Autogobernua

Foru Berriaren gaineko gatazka akordio bidez konpondu nahi duela dio Nafarroako Gobernuak

Javier Remirez presidenteordeak esan du Iruñeko gobernuak eta Madrilgoak Foru Berriko hemezortzi legeren gainean eztabaidatu dutela: akordioa lortu dute hamar legeren inguruan, eta Sanchezen gobernuak Konstituzionalera jo du beste zortzien aurka.

Javier Remirez, parlamentuan, abenduaren 12ko osoko bilkuran. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko urtarrilaren 15a
17:21
Entzun

Lehen ministro kontseilua, autogobernuaren aurkako lehen kolpea. Atzo, Espainiako gobernu berriaren lehen ministro kontseiluak erabaki zuen Nafarroako Foru Berriko ia 600 legeetatik zortziren aurka helegitea aurkeztea Auzitegi Konstituzionalean. Nafarroako Gobernuak, gaur, azpimarratu du eskua luzatuta jarraitzen dutela, eta oraindik ere akordio bat lortzeko aukerak daudela.

Hiru urteko prozesu luzearen ostean, iragan legealdi amaieran Nafarroako Parlamentuak zuzenbide zibilaren arloko esparru propioa eguneratu zuen: 1973an onartutako legea hartu, eta XXI. mendeko errealitatera egokitu zuen. 1973ko lege hura erabat zaharkituta zegoen, eta praktikan Espainiako Kode Zibila aplikatzen zen, nahiz eta Nafarroak arlo horretan eskumen propioa garatzeko aukera izan. Talde guztiek babestu zuten hori, eta, horregatik, denek nabarmendu zuten autogobernua indartu zuela. Foru Berria izena hartu duen legeak 594 artikulu edo lege (hala izendatu dituzte) jasotzen ditu, eta zuzenbide zibileko kontuak arautzen ditu —hala nola pertsonei, familiei, ondorengotzari, jabetzari eta kontratuari buruzkoak.

Haatik, hilabeteotan, Madrilek uste du Foru Berrian bildutako 594 legeetatik hemezortzik estatuaren eskumen esklusiboa urratzen dutela. Iragan astera arte jarduneko gobernua izan Madrilen, baina hilabeteotan elkarrizketak izan dituzte bi gobernuek, Remirezen arabera, eta akordioa erdietsi dute hamar legeren gainean. Haatik, beste zortzi kasutan, Madrilek erabaki du aurrera jotzea eta helegitea aurkeztea, konstituzioko 149. artikuluko 1.8 puntua urratzen delakoan, zeinak Madrilen eskumen erabatekoa zehazten duen.

Errekurtsoa jarritako zortzi legeetatik lau Jabego Erregistroen gainekoak dira, eta alor horretan estatuak eskumen propioa duela iritzi dio Madrilgo gobernuak. Legeen arteko gatazkak nola konpondu arautzen dute beste bi legek, eta eskumen hori kolokan jarri du. Azkenik, beste bi legeetan ageri diren aipamen batzuk ere zalantzan jarri ditu Espainiako Gobernuak, kontratuetan oinarrizko betebeharrak zehazteari buruzkoak.

Madrilgo gobernuak gaur edo bihar jarriko du helegitea, eta, haren edukia izan arte, zuhur mintzatu da Javier Remirez Nafarroako Gobernuko eledun eta presidenteordea, gobernu kontseilu osteko agerraldian: «Auzi hauetan, Nafarroako Gobernuak erabateko borondatea du estatuarekin hitz egiteko eta akordioa lortzeko, baina era berean autogobernuaren defentsa irmoa eginez». Alderdi sozialistako kide da Remirez, eta haren alderdiak koalizio gobernua osatu berri du Madrilen, Unidas Podemosekin. «Edukia ezagutu nahi dugu, haren eragina neurtzeko. Helegitea ez da albiste ona; nahiko genuke akordioa lortzea, baina drama oro kendu nahi genioke, 594tik sei lege baitira».

