Bokaleko (Lapurdi) Fertiladour enpresako langile ohiei eta Baionako portuko auzokideei izurrite azterketa egiteko eskatu dio Akitaniak Frantziari. Akitaniak Fertiladour-Agriva enpresaren zortzi hektareako eremua erosi nahi izan zuen bertze xede baterako. Alta, lurraren ikerketa egin zutelarik, emaitzek erakutsi zuten legeak onartzen duena baino erradioaktibitate handiagoa zeukala eremuak.
1973tik aurrera Fertiladour enpresan ekai erreaktiboekin kontaktuan izan ziren langileen babes neurriak ez betetzea leporatzen diote familiek enpresari, eta auzitara eraman dute. Frantziako Estatuari leporatzen diote ez aztertzea prefetak indarrean ezarritako arauak betetzen ziren edo ez. Kontseilu Nagusiak Fertiladourreko langile ohien senideek eta ingurumenaren aldeko elkarteek egindako eskaria bere egin du, eta Frantziari eskatu dio lantegiaren eremuan dauden lur erradioaktibo guztiak kentzeko. Eremu horren garbiketa sakona egiteko eskatu dio.
Bizilagunen osasunak lehentasuna duela azpimarratu ondoren, gogorarazi du Baionako portuak eremu hori baliatzeko xedeak osatu dituela. Xede horiek gauzatu ahal izateko, ordea, eremu osoa garbitu behar da lehenik.
Fertiladour auziari lotuta, izurrite azterketak nahi ditu Akitaniak
Agriva-Fertiladour enpresak Baionako portuan baliatu zituen lurrek oraindik erradioaktibitatea dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu