Foroak, ttantto biltzen segitzeko

Euskal Lurralde Elkargoari buruzko herritar foroak antolatu zituen herenegun eta atzo Batera plataformak. Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko 15 herritan finkatu hitzorduetara 500 bat lagun bertaratu ziren.

Batera-k Arbonan antolatutako foroan parte hartu zutenak mahai baten inguruan. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Arbona
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Ttantto guztiak bildu behar ditugu, balantza beste aldera makurrarazteko», zioen atzo Nikolas Blain Batera-ko kideak Arbonako (Lapurdi) herritar foroan bilduak ziren 25 bat lagunei. Euskal Lurralde Elkargoa lortzeko bidean, asteburu honetan Ipar Euskal Herri guztian zehar antolatu ziren herritar foroek pisu handiagoa eman zuten aldarria entzunarazten dabilen Batera plataformaren alde. Guztira 500 bat lagun bildu ziren hitzorduetara, eta orokorki «anitz galdera eta eztabaida» izan zirela zion barda Menane Oxandabaratz ekimenaren antolatzaileak.

Toki gehienetan Korsikako egituraketa adibidetzat harturik landua duten lurralde elkargo proposamenaren aurkezpenarekin hasi ziren, eta galdera-erantzunekin jarraitzen zuten. Dudak, galderak argitzeaz gain, sinpleki bakoitzak iritzia plazaratuzuen, eztabaida aberatsak sorraraziz. Korsika ez ezik, Alsazia ere aipagai zuten, Frantziako Estatuak lurralde elkargo propio bat onartu berri duelako haientzat. Abenduaren 1ean bozkatuko dute Alsaziako bi departamenduetako eta eskualdeko kontseiluek lurralde elkargoarekin bat egiten ote duten.

Ondoko urtean iraganen direnez Frantziako presidentetzarako hauteskundeak, Blainek argi dauka orain dela aldarrikapena entzunarazi behar: «Bozketak aitzineko kanpainan ez badugu gure pisua sentiarazten, beste hamar urterentzat bagoaz...». Hori dela eta, martxoaren 3ko dute ekimen «handi» bat finkatua. Nahiz zer-nolako forma izanen duen ez zehaztu, «doinua azkartuko» dutela abisatu zuen.

«Orain da momentua», entzun zen maiz Arbonan bildurik ziren parte hartzaileen ahotik. Guztiek bat egin zuten egiaztapen horrekin, nahiz batzuek dudak ukan: «1981ean ere hitzeman ziguten». Oroit ziren, jada, François Mitterrand hautagai sozialistaren 101 proposamenetan euskal departamenduaren sorrera zehaztua zela, baina inoiz ez zuela hitza errespetatu. Hala ere, egoera ordutik aldatu zela azaltzeko arrazoi bat baino gehiago entzun ziren gelan: «Tokiko hautetsi gehienek bat egiten dute aldarrikapenarekin»; «Korsikan badute dagoeneko, eta Alsazian bidean da; guk ere lor dezakegu»; «Hego Euskal Herrian gertatzen denak hemen ere ondorio baikorrak dauzka»; «herritarren nahia azkarra da»; «bortizkeriaren estakururik ez dute gehiago»...

Hamaika arrazoi joateko

Gazte zein zahar, abertzale zein ez abertzale, bakoitzak zuen bere arrazoia parte hartzeko. «Orain duela hiru urte etorri naiz, erretreta pasatzera Euskal Herrira... bada garaia interesa nadin aldarrikapen horri, garrantzitsua delako», zion, adibidez, Arbonan egon zen Solange Frayssek. «Dena deskubriturik» eta «pozik» atera zen forotik. Aize Duhalde ere bertaratu zen, «sinpleki, euskal lurralde elkargoari buruz ez dudalako deus ulertzen», eta, horrela, «euskalduna ez den jendeak» galderak pausatzen dizkiotenean «erantzuna ukaiteko» eta, bide batez, «mezua inguruan hedatzeko». Batera-k «zehazki zer proposatzen duen ikusteko» eta aldarrikapena aitzina eramateko «prest» delako joan zen baita ere Mikel Apeztegi.

Hautetsiak ere egon ziren herritar foroetan. Alice Leizagezahar (Europe Ecologie-Berdeak), Sylviane Allaux (PS) Akitaniako kontseilariak edo Arnaud Villeneuve eta Marie Christine Aragon (PS) kontseilari nagusiak bildu ziren, besteak beste. Biarnoko Jean Lassalle diputatuzentrista eta Frederique Espagnac (PS) senataria ere agertu ziren.

Foroak bukaturik, ideia guztien bilketa lana abiatuko du plataformak. Hain zuzen, asteburu honetan atera diren ideia eta proposamenak Garapen eta Hautetsien Kontseiluei helarazteko asmoa dutelako. Bi kontseiluak haien geroari begira dabiltza gogoetan, pays egituraren desagerpenarekin kinka txarrean direlako. Haien gogoeta aberastu nahian, ekarpenak eginen dizkiete, «ez delako adituen eztabaida bat izan behar, baina bai herritarrena».

Gaur iraganen da azken foroa, 17:00etan, Baigorriko herriko etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.