Nafarroako foruzainek ez dituzte gehiago erabiliko gomazko pilotak. Apirilean Mikel Santamaria Foruzaingoaren Komunikazio inspektoreordeak BERRIAri aurreratu zion aurten utziko ziotela erabiltzeari, eta atzo Maria Jose Beaumont Lehendakaritza eta Barne kontseilariak Europako Parlamentuan egin zuen hitzaldi batean zehaztu zuen udan ordezkatuko dituztela, foam-ezko materialarekin. Gomazko piloten inguruko konferentzia egin dute Bruselan, eta han mintzatu zen Beaumont, Iñigo Cabacas Gogoan Taldeak egin zuen bezala. Beaumontek Mikel Irujo izan zuen ondoan Bruselan egin zuen agerraldian, Nafarroako Gobernuak Bruselan duen ordezkaria.
Gomazko pilotak erabiltzeari uztea akordio programatikoan adostu zuten Nafarroan aldaketa bultzatu zuten alderdiek (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra). Material berria erabiltzen hasterako foru agindua onartu beharko du Beaumontek orain. Komisaria bakoitzeko Esku-hartze Brigadetako eta Prebentzio eta Herritarren Harrerarako unitateek izango dituzte erabilgarri, eta formakuntza aurtengo planean dago aurreikusia.
Memory foam materialarekin egindako jaurtigaiak zilindrikoak dira, eta hiru zatik osatzen dute: karkasa, sua eragiteko kartutxoa eta puntan golf pilota baten itxura duten apar biskoelastikozko atala. Hainbat desberdintasun ditu gomazko pilotekiko. Batetik, zuzenean bota dezakete poliziek errebote baten beharrik gabe. Jaurtigai horren defendatzaileek diote zehatzagoa dela horregatik. Izan ere, gomazko pilotak berez lurrerantz bota behar ziren, eta errebotatu ondoren jo. Bestetik, "kolpea ematerakoan deformatu egiten dira foam-ezkoak, eta, hasiera batean, ez dira sartzen gorputzean; mina eragiten dute, ez lesio ebakidunik", azaldu zion apirilean Foruzaingoaren Esku-Hartze Brigadetako arduradun batek BERRIAri. Less lethal munizioaren barruan kokatzen da —ez hain hilgarria—, gomazko pilotak bezala.
Beaumontek atzo Bruselan gomazko piloten arriskua nabarmendu zuen, eta horiek ordezkatzeaz gain, mateiral berriarekin ere, kale istiluetan jokatzeko protokoloak berritu behar direla ere adierazi zuen, "herritarrak arriskuan ez jartzeko". Euskal Herrian hainbat lagun hil dira gomazko pilotek jota, Iñigo Cabacas Athleticeko zalea azkena, Ertzintzaren pilotakada batek jota. Beste hainbatek begi bat galdu du; Nafarroan Aingeru Zudaire da horietako bat.
Beaumontek, gainera, defendatu zuen lesioak daudenean administrazioak ikerketa sakon, eraginkor eta azkar bat egin behar duela gertatutakoa argitzeko eta erantzuleak identifikatzeko. Konpromiso hori ardurak eskatzeko garaian ere izan beharko luketeela azpimarratu zuen.Europako Parlamentuan egin zen konferentzian Kataluniako eta Irlandako gomazko piloten erabileraren aurkako taldeek ere parte hartu zuten.