Helegitea aurkeztuagatik, oraindik ere akordioa lortzeko aukerak ikusten ditu Remirezek. Gogoratu du beste lau foru legeren inguruan akordioa erdietsi dutela bi aldeek: 2019ko aurrekontuetan foruzainen ordainsariaren ingurukoa, Tokiko Administrazioaren erreforma, guraso bakarreko familien ingurukoa eta parte hartze demokratikoari buruzkoa.

EH Bildu arabera, «eraso berria»

Irmoago azaldu da EH Bildu, eta prentsa ohar baten bidez Bakartxo Ruiz parlamentariak nabarmendu du Pedro Sanchezen gobernu berriak «Nafarroaren erabakitzeko ahalmena mugatzeko aurreko gobernuen jarrera bera» erakutsi duela. «Nafarroaren ahalmen legegilea murrizten du eta autogobernuaren funtsetako bat erasotzen du, gure zuzenbide zibila». Haren ustez, Espainiako Konstituzioa «tresna uniformatzaile gisa» erabili nahi du gobernu berriak.

Foru Berriaren zatirik handiena ez du zalantzan jarri Madrilgo gobernuak, baina auzitan jarri diren zortzi artikulutatik bik, kasurako, «bankuen politikei aurre  egiteko beharrezko tresnak dira», zorraren truke operazioak edo kredituak lagatzeak arautzen dituztelako. «Paradoxikoa da bere burua aurrerakoi gisa definitzen duen gobernu berriak herritarren eskubideak defendatzeko errealitatera egokitu diren lege batzuen aurka jotzea».

Eragin praktikoaz harago, ondorio politiko argia du erabakiak. Ruizen arabera, esanguratsua da azken egunetan esandakoak auzitan jartzen dituelako neurriak. Izan ere, gogoan hartu du Pedro Sanchez harro agertu dela elkarrizketarako ahalmenaz edo Txibite lehendakariak berak Estatuan «autogobernua ulertuko duen gobernu baten beharra» adierazi duela. Halaber, orain arte ez da Konstituzionalera jotzeko asmoaren berri eman, eta horrek Nafarroako Gobernua agerian uzten duela uste du.

Geroa Bairentzat, «hasiera txarra»

Nafarroako Gobernuko bazkideetako batek, Geroa Baik, gogorarazi du Foru Berria hiru urte luzeko lan baten emaitza izan zela eta mugarria izan zela oraingo errealitatera egokitzea. Hortaz, gaitzetsi du Pedro Sanchezen gobernuak elkarrizketara bide guztiak agortu ez izana. «Gaizki ekin dio, talka egiten baitu autogobernua errespetatzeko eta elkarrizketa bidez gatazkak ez judizializatzeko bere mezuarekin», nabarmendu du

Autogobernua irmo defenditzera dei egin die Geroa Baik ,Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari, eta horren gaineko galdera erregistratu du legebiltzarrean, urtarrilaren 23ko kontrol saioan argitu dezan Javier Remirez presidenteordeak.

Navarra Suma ere kritiko

Eskuineko koalizioaren ustez, «oso larria» da Espainiako Gobernuak egindakoa, auzitan jarritako lege edo artikuluak Nafarroaren eskumen propioa onartzen zutelako. Hala, Navarra Sumak Nafarroako Kontseiluari eskatu dio auzitan jarritako lege horiek azter ditzala —aholku emaile goreneko organoa da kontseilua—.

Koalizioaren ustez, Txibitek foruena herritar guztiena dela dio, baina «foraltasuna defendatzeko erabateko ezgaitasuna duela erakutsi du». Halaber, «onartezina» deritzo auzia isilpean gorde izana, orain arte ez baitio parlamentuari jakinarazi Espainiako Gobernuarekin gatazka zegoela horri buruz. Harrituta agertu da Madrilek lehen ministro kontseilua baliatzea legea baliogabetzeko eskatzeko. Gogora ekarri du Nafarroak eskumen propioa duela zuzenbide zibil arloan, 1841etik hala bermatu delako eta Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak eskubide historikoak aitortzen dituelako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.