Politika

Francisco Javier Lopez Peña, Jon Salaberria, Ainhoa Ozaeta eta Igor Suberbiola atxilotu ditu Frantzian Poliziak

Ustezko lau etakideak atzo gauerdirako gutxi falta zela atzeman zituen Frantziako Poliziak Bordelen, Guardia Zibilarekin batera egindako operazioan, eta ETAko zuzendaritzako kidetzat jo dituzte. Andoainen Jose Antonio Barandiaran alkate ohia atzeman dute gaur, eta Bordeleko etxearen jabe Fred Fort ere atxilotu dute Baionan. Arratsaldeko zazpiak baino zerbait lehenago amaitu dute Barandiaranen etxearen miaketa, bera bertan zela. Joan den igandean Arcachonen (Frantzia) Ozaetarekin biltzea leporatzen diote..

2008ko maiatzaren 21a
19:10
Entzun
Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean, ustezko lau etakide atxilotu ditu bart Bordeleko (Frantzia) etxe batean -Cours de la Marne kalean, 63. zenbakian-, eta, berri agentziek polizia iturriak aipatuta emandako informazioaren arabera, Francisco Javier Lopez Peña Thierry ezizenekoa, Jon Salaberria, Ainhoa Ozaeta eta Igor Suberbiola dira atxilotutako lau lagunak. Poliziaren arabera, ETAko zuzendaritzako kideak dira eta "bilera garrantzitsua" ari ziren egiten.

Gaur goizean, berriz, Andoainen (Gipuzkoa) Jose Antonio Barandiaran alkate ohia atzeman du Guardia Zibilak, aipatutako kide haiekin bileraren bat egin izan duelakoan. Euskal Herritarrok-etik izan zen alkate Barandiaran, 1999-2003 artean.

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak gaur 11:00ak aldera jakinarazi du Bordeleko etxearen jabea ere atxilotu dutela Baionan, ustezko etakideei etxebizitza alokatzeagatik. Fred Fort da atxilotua, Askatasunak esan duenez, 74 urteko Bidarteko (Lapurdi) herritarra.

Gaueko hamaika eta erdiak aldera egin zuten operazioa atzo Bordelen, erdialdeko etxe batean, tren geltokitik gertu. Laurak armekin zeudela esan du Poliziak, baina ez zutela eragozpenik jarri atxilotzeko.

Polizia iturriek diotenez, ETAkoa burua da Lopez Peña (Galdakao, Bizkaia; 1958), eta 2004an Frantzian Mikel Albisu Mikel Antza atzeman zutenetik egindako operaziorik garrantzitsuena izan dela diote. 1980an sartu zen ETAn Lopez Peña, Poliziaren arabera.

Salaberria (Donostia, 1969), ezker abertzaleko kide ezaguna da; besteak beste, Jarrai gazte erakundeko bozeramaile, eta Euskal Herritarrok-eko eta Sozialista Abertzaleetako parlamentari izana delako Eusko Legebiltzarrean 1998 eta 2005 artean. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak auzipetua du ETAren finantzaketan ustez parte hartzeagatik, baina auzi garaian Salaberriak ihes egin zuen 2005ean.

Ozaeta (Andoain, 34 urte), bere herriko zinegotzia izan zen, eta Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea ere bai.

Suberbiola (Donostia, 29 urte) Jarrai-Haika-Segi auzian zigortu egin zuten.

Lopez Peña, Salaberria, Ozaeta eta Suberbiola Bordeleko polizia-etxean izan dituzte, galdekatzen, eta 11:00 aldera etxe hartara eraman dituzte. Gaur edo bihar, berriz, Parisera. Polizia etxea miatzen ari da, eta lau pistola automatiko, lehergai pixka bat (kloratoa), agiri faltsuak, ETAko dokumentazioa eta material informatikoa topatu dituela dio. Etxebizitza aspalditik kontrolatua zutela ere adierazi dute.

Barandiaranen etxea ere ari dira miatzen, hamarretatik. Alkate ohia bera 13:00etan eraman dute etxera; Sorabilla auzoan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.