Greenpeacek azken hilabeteetan egindako salaketa aintzat hartu, eta Garoñako zentral nuklearrak Ebro ibaian duen eraginari buruz ikerketa abiatu du Fiskaltzak. Ura baimendutakoa baino gehiago berotzen ote duen argitu nahi du. Greenpeacek nuklearrei buruzko auzietarako daukan ordezkariak, Carlos Bravok, BERRIAri jakinarazi dio baietz, Zaragozako fiskala ari dela auzi hori aztertzen. Talde horren arabera, Garoñak 15 gradu berotzen du Ebroko ura —gehienez ere hiru berotzeko baimena dauka—. Fiskalak esku hartuta, gaia auzitegira heltzea espero du Bravok. «Egiten dutena ez baita legezkoa», ohartarazi du.
Garoñaren ardura duen enpresak berak, Nuclenorrek, zabaldu zion susmoa egiteko bidea Greenpeaceri. Zentrala 2013an ixteko erabakiaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalera jo zuen enpresak, eta kasuan aurkeztu zen talde ekologista ere. Auziko txostenak eskuratzeko modua eman zion horrek. «Horien artean bazen bat Espainiako Ingurumen Ministerioarena. Han ageri zen hozteko arazoak dituela Garoñako zentralak», azaldu du Bravok. «Eta ohartu ginen horretan ez genuela arretarik jarri ordura arte».
Informazio bila hasi ziren orduan. Ebroko Ur Konfederaziora jo zuten. «Halako batean erantzun ziguten: konfederazioak berak ez duela kontrolik egiten, Nuclenorrek egindakoak erabiltzen dituela». Hori nola litekeen galdetzen du oraindik ere Greenpeaceko ordezkariak. Areago, ordea: «Zentzurik gabeko txostenak dira Nuclenorrenak. Garoñatik ura sartu baino hotzago irteten dela diote. Erabat ezinezkoa da hori».
Tenperatura neurtzea erabaki zuten, benetan zer gertatzen den ikusteko. Otsailean egin zuten proba. Emaitza: Garoñan sartu baino lehen 5,3 gradu zituen urak, eta irteterakoan, 21. 15,7 graduko aldea, gehienezkoa hirukoa bada ere. Zentral nuklearraren eragina dela bistakotzat jo zuen Greenpeacek. «Zalantzarik ez dago: beste proba bat egin genuen maiatzean, Garoña geldirik zegoela, eta diferentzia ez zen hainbestekoa; abuztuan beste bat egin, martxan zela, eta berriro bistaratu zen eragina».
Konfederazioaren ardura
Ikerketaren emaitzak aurkeztu zituzten jendaurrean, eta jakinaren gainean jarri zuten Ebroko Ur Konfederazioa. «Erantzunik ez ziguten eman. Hedabideetan esan dute ez dela ezer gertatzen hiru gradu baino gehiago berotuta ere. Alegia, legea ez betetzea babestu egin dute», salatu du Bravok. Nuclenorrek ez du Greenpeaceren ikerketa ontzat jo, «lerratutakoa» dela iritzita; legea betetzen duela nabarmendu du enpresak.
Ingurumen Ministerioari ere eman zioten ikerketaren berri. Erantzunik ez dute izan, baina Bravok dio Espainiako Gobernua bera ere egoeraren jakitun dela. «Ez dituzte gezurtatu gure datuak». Ordea, nola inork ez baitzituen aintzat hartzen, Fiskaltzaren esku utzi zuten informazioa. Zaragozakoak hartu du ardura bere gain: kasua ikertzeko agindu du, Garoñako zentralak Ebroko ura baimendutakoa baino gehiago berotzen ote duen argitzeko.
Greenpeacek ziurtzat jo du behar baino beroago dagoela ibaiko ura, eta datuak ziurrak direla nabarmendu du Bravok; enpresa aditu batek egin zituen neurketak. Orain beste bi urrats egin nahi dituzte. Batetik, Ebroko Ur Konfederazioaren aurka egitea dute xede, hark duelakoan egoera horren ardura: «Badakite eta aitortzen dute Garoñak ez duela betetzen legea, baina ez dute ezer egiten. Kutsatzea babesten ari dira», salatu du ordezkariak. Bestetik, ibaian sortutako kalteen berri izan nahi dute; Sobron lakuan izango dira handienak: «Arrainak hilik agertzen dira, eta ohikoak ez diren espezie batzuk daude».
Fiskaltzak hasitako bideak segida izango duela ziur da Bravo. «Aukerak badaude epaiketara iristeko. Azkeneraino jarraituko dugu guk ardura eske». Fiskalak eskuan ditu taldearen ikerketak.
Garoñako zentral nuklearra 2013an ixteko agindua emana du Espainiako Gobernuak. Ordea, PPk esana du segitzearen aldekoa dela. Faboritoa da bozetarako.
Fiskala ikertzen ari da baimendu baino gehiago berotzen duen Garoñak Ebro
Greenpeaceren salaketa batengatik zabaldu dute eginbidea; taldeak dio 15 gradu berotzen dela ura zentraletik pasa eta gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu