal Herriko zelai batean arma batzuk ikustea» modu egoki bat izango litzatekeela desarmea bistaratzeko.

Joan den asteko ostiralean, berriz, Frantziako Poliziak ETArena izan litekeen arma gordelekubat aurkitu zuen Capbretongo etxe batean (Landak, Frantzia), eta Espainiako Barne Ministerioak berehala baieztatu zuen informazio hori. Gaineratu zuenez, han aurkitutako armak —ehun inguru— aspaldi ezkutatu zituen ETAk.

Raxoi eta Basagoti, gaur

Aurretik Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearekin eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin egin bezala, Maraino Raxoik Antonio Basagoiti hartuko du gaur eguerdian Moncloako jauregian. Alderdi horretako iturriek aurreratu dutenez, gatazkaren konponbidearekin «konprometitzeko» eskatuko dio EAEko PPko presidenteak Espainiako gobernuburuari, eta horretarako «bide orri bat» proposatuko dio. Jakinarazi dutenez, Basagoitik Raxoiren «onespena» jaso nahi nahi du gai horretan «EAJrekin eta PSErekin bat egiteko»; asmoa litzateke ezker abertzaleak «gidatu asmo duen agendari aurre egitea».

Herenegun kaleratutako prentsa ohar batean, ezker abertzaleak salatu egin zuen Basagoitirenproposamen «baztertzailea». «Ez du inolako zentzurik, eta gaindituriko eskemetara garamatza». «Basagoitik Raxoiri azaldu beharko lioke euskal jendartearen gehiengo zabalak elkarrizketa politikoaren bidez gatazka politikoa behin betiko gainditzeko konpromisoa, ardura eta maila eskatzen dizkigula eragile politiko guztioi».

Halaber, Euskal Herriko errealitate politiko eta sozialaren inguruko «azalpen zintzoa eta sinesgarria» emateko eskatu dio Basagoitiri. Ezker abertzalearen arabera, Espainiako gobernuburuari azaldu beharko lioke euren alderdia «bakarrik eta bakarturik» geratu dela, «immobilismoaren lubakian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.