Espainiako Auzitegi Gorenak gaur aztertu du Jose Maria Sagardui Gatza euskal presoaren omenaldian "terrorismoa goratzea" egotzita Auzitegi Nazionalak Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideari iaz jarritako bi urteko zigorra, eta Fiskaltzak eta Ermuko Foroak eta Dignidad y Justicia herri akusazioek zigorra berresteko eskatu diote. Aldiz, Jone Goirizelaia defentsa abokatuak presoa libre uzteko galdegin du edo, bestela, ahal den zigorrik txikiena ipintzeko.
Juan Saavedra buru duen epaimahaiak erabaki beharko du zigorra egokia den-ez.
Iazko martxoan zigortu zuen Otegi Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta hamasei urteko inhabilitazioa ere jarri zion. Gatza presoa aska zezatela eskatuz 2005eko uztailaren 9an Zornotzan egin zen ekitaldia eta Otegiren honako hitzetan ikusi zuen delitua Murillok: "[Euskal Herriaren eszenatoki nazional demokratikoa] euskal preso politikoei, errefuxiatuei eta borrokan utzi ditugun beste hainbat kideri zor diegu, eta lortuko dugu!". Epaiak zioen "inolako zalantzarik gabe, terrorismoa goratzen" dutela hitzok.
Goirizelaia defentsa abokatuak gaurko saioan esan du bere ustez Otegi ez zutela zigortu horregatik. Haren arabera, Murillo ez zen inpartziala izan epaiketan, Otegiri ETAren indarkeria gaitzesten al duen galdetu ziolako -auzipetuak ez zuek erantzun-. "Baiezkoa balio, horrek ondorio ona izango al zukeen?", galdera egin du Goirizelaiak.
Ezker abertzaleko kidea 2009ko urritik preso daukate -gaur egun Logroñon (Espainia)-. Batasunaren Mahai Nazionala berrosatu nahi zuelakoan atzeman zuten.
euskal prEsoak
Fiskaltzak Otegiren zigorra berresteko eskatu dio Gorenari, eta libre uzteko defentsak
Auzitegi Nazionalak bi urteko kartzela jarri zion ezker abertzaleko kideari iaz, preso baten omenaldian "terrorismoa goratu" zuelakoan. Goirizelaia defentsa abokatuak gaurko saioan esan du Murillo epailea ez zela inpartziala izan epaiketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu