Forondak eta Noainek bidaiariak galtzen segitzen dute, bosgarren urtez jarraian

Loiuko aireportuak ez beste denek galerak izan zituzten iaz; salgaien trafikoa erruz jaitsi da Noainen, igo Forondan

mikel p ansa
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Bidaiaritan, 2007an izan zuten urte emankorrena Euskal Herriko aireportuek. Harrezkero, zeinek gehiago, zeinek gutxiago, bidaiariak galdu dituzte. Loiu, Miarritze eta Hondarribiko aireportuak bidaiariak berreskuratzen hasi dira iaztik, baina Noainek eta Forondak bidaiariak galtzen jarraitzen dute. Loiuko aireportuak 2010ean eta 2011n berreskuratu zuen galdutakoaren parte bat, eta iaz lau milioi bidaiarien kopurua gainditu zuen, 2007. eta 2008. urteetako datuetara gerturatuz. Aurten, urteko lehen zazpi hilabeteetan, aurreko urtean baino %4,7 bidaiari gehiago jaso ditu. Hondarribiko aireportuak ere bidaiari asko galdu ditu azken bost urteotan: 466.000 hartu zituen 2007an, eta 248.000 iaz. Aurten, ordea, joera aldatu du Gipuzkoako aireportuak: uztaila bitarteko datuetan ikusten ahal da iaz baino %3,9 bidaiari gehiago hartu dituela.

Noaingo eta Forondako aireportuek ez dute hoberako biderik hartu, ordea; bidaiariak galtzen jarraitzen dute, bosgarren urtez jarraian. 2012ko urtarriletik uztailera bitarteko datuetan, iaz baino %18,4 bidaiari gutxiago izan ditu Noainek, eta %6,9 gutxiago Forondak. Miarritzeko egoera eta bilakaera guztiz bestelakoa izan da azken hamarraldian: 2004. urtetik 2008. urtera, goranzko bilakaera eduki zuen, bi urtez behera egin, eta iaz eta aurten goranzko joera hartu du.

Balantze ekonomikoa ere kalterako dute aireportu gehienek. Loiukoa da, azken urteetan, irabaziak aitortu dituen bakarra: 2,37 milioi euro 2010ean, eta 1,71 milioi euro iaz. Miarritzeko aireportuak ez ditu irabazi-galerei buruzko datuak publiko egiten; gainerako aireportuek galerak izan zituzten iaz, eta 2010ean. Forondak du defizit handiena: 10,24 milioi euroko galera izan zuen iaz, 11,12 milioi eurokoa aurreko urtean. Noaingo aireportuak 7,78 milioi euro galdu zituen 2011n, 5,67 milioi euro 2010ean. Hondarribiko aireportuak ere ez zuen balantze ekonomiko onik utzi iaz: 6,60 milioi euro galdu zituen —4,57 milioi euro, 2010ean—.

Forondan, salgai gehiago

Aireportuen artean ezberdintasun handiak daude, izaerari erreparatuz. Loiukoa da, zatiaz, bidaiari gehien hartzen dituen aireportua; batez beste, iaz, aireko bidaiari guztien %72 hartu zituen Loiuk. Miarritzek, berriz, bidaiari guztien %18 hartu zituen iaz. Noain, Hondarribia eta Forondaren artean, aireko bidairi guztien %10 eskas hartu zituzten iaz. Forondak, esaterako, 18.247 bidaiari besterik ez ditu izan aurtengo lehen zazpi hilabeteetan —konparaziorako, Loiutik 2.433.687 bidaiari pasatu dira epe berean—.

Izan ere, bestelakoa da Forondako aireportuaren izaera; saltzeko gaien trafikoa da nagusi bertan. Aurten 20 milioi salgai unitate hartu ditu Forondak, eta 1,3 milioi unitate Loiuk; salgaietan, Bizkaiko aireportuak baino hamabost aldiz trafiko handiagoa du Arabakoak. Forondan salgaien garraioak gora egin du, gainera, aurten (%3,5). Beste aireportuetan behera egin du, ordea: Loiun %15,1 jaitsi da, Hondarribian %22,1, eta Noainen %92,8.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.