Fiskalak ez die auzipetuei ezer galdetu, eta horiek diote 'Egunkaria'-k ez zuela loturarik izan ETArekin

Fiskaltzak 'Egunkaria' auziaren artxiboa eskatua du, delitu zantzurik aurkitzen ez duela argudiatuta. ETAk 'Egunkaria'-n eragin edo agintzen zuen galdetuta, "inola ere ez" erantzun du Uriak, besteek bezala. Bost auzipetuak goizeko hamarretan sartu dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Atxiloaldi garaian torturak eta tratu txarrak jaso izana salatu dute deklarazioan. Bihar goizean izango da bigarren saioa, 10:00etatik aurrera, eta lau guardia zibil mintzatuko dira.

2009ko abenduaren 15a
09:37
Entzun
Miguel Angel Carballo fiskalak Egunkaria-ko bost auzipetuei galderarik egin ez izana izan da epaiketako lehen saioko albisterik nabarmenena. Fiskalak auzibidean izandako jokabidearen isla izan da, bere garaian artxiboa eskatu zuelako -defentsak ere bai-, deliturik ez dagoela argudiatuta. Horretaz gain, gainera, auzipetuek berretsi egin dute ETArekin harremanik ez zutela izan -Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek hori egozten diete-.

Gaur hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean kazetaren itxierari buruzko auziko epaiketa, goizean, eta bost auzipetuek baino ez dute deklaratu. Iñaki Uria izan da aurrena deklaratzen -10:37an hasi da, eta ia hiru orduz aritu da-, Xabier Oleaga aritu da ondoren -ia bi orduz-, gero Martxelo Otamendi -ordu eta bost minutuz-, Joan Mari Torrealdai laugarren -ordu eta laurdenez-, Txema Auzmendi bosgarrena -45 minutuz- eta bostei Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek galderak egin dizkiete -ez dituzte erantzun-, defentsak ere bai, baina fiskalak ez. Izan ere, bere txanda iritsi denean, bost kasuetan galderarik ez zuela egingo esan dio Carballok epaimahaiari, eta hala egin du. Isilik Espainiako Fiskaltzaren ordezkaria.

Akusazio pribaturik ez dago kasuan. Epaimahaiak, ordea, joan den uztailaren 30ean erabaki zuen epaiketa egitea. Eta horretan ari dira.

20:45ean bukatu da gaurko saioa, eta bihar jarraituko du epaiketak, 10:00etan; lau guardia zibilek deklaratuko dute. Gero urtarrilaren 12ra (asteartea) arte ez da saiorik izango, gaur epaimahaiak jakinarazi duenez; orduan, kartzelan dauden Egunkaria-ren lekukoek deklaratuko dute. Ondoren, urtarrilaren 25etik 29ra izango dira saioak.

Auzibidean Dignidad y Justiciak eta AVTk baino ez dituzte egin zigor eskaerak; 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorra auzipetu bakoitzarentzat -14 eta 15 urte bitarteko inhabilitazioa ere bai-, ETAkoak direlakoan.

2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak Egunkaria, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Javier Gomez Bermudez da epaimahaiko burua, eta Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez Prado dira beste epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.