MEMORIA HISTORIKOA

Flor Diaz: "Barrua hustu dut"

Frankismoko biktimek bideo konferentzia bidez deklaratu dute. Flor Diaz Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkarteko presidenteak hainbat auzitako agiriak aurkeztu dizkio Maria Servini Argentinako epaileari. Jon Etxabek 1969an sufritutako torturak, Zamorako espetxean jasandako eskubideen urraketak eta Burgosko prozesuaren gorabeherak azaldu dizkio epaileari.

Flor Diaz, eskuinean, 2011ko irudi batean. JUANAN RUIZ, ARP
urtzi urkizu
2014ko otsailaren 18a
16:27
Entzun

Madrilen, Argentinako kontsulatuan, atzo hasi ziren frankismoko hainbat biktima bideo konferentzia bidez deklarazioak egiten, Maria Servini epaileak eskatuta —Buenos Airesen da hura—. Cecilio Gordillok, Maria Mercedes Bueno Moralesek eta Jesus Rodriguez Barriosek deklaratu zuten atzo.

Gaur, bi euskal herritarrek deklaratu dute: Flor Diazek eta Jon Etxabek. Diaz Euskadiko SOS Haur Lapurtuak elkarteko presidentea da. Salatu du bere amari bi haur lapurtu zizkiotela, 1960ko hamarkadan. "Barrua hustu dut. Oso gustura gelditu naiz", esan dio BERRIAri. "Hemen ez badute justizia egiten, behintzat Argentinan egin dezatela". Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat kasuen inguruko agiriak aurkeztu dizkio epaileari.

Jon Etxabe apaiz ohiak frankismoaren aurkako hainbat jardueratan parte hartu zuen. Epaileari kontatu dionez, 1969ko apirilean atxilotu egin zuten, eta zazpi egunez “mota guztietako” torturak jasan zituen. Galdeketen arduraduna Felix Criado Sanz polizia izan zen. Burgosko prozesuan epaitu zuten Etxabe. "Aurreneko aldia da frankismoan jasandakoa erakunde ofizial baten aurrean kontatzeko aukera dudala. Alde horretatik pozik nago", esan dio Berriari. Dena den, frankismoko krimenen egileak epaitzea egun "ezinezkoa" dela iruditzen zaio. "Deklarazio hauek behintzat pauso bat dira".

Bihar, Martxoak 3 elkarteko Jose Luis Martinez Ociok deklaratuko du. Martinezek anaiaren hilketaren berri emango dio epaileari. 1976ko martxoaren 3an poliziek hil zuten Pedro Martinez Ocio, Gasteizen, greba egun batean. Polizien arduradunak ziren une hartan Rodolfo Martin Villa eta Angel Campano.

Iaz, abenduaren 3an, Andoni Txaskok Gasteizko 1976ko sarraskiaren inguruan deklaratu zuen Buenos Airesen, Servini epailearen aurrean. Rodolfo Martin Villa garai hartako ministroa auzipetzea nahi dute Martxoaren 3ko biktima taldeak, hura egiten baitute hilketa haien erantzule.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.