Sekula ikusi gabeko irudia izan da gaur EAEko Auzitegi Nagusian, Bilbon: Eusko Jaurlaritzako lehendakari bat (Juan Jose Ibarretxe) akusatuen aulkian eseri da lehen aldiz. Ez hori bakarrik. Euskal gizarteko esparru politiko nagusietako ordezkariak ere hasi dira epaitzen: PSE-EEkoak eta ezker abertzalekoak. Zergatik eta, elkarrizketa politikoak egin izanagatik. Hiru aste iraungo du epaiketak. Hain zuzen, gaur 9:30ean zen hastekoa. 9:43an hasi da.
Berehala, Maria Angeles Montes fiskalak eta Jone Goirizelaia ezker abertzaleko akusatuen abokatuak epaileei epaiketa bertan behera uzteko eskatu diete, kasuan akusazio partikularrik ez dagoelako (herri akusazioa baino ez dago: Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia). Botin auzia aipatu dute biek -prozedura laburretan herri akusazioaren eskaerarekin bakarrik ezin dela ahozko epaiketarik agindu ebatzi zuen kasu horretan Espainiako Auzitegi Gorenak-. Jose Antonio Subinas, Juan Carlos Benito-Butron eta Manuel Diaz Rabago dira epaileak.
Goirizelaiak beste bi argudio ere erabili ditu: ezker abertzalekoen kontrako froga bat falta dela eta lau auzipetu kartzelan daudela-eta epaiketa prestatzeko zailtasunak dituztela.
Felix Rojo PSE-EEko kideen abokatuak ere epaiketa bertan behera uzteko eskatu du, akusazioaren "zilegitasuna" zalantzan jarri duelako.
Ibarretxeren abokatu Mikel Casas ados azaldu da haiekin, baina argitu du aurreko hilabeteetan kasuaren artxiboa eskatu izan duten arren, gaur eskaera hori erretiratu egin dutela. Izan ere, epaiketa egin eta "irabazi" egin nahi dutela adierazi du. "Elkarrizketa edo kartzela dio herri akusazioak. Guk elkarrizketa edo elkarrizketa diogu", esan du Casasek.
Akusazioak bereari eutsi dio.
11:30etik 12:00etara etena egin dute, Diaz Rabagok aginduta. 13:50ean bukatu dute saioa, epaiketako aurrena, eta astelehenera artean eskaerak deliberatuko ditu epaimahaiak. 9:30ean izango dute hitzordua astelehenean.
Hain zuzen, akusatuen aulki berean daude Ibarretxe lehendakari eta lehendakarigai jeltzalea, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigai sozialista, Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkaria, eta Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena eta Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko kideak -azken lauak preso daude gaur egun-.
8:30ak aldera hasi da auzitegi aurrean eta inguruetan jendea biltzen. Bertan zeuden Eusko Jaurlaritzako kontseilariak, EAJko karguak -Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea buru zutela-, Jose Antonio Ardanza Jaurlaritzako lehendakari ohia, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Xabier Agirre Arabakoa, EAko arduradun batzuk, EBkoak, Aralarkoak, ezker abertzaleko 150 bat lagunek elkarretaratzea egin dute...
Ibarretxe bera 8:50ean heldu da, Begoña Arregi emaztearekin eta Eneritz alabarekin. Lopez eta Ares 9:20 aldera ailegatu dira, alderdikide gutxi batzuek lagunduta. Otegi 9:25ean iritsi da -harekin ziren, besteak beste, Tasio Erkizia, Rafa Diez, Nekane Erauskin, Julen Aginako eta Antxon Etxebeste-.
9:30erako aretoan zen Ibarretxe. Otegi 9:36an sartu da eta, agurtu ondotik, harekin egon da minutu batez hizketan. Lopez eta Ares 9:37an sartu dira, eta bosteko hotza eman diote Ibarretxeri. 9:41ean heldu dira lau presoak, eta zortziak daude, beraz, aretoan. Kokapen aldetik, ezker abertzalekoak albo batean daude eserita, pasilloaren bestaldean aulki batean Ibarretxe, eta ondoan, tarte batera, Lopez eta Ares.
Epaimahai ondoan daude, halaber, Montes fiskala, Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia herri akusazioko abokatuak, eta defentsako hiru abokatuak.
Akusazio oinarria
Akusazioen oinarri diren bilera horiek, ETAren su-etenaren garaian izan ziren, duela bi urte. Euskal gatazkari irtenbide elkarrizketatua emateko saioaren hasiera irudikatu zuten. Ibarretxek ezker abertzaleko ordezkariak lehendakaritzan hartu zituenekoa da lehen irudia. 2006ko apirilaren 19an batzartu zen lehendakaria Otegirekin, Barrenarekin eta Petrikorenarekin, su-etenaren ostean Euskal Herrian hasitako aroa aztertzeko alderdiekin hasitako elkarrizketa sailaren barruan.
Urte bereko uztailaren 6an, Lopez eta Ares bildu ziren Otegi, Etxeberria eta Dañobeitiarekin, Donostiako hotel batean. Bezperan, bilera hori baimentzen zuen autoa kaleratu zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia elkarteek zalantzan jarri zuten bilera haien zilegitasuna. Legea urratzen zutela esan, eta salaketak jarri zituzten EAEko Auzitegi Nagusian. Horien eskaerak aintzat hartu, eta auzibidea abiatu zuen Roberto Saiz epaileak. Desobedientzia egin izana egotzi zien ezker abertzaleko ordezkariei. Desobedientzia egiteko beharrezko laguntzaile izatea gainerakoei.
Akusazioak urtebete eta lau urte arteko espetxe zigorra eskatu du ezker abertzalekoentzat, bi urte eta bederatzi hilabetekoa Ibarretxerentzat, eta bederatzi hilabete eta urtebete artekoa Lopezentzat eta Aresentzat.
Alderdien Legea
Espainiako Alderdien Legea dago akusazio horien atzean. Lege horretan oinarrituta legez kanporatu zuen Batasuna Espainiako Auzitegi Gorenak, 2003an. Alderdiaren jardunak eteteko agindu zuen. Akusazioen ustez, ezker abertzaleko ordezkariek, beste ordezkari batzuekin biltzean, urratu egin zuten agindu hori.
Fiskalak ez du zigorrik eskatu. Areago, auzia artxibatzeko eskatu zuen, deliturik ez zegoela esanda.
Ibarretxe auzia
Fiskalak eta defentsak epaiketa bertan behera uzteko eskatu dute, eta epaimahaiak erabakia astelehenean jakinaraziko du
Auzian akusazio partikularrik ez dagoela argudiatu dute fiskalak eta ezker abertzaleko abokatuak, eta akusazioaren zilegitasuna zalantzan jarri du PSE-EEkoak. Ibarretxeren abokatuak, aldiz, erretiratu egin du artxibo eskaera, epaiketa "irabazi" egin nahi baitu. Hasi da Jaurlaritzako lehendakaria, PSE eta ezker abertzalearen kontrako epaiketa, elkarrizketa politikoagatik. Ibarretxe, Lopez, Ares, Otegi, Barrena, Etxeberria, Petrikorena eta Dañobeitia dira auzipetuak, eta EAEko Auzitegi Nagusian epaituko dituzte. 2006an ETAren su-eten garaian bilera politikoak egitean Espainiako Auzitegi Gorenari desobedientzia egin ziotela dio herri akusazioak -Ermuko Foroak eta Dignidad y Justiciak-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu