Bakea eta elkarbizitza

Foro Sozialak Espainiari eskatu dio bere gain har dezala giza eskubideen urraketetan izandako erantzukizuna

Foroaren iritziz, "aurrerapausoa" da Espainiako Estatuak Hego Euskal Herrian dituen polizia indarren presentzia murriztu izana. Nabarmendu du polizia kopurua "modu naturalean" eta "eztabaidarik eragin gabe" gutxitu dela, baina "bide luzea" dagoela egiteko oraindik arlo horretan eta "biktimekiko duten arduraren" aitorpenean.

Foro Sozialaren eta estatu indarkeriaren biktimen arteko topaketa bat, joan den martxoaren 16an, Donostian. IDOIA ZABALETA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abuztuaren 9a
21:58
Entzun

Espainiako polizia indarretako kideen kopurua %22,6 murriztu da azken hamar urteetan, Hegoaldean. 2010. urtean baino 1.523 kide gutxiago ditu egun. Orotara, 5.454 polizia eta guardia zibil ditu estatuak Euskal Herrian, Espainiako Gobernuak ekainaren 6an sinatutako txostenaren arabera. Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak eskatuta eman du datua Espainiako Gobernuak.

Foro Sozialaren iritziz, jaitsiera "adierazgarria" da. Gogorarazi duenez, Foro Sozialak 2013an egin zituen hamabi gomendioetako bat da Espainiako indar polizialen presentzia apaltzea. Zehazki, honela dio hamargarren gomendioak: "Estatuaren segurtasun indar eta kidegoen kopurua eta eginkizuna birdimentsionatzea gomendatzen dugu, errealitatera moldatuz. Halaber, segurtasun indar eta kidegoen gaineko kontrol mekanismoak indartu behar dituzte erakundeek eta gizarte zibilak".

Polizia kopurua murriztu izana "aurrerapausoa" da Foro Sozialaren esanetan, eta nabarmendu du "modu naturalean" eta "eztabaidarik eragin gabe" apaldu dela Espainiako polizia indarren presentzia. Hala ere, ohartarazi du "bide luzea" egiteko dagoela oraindik. "Gure herrian 6,6ko polizia ratioa dugu mila biztanleko, eta Espainiako Estatuan, berriz, erdia da: 3,61". Foroak alor horretan "pauso sendoak" emateko eskatu dio Madrili.

Horrez gain, garrantzi handikotzat jo du Espainiako Gobernuak polizia indarrek eragin dituzten biktimen ardura aitortzea, eta biktimei barkamena eskatzea. "Gure ustez, aurrerapauso garrantzitsua izango litzateke Espainiako Gobernuak, giza eskubideen urraketa horien erantzukizuna izan zuten gobernuen izenean, bere gain hartuko balu bere ardura politikoa eta biktimei barkatzeko eskatuko balie".

Gogorarazi duenez, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia giza eskubideen "urraketa ugariren erantzule" izan dira Euskal Herriak izan duen "indarkeria zikloan". 219 lagun hil zituzten, Egiari Zor fundazioaren arabera, eta 746 herritarrek garrantzi handiko zauriak pairatu zituzten, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz eginiko torturen txostenak jaso duenez, EAEn dokumentatutako 4.113 tortura kasuetatik, Guardia Zibila 1.792 kasutan da erantzule, eta Polizia Nazionala 1.785 kasutan —ekintza parapolizialak kontuan hartu gabe—. "Nazioarteko zuzenbidea oso argia da giza eskubideen alorrean. Erabat larri deritzo eskubideok jagoteko ardura dutenek eskubide horiek urratzen aritzeari", adierazi du Foro Sozialak.

Euskal gizartean, biktima guztien eskubideak errespetatzearen aldeko "kontsentsu transbertsala" lortu dela nabarmendu du foroak; baita torturaren biktimei dagozkien egia, justizia eta erreparaziorako eskubideen kasuan ere. Horren adibide gisa aipatu du Eusko Legebiltzarrak ekainaren 26a torturaren biktimen aitorpenerako eguna izendatu izana.

Hala ere, torturaren biktimak oraindik "bigarren edo hirugarren mailako" biktima sentitzen direla adierazi du foroak. Hala jakinarazi diete foroak biktimekin izan dituen topaketetan. Bestalde, azaldu dute biktimak "oso eszeptikoak" direla justiziarako eskubidea gauzatzeko aukerei dagokienez. "Nagusiki, egia eta errekonozimendua aldarrikatzen dituzte".

Foro Sozialaren esanetan, "euskal gizarteak ezin du ontzat eman ETAren, GALen edo kidego parapolizialen biktima bakar bat sekula sozialki edo instituzionalki baztertuta senti dadin berriro ere". Horregatik, "estatuaren biktimen errekonozimenduan eta memorian" aurrera egiteko urratsak ezinbestekotzat jo ditu. "Oso garrantzitsua da memoria kritiko partekatu bat eraikitzea, gertatutako ezer ahaztu gabe, gizarte honi bizikidetza demokratikoa eraikitzeko norabidean aurrera egiten uzteko".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.