Ondare bat berritua

Nafarroako Foru Berria goitik behera «eguneratzeko» egitasmoa tramitatzen ari dira parlamentuan. Eguneroko auziekin lotura zuzena du testu juridiko horrek, baina aldeek ezin dute erabili, «zaharkituta» dagoelako.

Herritar batzuk —alboko orrian— Nafarroako foruen estatua ikusten, igogailu batetik, 2003. urtean eginiko erakusketa baten harira. LANDER FERNANDEZ DE ARROIABE / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroari geratzen zaion burujabetza ikurretako bat da, baina Francoren sinadura darama oraindik; hitzaurrea ere berea da, eta indarrean dago: Nafarroako Foru Berria edo kode zibila. Espainiako diktadoreak agindutako lege bat da, hura hil baino bi urte lehenagokoa, eta nafarrek oinordetzan jasoa. Nafarroak 1973an berreskuratu zuen «arau eta ohituren» bilduma hori, eta ordutik ia ez dute berritu.

«Nork ez du izan bere familian edo bere lagunen artean zalantzaren bat testamentuekin edota kontratuekin? Ba, horiei buruzko legeak jasotzen dira foruan», azaldu du Maria Jose Beaumont Nafarroako Justizia kontseilariak. Bildumak 596 artikulu edo lege ditu, honako alor hauei buruzkoak: pertsona, familia, ondoregotzak, jabetza eta kontratuak. Horietako asko, baina, ez dira erabiltzen, ez direlako «gaurkotu», eta Espainiako araudira —bereziki hango kode zibilera— jo behar izaten dute interesdunek, abokatuek, notarioek, jabetzen erregistratzaileek eta epaileek, besteak beste.

«Nafarrek ere eskumena dute zuzenbide zibil propioa izateko, baina ezin erabil daitekeen testu bat dute, erabat zaharkitua, museoko pieza bat», azpimarratu du Roldan Jimeno legelariak. Izan ere, Foru Berriak oraindik baditu diktaduraren garaian idatzitako hainbat neurri, baina, bereziki, ikuskera zehatz bat dauka zuzenbide zibil pribatuarekin loturiko auziei buruz. Jimenok nabarmendu duenez, oso ordenamendu «historizista» da: lege ugari oinarritzen dira «ustezko tradizio historiko batean»; familia zuzenbidearekin zerikusia daukan guztiak, adibidez, «familia kristau-tradizionalaren ikuskera jakin bat mantentzeko».

Horren adibide, 121. legeko laugarren puntua: «Emakumeak, senarrak baimena ematen badio, bere jabetzako ezkonsari ondasunak erabili ahalko ditu». Lege hori indarrean dago, baina goragoko legeek eta jurisprudentziak indargabetu egiten dute praktikan. «Dena den, hor dago, eta islatzen du oinarrian dagoen ikuskera», azaldu du Jimenok.

Duela 32 urteko erreformaz geroztik —91 legeri eragin zien—, ez dute «ia ukitu» testua. 2006an, UPNren gobernuak batzorde bat sortu zuen hori aldatzeko, baina 2010ean desegin zuen. 2016an ekin zioten berriz, laukoak jasoa baitu asmo hori bere akordio programatikoan. Batzorde bat osatu zuten parlamentuan, eta hogei aditu pasatu ziren handik. Haien azalpenak entzun ondoren, talde politikoek irizpide batzuk adostu zituzten, eta gobernuaren batzorde batek, adituen laguntzarekin, egin berri du lege aurreproiektua.

Orain, egitasmoa parlamentuan dago, eta alderdiek aukera izango dute zuzenketak aurkezteko. Gobernuaren nahia da legegintzaldia amaitu baino lehen onartzea. «Oso beharrezkoa da lege hau; legealdi honetako garrantzitsuenetako bat da, herritar guztiei eragiten dielako», nabarmendu du Beaumontek. Berak aurkeztu eta defendatuko du legebiltzarrean. Batzordeetan izandako «bat egite zabalak» azpimarratu ditu, eta ez ditu traba asko aurreikusten tramitazioan. «Ez bada aho batez onartzen, aitzakia politikoengatik izango da. Legealdiaren amaieran gaude, eta halako jarrerak ohikoak dira».

Beaumontek bezala, Isabel Urzainki abokatuak ere nabarmendu du Foru Berriaren «izaera praktikoa». Eguneroko lanean, baina, ondorioztatu du «zaharkituta» dagoela, eta justizia arloko ia inork ez duela erabiltzen. «Erosoago zaigu denoi Espainiako Kode Zibilera jotzea».

Gainera, dioenez, hala izan ez denean gatazken iturri bihurtu da, arazoak konpontzaile baino gehiago. Urzainkik «drama pertsonal eta familiar ugari» ikusi ditu bulegoan araudi horren ondorioz. Adibide bat jarri du: testamentua egin ez dutenen kasuan, gerta liteke alargun batek etxea galtzea , hildakoaren anai-arreben mesedetan, ez badu inbentarioa egiten 100 eguneko epean. «Hori gertatu zitzaion nirera etorri zen andre bati; senarraren anai-arrebek etxetik bota zuten». Aukera hori kendu dute aurreproiektuan; parlamentuan osatutako adituen batzordean Urzainkik berak eskatu zuen «puntu ugarietako» bat izan zen hori.

Akordioa oinarri

Beaumontek azaldu duenez, aldaketak egin dira nafar zuzenbidearen instituzioak kontserbatuz eta «egungo errealitatera estrapolatuz». Baina zeintzuk dira instituzio horiek?

Ez daude inon zerrendatuta, Jimenok azaldu duenez, baina «ugari» dira: etxea, familia... Legelariak bat azpimarratu du: berdinen arteko akordiorako askatasuna. «Oso nafarra den ideia bat da: euskaldunon hitza». Paramiento fuero vienze du izena Foru Berrian. Horren arabera, kontratu bat egiteko bi aldeek askatasun osoa daukate: «Bi aldeen borondateak lehentasuna dauka zuzenbidearen iturri guztien aurretik». Adibide bat jarri du: pertsona batek beste bati auto bat saltzen dio, eta bi aldeek adosten dute inolako formaltasunik ez egitea. «Hori, Nafarroan, egin daiteke, eta balio juridikoa dauka».

Beaumontek ere akordioaren ideia nabarmendu du, eta azaldu du araudi osora zabaldu nahi izan dutela hori. «Bilatzen da gatazkak konpontzea akordioaren edo hitzarmenaren bidez, eta auzitara jotzea saihestea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.