Emakumeen aurkako indarkeria

Fiskalak baieztatu duenez, senarrak hil zuen emaztea Urruñan

Gizonezkoak gero bere buruaz beste egin zuen, etxeko igerilekuan. 60 urteko emakumearen gorpua etxeko ganbaran aurkitu zuten, aurpegian zauriak zituela. Senarrak gutun bat utzi zuen, eta han azaltzen ditu hilketaren arrazoiak.

2008ko irailaren 3a
14:39
Entzun
Atzo goizean bi pertsonen gorpuak atzeman zituzten Urruñako (Lapurdi) etxe batean, eta Frantziako Poliziak zeukan ustea baieztatu egin da gaur: gizonezkoak emaztea hil egin zuen, eta gero bere buruaz beste egin zuen. Senar-emazteak ziren. Baionako fiskalak jo du baieztatutzat gertaera. Izan ere, senarrak gutun bat utzi zuen etxean, eta han azaltzen ditu hilketaren arrazoiak.

60 urteko emaztearen gorpua bere ganbaran agertu zen, lurrean. Ondoan mailu bat zeukan. Lehen ikerketen arabera, emaztea itorik hil zela adierazi du Poliziak, estrangulaturik. Aurpegian zauriak zituela jakinarazi du prokuradoreak. Gizonezkoaren gorpua, aldiz, igerilekuan agertu zen. Soinean pisu handiko kirol poltsa bat zeramala jakinarazi du prokuradoreak. Itorik hil zela azaldu du, baina uretan. Elementu horietan oinarriturik, gizonak emaztea hil eta ondoren bere buruaz beste egin duela da ikerketa hipotesi nagusia, Poliziaren arabera. Atzo gauean bi gorpuei autopsia egin behar zieten heriotzen tenorea eta arrazoiak finkatzeko.

Ezagunak Urruñan

Bi hildakoak pertsona ezagunak ziren Urruñan, Ortuzar familiakoak. Sendi horrek atzerrirako bidea hartu zuen Franco diktadorearen garaian, eta hildakoek naziotasun bikoitza zeukaten, Erresuma Batukoa eta Espainiakoa. Madrilen bizi ziren baina bigarren etxebizitza zeukaten Urruñan. Egonaldi luzeak egiten zituzten Lapurdin. Joan den igandean meza entzuten egon zirela adierazi zuena atzo herritar batek, ezin sinetsiz gertatutakoa.

Aurten genero indarkeriaren ondorioz hildakoak

Aurten hiru emakume hil dira Euskal Herrian ustez gizonezkoek erasota. Urtarrilaren 18an, Tatiele de Sousa Neres; uztailaren 7an, Nagore Laffage, eta abuztuaren 15ean, Estibalitz Angulo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.