Jendea ezagutzea; aspaldiko lagunak ikustea; errespetuz; askatasunez; misoginiaren, matxismoaren, homofobiaren eta transfobiaren kerik ez duen atmosferaz gozatzea. Horra hor Transmarikabollok edo EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak 20. urtez antolatu duen kanpaldiak eskainiko duen giroa.
Irailaren 8tik 11ra izango dela iragarri dute, Azkoitian (Gipuzkoa), Kukuherri aterpetxean; «kontsumo gizarteak eskaintzen dituen diskoteka eta tabernen gisako toki itxi eta ilunetatik urrun», EHGAMeko kide Mikel Martinek adierazi duenez. Haize fresko horretaz gozatu nahi duen edonorentzat izango da tarterik kanpaldian: «Lekurik ez duten bakarrak», argitu du Martinek, «lesbiana, gay eta transexualei erasotzen dietenak dira». Askatasun eta errespetuzko giro horretan murgildu nahi duen orori egin diote, beraz, Azkoitira biltzeko gonbita.
Eusko Jaurlaritzak lesbiana, gay eta transexualen errealitatearekin zerikusia duten ekimenak bere agendan aintzat hartzeko plan estrategiko bat aurkeztuko dute kanpaldian. Gizarte Gaietarako Sailarekin elkarlanean ari dira LGTB mugimenduko kideak proiektua taxutzen, eta hori gizarteratzeko ilusioa dute: «Proiektua bulegoetako lau hormetatik ateratzeko irrikan gaude», azaldu du Martinek. Badakite azken bederatzi hilabeteotan proiektuari itxura eman diotenak ez direla lesbianen, gayen eta transexualen ordezkariak, eta, hala, kezkak, kritikak eta akordioak zabaltzeko baliatu nahi dute kanpaldia.
Baina eztabaida ez da horretan geldituko, ez, laikotasunaz ere arituko baitira. Elizak hezkuntzan esku ez hartzeko aldarria izango dute hizpide Bizkaiko Emakumeen Asanbladako andre bik.
Era berean, Benedikto XVI.a aita santuak Madrilera eginiko bisitaren karietara egin zuten manifestazioari buruzko erreportaje grafiko bat aurkeztuko dute. Aurtengo lesbiana, gay eta transexualen askapenerako nazioarteko egunean eta kanpaldiaren hogei urteko ibilbidean hartutako argazkiak ere erakutsiko dituzte.
Erotismoak ere izango du tarterik kanpaldian. Falokrazia bazterturik, gorputz osoaren erotismoa erakutsiko dute argazki erakusketa batean, eta sadomasokismo tailerrean esperimentatzeko parada ere izango da.
Azkoitiarren begietan
Ez da kasualitatea kanpaldia Euskal Herrian antolatzeko ohitura izatea. Martinek adierazi duenez, Azkoitiko gizartearen aurrean ikusgai egin nahi dute LGTB kolektiboa, eta dituzten aldarri politikoak eta gizartea eraldatzeko proposamenak herrian ezagutarazi. Baina ez dute Azkoitira mugatu nahi, ez. Errespetua eta askapena ardatz dituen gizarte baten eraikuntza ez da gutxiren kontua, eta beste gizarte mugimenduekin loturak tenkatzeko aukera baliatu nahi duteEHGAM elkarteko kideek.
Kerik gabeko burbuila bat eratuko dute Transmarikabollo kanpaldiko parte hartzaileek Azkoiti aldean. Batik bat, atseden hartu eta indarberriturik itzultzeko aukera emango die kanpaldiak. Mikel Martinek esan duenez, «transformaziorako ekintza ludikoak izango dira topagunean; funtsean, gozatzeko».
@Informazio gehiagonahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.ehgam2010.blogspot.com
Fobiarik gabeko haize bolada
EHGAM elkarteak 20. urtez antolatu du Transmarikabollo kanpaldia; irailaren 8tik 11ra egingo dute aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu