Animalien Berdintasuna taldeak 25.000 sinadura bildu ditu azken asteotan, foie grasa ekoiztea debekatzearen alde. Ahate haztegien inguruan egindako ikerketa lanak izan duen lehendabiziko ondorioetako bat izan da hori. Ez da bakarra izan, ordea. Ikertutako haztegien artean baziren Frantziakoak, Espainiakoak, Kataluniakoak, bai eta Euskal Herrikoak ere. Hemen, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak haztegi horietako bat behin-behinean ixtea erabaki du, Animalien Berdintasuna taldeak jarritako salaketaren harira. Oiartzungo (Gipuzkoa) Momotegi da Osasun Sailak behin-behinean itxi duen haztegia, «indarrean diren higiene baldintzak ez betetzeagatik».
Animalien Berdintasunak uztailean jarri zuen Momotegiren aurkako salaketa. Baserri horren aurkako neurriak ez dira Osasun Sailak hartu dituen bakarrak, Andoni Luis Adurizi ere zigor espedientea irekitzea erabaki baitu, Momotegiko foie grasa erosi eta Mugaritz jatetxean saltzeagatik.
Mugaritz itxita dago egunotan. «Oporretan gara. Ez dugu adierazpenik egingo», erran diote BERRIAri jatetxetik, Andoni Luis Adurizekin harremanetan jartzen saiatu denean. Momotegiko arduradun Olga Possek, berriz, hitza hartu nahi izan du BERRIAn: «Animalien Berdintasuna taldeak manipulatu egin nau, engainatu egin nau. Ekoizle txikien arazoak ezagutu nahi zituztela erranez sartu ziren nire etxean, eta alderantzizkoa egin dute, nire moduko ekoizle txikiei min egin», nabarmendu du.
«Lauzpabost kontutan legea betetzen ez nuelako itxi didate baserria, behin-behinean. Dena konponduta dago jada. Zenbait paperen zain bertzerik ez nago. Legea osorik betetzea, gainera, ezinezkoa da. Arazoa da legedia ez dela egokitzen ekoizle txikion errealitatera», erantsi du. Possek azaldu du aurrerantzean ez dituela ahateak Momotegin bertan hilko: «Animalien Berdintasunak animalien alde egin nahi omen du, baina ez du hori lortu. Ahateak lehen hemen bizi eta hiltzen ziren, lasaitasunez; orain, hemendik ehun kilometrora dagoen hiltegi batera eraman beharko ditut». Ez du zehaztu nahi izan hiltegi hori non dagoen.
«Momotegiren eta Mugaritzen arteko harremana agerikoa da. Haztegia itxi zutela jakin eta gero, sare sozialetan zabaldu zuen jatetxeak Momotegiri buruzko bideo bat. Mugaritzek bere hornitzaileei eskerrak emateko bideoa zen». Javier Morenorenak dira hitzak. Animalien Berdintasuna taldeko bozeramailea da. «Urtebeteko lana dago foie grasari buruz egin dugun ikerketaren atzean», azaldu du.
«Tratu txarra, berezkoa»
Taldeko kideak kontent dira lan horrek izan duen oihartzunarekin. Foie grasaren aurka jaso dituzten 25.000 sinadurekin batera, Italiako Coop izeneko supermekatu kateak foie grasa saltzeari uztea erabaki izana nabarmendu du Morenok, jaso dituzten erantzunen artean. «Gurekin harremanetan jarri dira errateko egin dugun lanaren ondorioz hartu dutela erabaki hori», azaldu du.
Animalien Berdintasuna taldearen lanak foie grasaren atzean dagoena agerian utzi nahi izan du. Horretarako, urtebetez infiltratu dira Animalien Berdintasuna taldeko kideak foie grasaren industrian. «Eskandaluzkoa da egiten dutena; animalien kontrako tratu txarrak berezko ditu industria horrek, foie grasa egiteko 20-25 zentimetroko tutua sartzen baitiete ahateei esofagoan, hazteko. 12-17 egunez gizentzen dituzte, eta, ondorioz, ohiko gibela baino hamar aldiz handiago bilakatzen da haiena», salatu du Morenok.
