Foro Sozialak kanpainatik kanpo nahi ditu memoriaren itunak

Alderdiei eskatu die hauteskunde lehiatik at uzteko biktimei, presoei eta memoriari buruzko itun zabalak

2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
BILBO. Bete-betean sartu da euskal gizartea «hauteskunde-ziklo berri eta luze batean», Foro Sozialak gogoratu duenez, eta Brian Currin abokatu hegoafrikarrak Aieteko Nazioarteko Konferentziaren bosgarren urteurrenean esandako hitzak oroitu ditu: «Harritzen nau ikusteak zuen herrialdean beti hauteskundeak daudela, eta esperientziak dio, hemen eta beste leku batzuetan, hauteskunde garaiak ez direla onak bakearen alde lan egiteko. Hauteskunderik gabeko garai bat hasten da orain. Aprobetxa ezazue».

Foro Sozial Iraunkorrak uste du hauteskunderik gabeko aldiak «oso ondo» aprobetxatu direla «indarkeria zikloaren ondorioen konponbiderako urrats sendoak egiteko», eta, horregatik, «deialdi irmo bat» egin die Hego Euskal Herriko alderdi politiko guztiei, «erantzukizunez, orain arte erdietsitako adostasun horiek hauteskunde lehiatik kanpo uzteko». Aurrerantzean ere gai horiei buruzko «eztabaida legitimoa oinarri eraikitzaile eta inklusiboen gainean» egitea nahiko luke Foro Sozialak. «Trantsizioan» da euskal gizartea, haren arabera, eta esan du jazotakoaren zergatian ez dela adostasunik egongo; «baina gai izan behar dugu etorkizun partekatu bat adosteko eta bizikidetza demokratikoaren oinarriak finkatzeko, elkarrizketa izanik desberdintasunei aurre egiteko tresna bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.