egunkaria auzia. epaiketaren bigarren eguna

Fiskalak guardia zibilei ere ez die ezer galdetu, eta horiek ez dute frogarik aurkeztu

"Ez dut gogoratzen nik eska dezakedan egunkari bat ixteko baina, txostenean hori jartzen badu, ba eskatu nuen 'Egunkaria' ixteko", esan du guardia zibil batek defentsaren galderari erantzunez. 10:26an hasi da gaurko saioa eta 12:20an bukatu, eta lau polizietako bat ez da agertu (=lbeste guardia zibilen deklarazioa==http://www.berria.info/albisteak/38045/%3Cstrong%3ELehen_guardia_zibilaren_deklarazioa%3Cstrong%3E.htm=l). Guardia Zibilaren txostenean oinarrituz hartu zuen Juan del Olmo epaileak 'Egunkaria' ixteko erabakia. Fiskalak atzo ere ez zien galderarik egin Uria, Oleaga, Otamendi, Torrealdai eta Auzmendi auzipetuei, eta horiek ETArekin loturarik ez zutela izan berretsi zuten. Hurrengo saioa, urtarrilaren 12an; kartzelan dauden 'Egunkaria'-ren lekukoek deklaratuko dute. Gaurko argazkiak

2009ko abenduaren 16a
16:04
Entzun
Guardia Zibilaren txanda izan da gaur Egunkaria-ren kontrako epaiketan. Hark itxi zuen euskarazko kazeta, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta; Guardia Zibilak prestatutako txostenean oinarritu zen, ordea, eta gaur horretaz aritu dira hango poliziak. Egunkaria-k ETArekin lotura izan zuela berretsi dute, baina ez dute frogarik aurkeztu.

Epaileari kazetaren itxiera eskatu ziona izan da haietako bat. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleagari hark hartu zien, gainera, deklarazioa, laurak inkomunikatuta zituztela.



Laburra izan da saioa. Lau guardia zibil zeuden deituta deklaratzeko, lekuko moduan, haietako aurrena ez da azaldu -urtarrilean agertuko dela esan dute-, eta beste hiruren deklarazioa bi ordukoa izan da denera -10:26an hasi da saioa eta 12:20an bukatu-.

Poliziek frogarik ez aurkezteaz gain, atzoko gauza bera gertatu da: Miguel Angel Carballo fiskalak ez du itaunik egin gaur, guardia zibilei batere ez galdetzea erabaki du, eta hala jakinarazi dio epaimahaiari.

Iñigo Iruin defentsa abokatuak Egunkaria ixteko ea berak agindu zuen galdetu dio guardia zibil bati, eta honek erantzun dio ez dela oroitzen. "Ez dut gogoratzen nik eska dezakedan egunkari bat ixteko baina, txostenean horrela jasota badugu eta egin dudala jartzen badu, ba eskatu nuen Egunkaria ixteko", ihardetsi du guardia zibilak. Antzeko adierazpenak egin dituzte beste biek. Azkena minutu batzuez baizik ez da egon horretan (ikusi hemen guardia zibilen deklarazioa).

Atzoko saioa



Atzo -epaiketako lehen eguna zen-, fiskalak Egunkaria-ko bost auzipetuei galderarik egin ez izana izan zen albisterik nabarmenena. Fiskalak auzibidean izandako jokabidearen isla izan zen, bere garaian artxiboa eskatu zuelako -defentsak ere bai-, deliturik ez dagoela argudiatuta. Horretaz gain, gainera, auzipetuek berretsi zuten ETArekin harremanik ez zutela izan -Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek hori egozten diete-.

Hain justu, bost auzipetuek baino ez zuten deklaratu atzo: Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendik. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioen galderak ez zituzten erantzun, defentsarenak bai.

Akusazio pribaturik ez dago kasuan. Epaimahaiak, ordea, joan den uztailaren 30ean erabaki zuen epaiketa egitea. Eta horretan ari dira atzotik.

Gaurko saioaren ostean, urtarrilaren 12ra (asteartea) arte ez da besterik izango, atzo epaimahaiak jakinarazi zuenez; orduan, kartzelan dauden Egunkaria-ren lekukoek deklaratuko dute. Ondoren, urtarrilaren 25etik 29ra izango dira saioak.

Auzibidean Dignidad y Justiciak eta AVTk baino ez dituzte egin zigor eskaerak; 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorra auzipetu bakoitzarentzat -14 eta 15 urte bitarteko inhabilitazioa ere bai-, ETAkoak direlakoan.

Javier Gomez Bermudez da epaimahaiko burua, eta Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez Prado dira beste epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.