Jose Ignacio Irusta, Javier Lopez Monreal eta Borja Perez Illera eskuin muturreko Falange y Tradicion taldeko ustezko kideentzat lau urteko espetxe zigorra eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak "mehatxu terroristak" leporatuta, eta beste hirukoa "kalte terroristak" egotzita. "Eredu politiko berri bat ezartzeko helburuarekin, ideologikoki ezker abertzalearen eta komunismoaren kide ziren pertsonen aurka hainbat ekintza egin zituzten, haiek beldurtzeko asmoz", adierazi du Fiskaltzak ohar batean. Eskuin muturreko talde bati "terrorismoa" egotzi zaion lehen aldia dela dio Fiskaltzak.
Zehazki, 2009ko udan Nafarroako sei herritan eta Ezkaba eta Condes mendietan egindako erasoak leporatu dizkiete hiru akusatuei. Zinegotzien eta kargu publikoen aurkako pintaketak egin zituzten eta gerra zibilan frankistak hildakoen omenez jarritako monolitoak suntsitu. Hiru akusatuak 2009ko urrian atxilotu zituen guardia zibilak.