Bakea eta elkarbizitza

Foro Sozialak gaitzetsi egin ditu hainbat biktimaren omenezko plakei egin dizkieten erasoak

Foroaren esanetan, gizarte osoaren oinarrizko eskubidea da biktimak espazio publikoan oroitu ahal izatea.

Teresa Toda eta Nazario Oleaga Foro Sozial Iraunkorreko kideak, agerraldi batean, joan den urtarrilean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
2019ko irailaren 10a
13:03
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak arbuiatu egin ditu azken hilabeteetan hainbat biktimaren omenezko plakek jasan dituzten erasoak. Donostian, Iruñean, Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) eta "gure geografiako beste hainbat puntutan" gertatutakoak salatu ditu. "Mota honetako sabotaia eta erasoek giza eskubideen urraketa larriak sufritu dituzten pertsonen birbiktimazioa soilik eragiten dute eta baita mina ere beren gertuko senide eta lagunengan, beren familia politikoengan...".

Horrez gain, gisa horretako erasoek "bizikidetza demokratikoa eraikitzeko abian den prozesuari" ere kalte egiten diotela ohartarazi du Foro Sozialak. "Aurrerapausoak emateko aukerak zailtzen dituzte". Foroaren esanetan, heldu da gure biktimak bezalako kontzeptuak albo batera uzteko eguna. "Biktima guztiek behar dute izan gureak, gizarte osoarenak".

Biktimak espazio publikoan oroitzea gizarte osoaren oinarrizko eskubidea dela nabarmendu du Foroak. "Memoria da bermatuko diguna urte luzetako biolentzia zikloaren baitan bizi izan ditugunak berriro ez direla errepikatuko. Oroitzeak gure gizartea blindatzen du, egia osoaren eta giza eskubideen defentsan".

Elkartearen iritziz, Euskal Herria murgilduta dago "bakea eta giza eskubideak oinarri dituen kultura berri baten eraikuntzan", eta kultura horrek ahalbidetuko du "etorkizun berri bat eraikitzea iragana ahaztu gabe, batzuen eta besteen biktimarik gabe". Bide horrek ez du atzera-bueltarik, Foroaren esanetan. "Bizikidetza demokratikorantz abiada bizian doan trena ez da bidetik irtengo. Euskal jendarteak ez du atzerapauso bakar bat ere onartuko", adierazi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.