Foie grasaren industria debekatuta dago hamaika herritan, tartean Herbehereetan, Ingalaterran, Argentinan eta Italian. «Europan, bost herrik baino ez dute baimentzen: Espainiak, Frantziak, Bulgariak, Hungariak eta Belgikak», erran du Animalien Berdintasuna taldeko kideak.
Animalien Berdintasuna taldeak ikertu dituen ahate haztegi guztiak salatu ditu, «guztietan urratzen zirelako arautegiak», Javier Morenok nabarmendu duenez. Hamazazpitan egon dira. «Hainbat haztegitan, mugitzeko aukerarik uzten ez duten banakako kaioletan daude ahateak, eta ez da legezkoa; hainbatetan, mokoa hautsia zuten ahateak aurkitu ditugu, bai eta ahate zaurituak ere, albaitariaren bisita jaso ez dutenak».
Oiartzungo Momotegi izan da ikertutako ahate haztegietako bat. Animalien Berdintasunak haztegi barruko irudiak zabaldu ditu. Haztegiko arduradun Olga Possek berak ematen ditu lan egiteko bere moduari buruzko azalpenak irudi horietan. «Legez, ahateak hil aurretik erdi lokartu egin behar dira; Possek argi eta garbi erraten du ez duela horrelakorik egiten, ahatea hobeki odolusten delako erdi lokartu gabe hiltzen dutenean. Possek azaltzen du Adurizek halakoa nahi izaten zuela foie grasa», erran du Morenok.
Mugaritz jatetxeko sukaldaria ez da, hala ere, Momotegiko arduradunak aipatzen duen bakarra. Arzak, Pedro Subijanaren Akelarre, Etxebarri, Alameda eta Sebastian jatetxeak ere ba omen ziren Oiartzungo haztegiaren bezero zerrendan, eta, ondorioz, denen aurkako salaketa aurkeztu du Animalien Berdintasuna taldeak, bere ikerketaren harira.
«Mugaritzen kasuan, jatetxe horrek haztegiarekin zuen harremana agerikoa zen; gainerako jatetxeak ere aipatzen ditu Possek, eta Eusko Jaularitzako Osasun Sailari dagokio orain auzia ikertzea eta argitzea», erran du Morenok.
Foie grasaren ekoizpenak Martiko etxean du ordezkari nagusia Euskal Herrian. Etxe hori ere zuzenean aipatzen du Animalien Berdintasuna taldeak bere ikerketan, bertzeak bertze, Teruelgo (Espainia) Caracierzos haztegiko bezero izateagatik.
«Abenduaren 15ean haztegi horrekin genuen harremana eten genuen», erran dio Martikoko arduradun Joseba Martikorenak BERRIAri. Orain arte, hiltzen zituen ahateen %7 haztegi horretan hartzen zituen Martikok. «Orain, oso-osorik Nafarroan hazitakoak dira hiltzen ditugunak», erantsi du, eta argi utzi du Martikok «Europan indarrean diren arautegi guztiak bete» egiten dituela. «Dena egiten dugu egin behar den bezala».
Ez du iritzi bera Momotegi haztegiari buruz. Animalien Berdintasuna taldeko kideek egindako lanean jasotako irudiak ikusi dituela aitortu du Martikorenak. «Ikusten da egia dela, eta ez dago ongi egina», erran du Olga Posseren haztegiari buruz.
Eztabaida piztu
Animalien Berdintasuna taldearen lanak piztu du zalaparta, eta horixe izan da, hain zuzen ere, haren helburuetako bat. «Eztabaida piztu nahi dugu gizartean, jendeak jakin dezan foie grasaren atzean zer dagoen, gogoeta egin dezan jaten duenari buruz».
Foie grasaren aurkako kanpainarekin aurrera jarraitzeko asmoa du Animalien Berdintasunak. «Hurrengo urratsa izanen da eztabaida hori arlo politikora eramatea», erantsi du Javier Morenok. Foie grasaren ekoizpena debekatzea baitu xede Animalien Berdintasuna taldeak.

Foie grasaren atzekoak, agerian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu