Fernandez Diazek esan du eutsi egingo diotela euskal presoen sakabanaketari

Barne ministroak «bateraezintzat» jo ditu presoak gerturatzea eta banakako gizarteratze neurriak hartzea

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan du presoen sakabanaketa «beharrezkoa» dela «erakunde kriminal bateko kide direnak gizarteratzea lortzeko». Barne ministroaren iritzian, ETAk presoengan eragiteko aukera txikiagoa du sakabanaketa politikaren bidez. Fernandez Diazek«bateraezintzat» jo ditu euskal presoen Euskal Herriratzea eta legeak jasotzen dituen banakako gizarteratze neurriak: «Banakako damuaren bidea itxiko litzateke presoak Euskal Herrira gerturatuta». Egungo espetxe politika tresna «egokia» dela uste du: «Konstituzioaren irizpideei jarraiki, pertsonak gizarteratzeko bideratuta daude kartzela zigorrak».

Hori dela-eta, Espainiako Gobernuak indarrean dagoen espetxe politikari eutsiko diola azaldu du Fernandez Diazek.«Presoek legearen baldintza guztiak bete beharko dituzte espetxe onurak jaso nahi badituzte». Barne ministroak nabarmendu du Gobernuak hartuko dituen neurri guztiak «etakideek biktimei barkamena eskatzera» bideratuko dituztela: «Langraizko bidea deiturikoa bultzatuko dugu; legezkoa delako eta Espainiako konstituzioaren izpirituari ondoena egokitzen zaion sistema delako». Bestalde, adierazi du Espainiako segurtasun indarrak orain arteko jarrerarekin arituko direla ETAren aurka: «Sendo jarraituko dugu, ETAk behin betiko armak utzi arte».

Urkijoren deia, «erne» egoteko

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren ustez, berriz, oraindik «jazarpen etengabe» bat egin behar zaio ETAri: «Desagerrarazi egin behar dugu, armak behin betiko kendu; haien borondatez ez bada zuzenbide estatuarenarengatik». ETAk azkenaldian atentaturik egin ez izana «ospatzekoa» dela uste du Urkijok, baina oraindik «erne» egoteko deia egin du: «ETA desegin arte zuhurtziaz jardun behar dugu. Segurtasun indarrak hipotesi txarrenetan pentsatuta ari dira lanean». Onda Cero irratiak eginiko elkarrizketa batean esan zituen hitz horiek Urkijok.

Igaro den ostegunean Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Eusko Legebiltzarrean aurkezturiko proposamenaren inguruan ere mintzatu zen gobernuaren EAEko ordezkaria: «Bakegintza eta elkarbizitza eraikitzeko egitasmoak bultzatzea ongi dago, baldin eta ETA garaitzekobada, eta haien aldekoentzat bozgorailua ez bada». Ezker abertzaleak egitasmo horietan parte hartzearen aurka agertu zen Urkijo.

Sorturen auziaz galdetuta, berriz, «gehiago edo gutxiago gustatu», Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalaren erabakia errespetatuko dutela erantzun zuen Urkijok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.