Espainiako Gobernuak aitortu egin du «zaila» izango dela ETAren jarduna dela-eta Euskal Herritik joan ei diren herritarrek botoa ematea Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta nabarmendu du gobernuaren asmoa ez dela bozak baldintzatzea. Hala ere, «borondate osoa» agertu du egitasmo horrekin aurrera egiteko, adituek erabakiz gero posible dela aldaketa hori egitea.
Hala adierazi du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Bizilekua eta bozkatzeko eskubidea. EAEko kasuaren azterketa izeneko jardunaldian. Espainiako Gobernuak hauteskunde zuzenbideko hainbat aditu bildu ditu, aztertzeko zer aukera dauden hauteskunde legea aldatzeko.
Barne ministroaren hitzetan, legea aldatzeak lotura dauka «terroristek askatasunik gabe utzitakoei eman beharreko ordainarekin eta justiziarekin». Era berean, Fernandez Diazek adierazi du gobernua ez dela pentsatzen ari hurrengo hauteskundeetan, hori «zekenkeria» litzatekeelako. Barne ministroak azaldu duenez, gobernuak «eztabaida lasai bat» nahi du, «atzerriratuen» egoera konpontzea delako bere «helburu bakarra».
Eusko Jaurlaritzak ere «zailtasun asko» ikusten ditu proposamenean. «Zailtasun juridikoak eta politikoak», adierazi du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, Eusko Legebiltzarreko korridoreetan eginiko adierazpen batzuetan. EAEko PPk, berriz, gobernuari eskatu dio aurrera egin dezala proposamenarekin. Anton Danborenea legebiltzarkidearen arabera, «zuzenbidezkoa» izan beharko luke «talde terrorista batek kanporatutako herritarrek beren herrian botoa emateak».
Fernandezek dio ez dituztela bozak baldintzatu nahi
Barne ministroak aitortu egin du «zailtasunak» daudela «atzerriratuek» botoa eman dezaten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu