maiatzaren 22-ko hauteskundeak

Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak Bilduren zerrenda guztiak inpugnatuko dituzte

Bihar eta etzi artean aurkeztu beharko dituzte inpugnazioak, eta Gorenak 48 ordu izango ditu erabakia hartzeko. Koalizioa ETAren estrategian dagoela esango dute eta zerrendakide batzuek Batasunarekin harremanak izan zituztela. Gauza bera adierazi du lehenago Rubalcaba ministroak. Herrietako 30en bat elkargo ere inpugnatuko ditu Estatuaren abokatuak.

2011ko apirilaren 26a
19:15
Entzun

Espainiako Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak Bildu koalizioaren hauteskunde zerrenda guztiak (258) inpugnatuko dituzte Auzitegi Gorenera jota, Espainiako Justizia Ministerioko iturriek gaur arratsaldeko zazpiak aldera jakinarazi dutenez. Iturri horren arabera, Estatuaren abokatuak bihar erabakiko du bihar bertan inpugnatu edo etzi; Fiskaltzak ostegunean joko du, epeko azkeneko egunean. Gorenak 48 ordu izango ditu erabakia hartzeko. 

Polizia txostenetan oinarrituko dira; hala, Bildu ETAren estrategian dagoela esango dute eta zerrendakide batzuek Batasuna legez kanpoko alderdi politikoarekin harremanak izan zituztela.

Eferen arabera, herrietako 30en bat elkargo ere inpugnatuko ditu Estatuaren abokatuak.

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde, bozeramaile eta Barne ministroak gauza bera esan du eguerdian: Bildu koalizioa "ETAren estrategian" dagoela, "ETAren paperak leituta ikusten delako hori", eta "kutsatutako" zerrendak dauzkala, "Batasunarekin lotura duen jendea dagoelako". EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen dute koalizioa.

Aste Santuko errepideetako balantzeari buruzko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok Rubalcabak, Madrilen, kazetariek galdetuta. Ez du argitu Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak Bilduko zerrenda denak inpugnatuko dituzten edo batzuk.

Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 258 zerrenda aurkeztu ditu Bilduk. Eitb.com-ek dioenez, Ertzaintzak EAEn Bilduren 39 zerrendatan inpugnatzeko "arrazoiak" aurkitu ditu. Ser irrati katearen webak dio Guardia Zibilaren ustez hamabi zerrendek dutela "lotura ETArekin eta honen inguruarekin". "Bilduren 3.700 hautagaiak banan-banan aztertu ditu [Guardia Zibilak]", dio Ser kateak.

Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta Bilduko kideak salatu egin du Espainiako Estatuaren jokabidea, "benetako sorgin ehiza eragin dezakeelako. "Izan ere, polizia txostenek diote beste pertsona batzuk aurkeztu zitezen inoiz sinadura eman zutenak ere 'zikinak' direla. Hauteskunde hauetara aurkeztuko diren beste alderdietako militante askori eragiten die horrek".

Matutek berretsi du Bilduren zerrendak "erabat garbiak" direla.

PPk dio Espainiako Gobernuak inpugnatzeko konpromisoa hartua duela

Rubalcabak hitz egin baino lehenago Federico Trillo PPko Justizia bozeramaileak jakitera eman duenez, Espainiako Gobernuak Aste Santuaren ostean Bilduren zerrenda guztiak inpugnatzeko konpromisoa hartu zuen PPko buruekin egindako bilera batean. "Egin genuen azkenaurreko bileran Bilduren zerrenda guztiak inpugnatzeko tesia onartu zuen. Ez dakit zergatik aldatu behar duen orain iritzia". Perez Rubalcabak esan du Trillo bilera horretan esandakoa manipulatzen ari dela.

Konpromiso hori betetzen ez badu, ondorioak izango direla iragarri du Trillok. Atzo Esperantza Aguirre Madrilgo erkidegoko presidenteak ere antzeko hitzak izan zituen, eta gobernuak Bilduren zerrendak inpugnatzen ez baditu, PPren babesa ez duela izango esan zuen. Bildu koalizioa osatasunean inpugnatzeko ere eskatu zion Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusiak.

Francisco Caamaño Espainiako Justizia ministroak gaur esan duenez, ordea, Bildu koalizio gisa ezin da legez kanpo utzi. "Alderdien Legeak alderdi bat inpugnatzea ahalbidetzen du, Sorturekin egin den moduan, baina ez hauteskunde koalizioa bat", esan du Caamañok. Koalizioaren zerrendak edo koalizioa osatzen duten alderdiak inpugnatu daitezkeela gaineratu du.

Ainhoa Etxaidek LABeko idazkariak Caamañori erantzun dio esanez kontua ez dela Bildu ezin dela legez kanpo utzi osotasunean, baizik eta horretarako arrazoirik ez dagoela, eta onartezina litzatekeela. Espainiako Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak aste honetan aurkeztuko diote Auzitegi Gorenari Poliziaren ikerketetan oinarrituta Bilduren zerrenden gaineko euren txostenak.

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak esan du Bilduko partaideak direla koalizioa legez kanpo uzteko eskakizunen aurrean hori ekidin behar dutenak. "Ez dira konturatzen asko zaindu behar dutela, muturreraino, Alderdien Legea interpretatu nahi dutenek zirrikiturik ez aurkitzea". Ildo horretan gaineratu du ez duela ulertzen Aberri Egunean Bilduko bultzatzaileak Batasunako kideekin batera agertzea.

Espainiako Gobernuak Bilduren zerrenda guztiak inpugnatzeko hartu duen erabakia “demokrazian atzerapauso eta astakeria juridikotzat” jo du Aralarrek, eta salatu du “gobernuak, PPren presioei men egin eta justizia helburu politikoekin erabiltzea”. Bildu legez kanporatzearen atzean “abertzaleak instituzioetan gehiengo izatea saihestea" dagoela iritzi dio Aralarrek.

Unai Sordo CCOO-Euskadiko idazkari nagusiak adierazi du EAk eta Alternatibak "frogatutako ibilbide demokratikoa" dutela, eta Bilduren inguruan gauza "arraroak" gertatzen ari direla.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.