Frankismoaren azken fusilatuak oroitu dituzte Espainiako Kongresuan eginiko ekitaldi batean

Ekitaldian, Espainiako Kongresuko presidenteak esan du agerian utzi behar direla frankismo garaiko izugarrikeriak.

gurutze izagirre intxauspe
2025eko urriaren 30a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Francoren kolpe militarraren, gerraren eta diktaduraren biktimen aldeko oroimen eguna dela eta, ekitaldi bat egin dute Espainiako Kongresuan, eta frankismoak agindutako azken bost fusilatuak gogoratu dituzte: Juan Paredes Manot Txiki, Angel Otaegi eta FRAPeko Jose Humberto Francisco Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo Solla. Areto txiki batean egin dute ekitaldia, Francina Armengol Kongresuko presidentea buru zela. Hainbat diputatu bertan ziren, tartean EH Bilduko Jon Iñarritu, EAJko Maribel Vaquero eta PSOEko Rafaela Romero. Elkarte memorialistetako kideak eta Baena eta Bravoren senideak ere izan dira.

Armengolek esan du frankismoan gertatutako izugarrikeriak «lur azpitik» atera behar direla, eta bide horretan Memoria Demokratikoaren Legeak ematen dituen tresnak defendatu ditu. Gaineratu du hobi komunetan oraindik ere 11.000 gorpu baino gehiago daudela identifikatu gabe, eta lan handia geratzen dela egiteko.

Kezkagarritzat jo du gazteek garai hari buruz duten iritzia ere, Espainian gero gazte gehiagok esaten baitute nahiago dutela diktadura batean bizi. Horregatik, «egia agerian uzteko» beharra azpimarratu du, eta diktadurak egindakoak azaldu. 1975eko testuingurua zein zen eta azken fusilamenduak nola egin zituzten azaldu dute gero elkarrizketa baten bidez bi ikerlarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.