Espainiako Gobernuari arrazoia eman dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalak: haustura hidraulikoa debekatzeko Kantabriako autonomia erkidegoak hartutako erabakia bertan behera utzi du. Halako tekniken erabilera arautzea ez dagokie erkidegoei, Espainiako Gobernuari baizik, Konstituzionalak gaur ebatzi duenez.
Kantabriako Gobernuak 2013ko apirilean erabaki zuen fracking-a debekatzea. Gas ez-konbentzionalak erauzteko erabiltzen da teknika hori. Madrilgo gobernuak berehala sartu zion helegitea erabaki horri. Konstituzionalak Madrilen alde egin du, hidrokarburoei buruzko erabakiak hari dagozkiola argudiatuta. Bizkor eman du epaia: bost hilabetean.
Nafarroako Parlamentuak ere haustura hidraulikoa debekatzea erabaki zuen, iazko urrian. Espainian, Errioxak ere hartua du gisa bereko erabakia. Konstituzionalaren ebazpenak eragingo die erabaki horiei.
Debekuak debeku, Nafarroan fracking-a erabiltzen hasteko azterketak egiten hasi ote diren argitzeko eskatu zuen EH Bildu koalizioak joan den astean. Aragoiko egunkari batek berri hori eman zuela jakinarazi zuen.
Fracking Ez-entzat, "tamalgarria eta onartezina"
Fracking Ez plataformarentzat "tamalgarria" da Auzitegi Konstituzionalaren erabakia. "Onartezina" ere baderitzo, uste duelako "hausteko arriskua duten zonaldeetan" bizi diren herritarren borondatearen gainetik pasatu dela.
Legeen inguruko eztabaiden gainetik, "Eusko Jaurlaritzak horrela nahi badu", fracking-a "gaur bertan" gelditu daitekeela gogorarazi du. "Euskal Autonomia Erkidegoan aurreikusitako putzu guztiak % 100ean publikoa den enpresa batek eskatu ditu (SHESA) eta horren gaineko kontrola euskal gobernuak du".
Gainera, nabarmendu du fracking-aren kontrako sinadura bilketa kanpainak "gaur atzo baino zentzu handiagoa" duela, eta herritarrei babesa emateko deia egin die. "Fracking-aren kontra existitzen den aurkakotasuna modu eraginkorrenean eta lege baten bitartez islatzea garrantzitsua da, eta horretarako herri ekimen legegilea babes maila handiena jasotzea beharrezkoa da".
Gipuzkoa, 'fracking'-ik gabeko lurralde
Konstituzionalaren ebazpena heldu den egun honetan bertan, bestalde, teknika horri buruz eztabaidatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EH Bilduk aurkeztu zuen proposamena, eta Gipuzkoa "fracking-ik gabeko lurralde" izendatu dute.
EH Bildurekin batera, PPk eta PSEk sistema horrek ingurugiroan eragiten dituen kalteak salatu dituzte. EAJk ez du proposamena babestu.
Onartutako ebazpenean aldundiari eskatu diote energia berriztagarri eta iraunkorrak erabiltzearen alde politika aktiboak martxan jartzeko, eta aurrekontuetan horretarako sail bat irekitzeko.