Foruzaingoak 11 pertsona atzeman ditu droga trafikoa leporatuta

Sakanakoak dira atxilotutako gehienak, eta horietako lau espetxeratzeko agindua eman du epaileak

Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroako Foruzaingoak 11 pertsona atxilotu ditu abenduaren 15etik hona, drogarekin trafikatzeko sare bat osatzen dutelakoan. Iruñeko 1. intsrukzioko epaitegiaren aginduz atxilotu dituzte, eta horietatik lau espetxera igorri ditu epaileak. Sakanan droga banatzea leporatzen diete atxilotutakoei. Miaketetan, 225 gramo kokaina, 63 kalamu landare, 15.000 euro eta auto bat atzeman zituzten.

Iazko ekainean abiatu zuen ikerketa Altsasuko Foruzaingoak, bailaran droga salmentak gora egin zuelakoan. Herritar ugariren kexen ondorioz hasi zuten ikerketa, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Ustez, Laudioko eta Amurrioko (Araba) bi pertsonak eramaten zioten droga Altsasuko herritar bati, eta hirurak atxiki zituzten foruzainek abenduaren 15ean. Lau egun geroago, Altsasuko beste bi gizonezko atzeman zituzten, ehun gramo kokaina saldu nahi izatea leporatuta.

Bizkaitik ere eramaten zuten droga Sakanara, Foruzaingoaren arabera. Herrialde horretan bi pertsona atxilotzeko agindua eman zuen epaileak, eta, besteak beste, 40 kilo droga topatu zituzten haien etxebizitzetan. Azkenik, beste hiru pertsona atzeman zituzten foruzainek Altsasun. Ustezko sarea desegintzat jo du epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.