Justizia

Fiskalak zigor eskaerak jaitsi ditu 'Leioako bosten' aurkako auzian

Urte erdi eta urtebete bitarteko zigorrak eskatu ditu 2016ko istiluengatik. Bost gazteek akusazioak onartu dituzte. Beste baten kontrako akusazioa erretiratu du fiskaltzak

Justizia jauregiaren aurrean egindako elkarretaratzea, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
2016an EHUren Leioako campusean izandako istiluen inguruko epaiketa egin dute Bilbon. Sei gazte zeuden auzipeturik, eta fiskalak desordena publikoa, autoritatearen aurkako atentatua eta lesioak egozten zizkien: orotara, ia berrogei urteko espetxe zigorrak eta 45.000 euroren isunak. Epaiketan, bost auzipetuk, Leioako bostak izendatu dituztenek, onartu egin dituzte akusazioak; ondorioz, zigor eskaerak jaitsi ditu fiskalak, eta laurentzat urtebeteko kartzela zigorra eskatu du «desordena publikoengatik», eta beste batentzat urte erdikoa «atentatuagatik». Lesio eta kalteengatik eskatutako zigor ekonomikoa ere jaitsi du: orotara, 5.200 euro inguru eskatu du.

Beste akusatu hori, berriz, gertaerak grabatzeagatik identifikatutako neska bat zen; hari ere istiluetan parte hartu izana leporatzen zioten, baina akusazioak ukatu ditu, eta fiskalak erretiratu egin ditu.

Akusatuen defentsa ados agertu da fiskalak egindako eskaerekin, gazteek espetxera sartu behar ez izatea ekarriko lukeelako horrek, eta zigor kode berria edo zaharra aplikatzearen ingurukoa izan da eztabaida juridiko bakarra. Izan ere, akusatu batzuentzat onuragarriagoa litzateke orduan indarrean zegoen zigor kodea aplikatzea, eta beste zenbait kasutan, berriz, zigor kode berrian zigor txikiagoak aurreikusten dira delitu horietarako.

Defentsako abokatuak nabarmendu du akusatuek gertaerak onartu dituztela eta ahalegina egin dutela gauzak errazteko «nahiz eta akusazio batzuk oso eztabaidagarriak izan», eta, beraz, uste du epaiak banan-banan aztertu beharko lituzkeela kasuak, eta akusatu bakoitzari araurik onuragarriena aplikatu.

2016ko apirilaren 26an ikasle greba egin zuten EHUn, IA Ikasle Abertzaleak mugimenduak antolatuta. Manifestazioa campusa zeharkatzen ari zirenean, ikasle batzuk errektoretzaren egoitzan sartu ziren, kristalezko atea apurtuta, eta tirabirak izan zituzten barruan zeuden segurtasun zaindariekin.

Lekukoen testigantzak

Zazpi zaindarik lekuko gisa deklaratu dute, eta denen kontakizuna oso antzekoa izan da. Esan dutenez, kristalezko atea mazo batekin apurtu zuten, eta 60 bat manifestari barrura sartu ziren. Zaindariek hesi bat osatu zuten manifestariak geldiarazteko, eta orduan sortu ziren liskarrak. Denek adierazi dute kalte ordainak jaso dituztela orduan deklaratu zituzten lesioengatik, eta uko egin diote ordain gehiago jasotzeari.

Bederatzi ertzainek ere deklaratu dute lekuko gisa. Esan dutenez, errektoretzaren egoitzara iritsi ziren istiluen berri izan zutenean, eta heldu zirenean, barruan zeuden gazteak eraikinetik ateratzen ari ziren. Zaindarien ohartarazpenei jarraikiz egin zituzten atxiloketak, inguruan zeuden gazteen artean, eta zaindariek identifikatutakoak atxiki zituzten.

Beste auzipetu horren kasuaz, berriz, ertzain batek ere ez du argibiderik eman. Inork ez du aitortu neskari datuak hartu izana, baten batek argi esan du atxilotuak bost mutil izan zirela, eta akusatuen zerrendan neska zergatik sartu zuten galdetuta, batzuek esan dute ez dituztela ondo gogoratzen orduko xehetasunak. Neskaren defentsak aurkeztutako lekuko batek, berriz, adierazi du eskola batetik bestera zihoazela istiluak gertatu zirenean, eta akusatuak telefonoa atera besterik ez zuela egin, irudiak grabatzen saiatzeko. Ondorioz, akusazioa kentzea erabaki du fiskalak.

Garai hartan EHUko errektoreorde zen Carmelo Garitaonandiak eta EHUko legezko ordezkariak ere lekuko gisa deklaratu dute. Esan dutenez, istiluen ondorioz eraikinak kalte batzuk izan zituen, baina gehienak unibertsitatearen mantentze zerbitzuek eta garbiketa lanak egiten dituen enpresak hartu zituzten beren gain. Hortik kanpoko gastu bakarra kristalezko atea berriro jartzea izan zen: 180 euro.

Epaiketa hasi aurretik, IAk deituta elkarretaratzea egin dute Bilboko Justizia jauregiaren aurrean, akusatuei babesa adierazteko. Leioako bostak aske nahi ditugu, Errepresioa gelditu, Erasoen aurrean gogor eta tinko, Borroka da bide bakarra, Jazarpen polizialari aurre egin eta antzeko leloak oihukatu dituzte elkarretaratzeak iraun duen bitartean. Akusatuak eta abokatuak epaitegira iritsi direnean, txaloka hartu dituzte.

Epaiaren zain

Auzia epaiaren zain gelditu da. Epaiketa amaitutakoan ere, gazte ugari epaitegiaren kanpoko aldean egon dira akusatuen zain, eta txaloka eta oihu eginez hartu dituzte atera direnean. Ertzainek identifikatu egin dituzte harreran parte hartzen ari ziren zenbait gazte. Gedar agerkariaren arabera, sei izan dira identifikatuak, eta irudiak grabatzeagatik hartu dizkiete datuak.

Epaiketara iritsi arteko zazpi urteak «luzeak eta gorabeheratsuak» izan direla esan du akusatuetako batek, Ander Mazkiaranek: «EHUk garai hartan errepresioa erabiltzen zuen ikasle mugimenduaren aurka, eta gu hori salatzeko atera ginen».

Mazkiaranen ustez, epaiketa «errepresio sistematiko horren beste kapitulu bat» izan da, «lazgarriagoa, baina unibertsitatean eskubide politikoak urratzen dira, eta horren barruan sartzen dugu guk; hori salatzea dagokigu orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.