Fernando Legarda (Ingeniaritza Nuklearreko katedraduna): "CSNk esaten badu Garoña segurua dela, zentrala segurua da"

urtzi urkizu
2014ko otsailaren 25a
08:24
Entzun

Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko irakaslea da Fernando Legarda (Bilbo, 1952). 30 urte daramatza irakasle. Ingeniaritza Nuklearreko katedraduna da. Energia nuklearra segurua dela nabarmendu du, eta Garoña ixteko arrazoia ez dela hori. Errentagarritasunean ikusten du gakoa.

Energia nuklearraren aldeko eta kontrako ahotsak daude. Zer iritzi duzu zuk?

Zentral nuklearrak oso ahalmen handiko energia iturria dira. Energia iturri garbia eta segurua, gainera. Kontuan hartzen badugu energia hori merkea ere badela, ondoriozta dezakegu energia hornikuntza orokorraren parte garrantzitsua direla.

Espainian dauden zentral nuklearrak seguruak al dira?

CSN Segurtasun Nuklearrerako Batzordea Espainiako Gobernutik independentea da, eta Espainiako Gorteen menpe dago. Helburutzat du zentral nuklearren funtzionamenduaren segurtasuna bermatzea. Iruditzen zait zentralen funtzionamenduan zaintza zorrotza dagoela. Espainiako zentralen segurtasun maila munduko handienetakoa da.

Garoñako zentrala berriro zabaltzeko aukera eman du Espainiako Gobernuak dekretu baten bitartez. Zein da Garoñaren egoera?

Beste hamar urterako ustiakuntza baimena eskatu zenean, CSNk txosten bat egin zuen. Han esan zuen Garoña erabat segurua dela eta ez duela hobekuntzarik behar segurtasunez funtzionatzen jarraitzeko. Txostenaren arabera, baina, batzordeak exijitu zion zentralari hobekuntza batzuk egiteko, azken belaunaldiko zentralen mailan egoteko. CSNk ikertu du zentrala sakontasunez, eta segurua dela esaten baldin badu, segurua da. Zentralaren funtzionamenduak ez dit zalantzarik sortzen.

Gasteizko Udala, Arabako Biltzar Nagusiak eta Eusko Legebiltzarra Garoña behin betiko ixtearen alde azaldu dira. Zergatik daude hainbeste ahots bide berean?

Benetako arrazoia ez dakit. Arrazoi teknikorik behintzat ez dago Garoña betiko ixteko eskaera babesten duenik. Pentsatzen dut arrazoi sentimentalak egon daitezkeela tartean, politikarekin zerikusia dutenak.

Segurtasun aldetik, beraz, ez al luke arazorik eragingo Garoñak?

Legedia aldatu zenean testuinguru ekonomikoa aldatu zen. Eta orduan ondorioztatu zuten zentrala ez zela ekonomikoki errentagarria. Enpresa pribatu baten esku dago zentrala. Horrenbestez, ez bada errentagarria, ezin du funtzionatzen jarraitu. Horiek izan ziren emandako arrazoiak. Besterik ez. Batzorde araugilearen arabera, zentrala segurua da arazorik gabe funtzionatzeko. CSNk, gainera, zorrotz zainduko du zentralaren funtzionamendua, horretarako baitago.

Europako beste herrialdeetan zer erabaki ari dira hartzen energia nuklearraren inguruan?

Alemaniak energia nuklearra alde batera uztea erabaki zuen, eta industriako sektore batzuk ez daude ados horrekin. Erresuma Batua programa nuklear berri bat ari da lantzen. Finlandian beste zentral nuklear bat ari dira eraikitzen. Eta Suedian zentralen baimenak berritzeko eskaera egin diote gobernuari. Europako Batasunean, energiaren %20k du jatorri nuklearra. Espainia batez besteko horretan dago.

Fukushimako (Japonia) zentral nuklearraren istripua gertatu ostean, areagotu egin dira zentral nuklearren aurkako ahotsak.

Fukushimako istripuak energia nuklearraren aurkako ahots batzuk berpiztea ekarri du, bai. Fukushimako egoera berezia da. Ezohiko lurrikara batek sorrarazi zuen istripua. Eta akats handia egon zen, japoniarrek lurrikarak sor zitzakeen ondorioei ez zietelako aurretik aurre egin. Dena den, aipatu behar da Asian, Jordaniatik Txinara bitartean, zentral nuklearrak masiboki ari direla eraikitzen. Horrek erakusten du energia nuklearra oso interesgarria dela herrialde batzuentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.