Frankismoaren biktimen aldeko neurriak eskatu ditu Lamarcak

EAEko arartekoaren ustez, ordain moral eta materialak jasotzeko eskubidea ziurtatu behar dute erakundeek

Erredakzioa
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
1936ko gerrako eta frankismo garaiko biktimekiko konpromisoaindartu behar dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoek. Batez ere, bermatu egin behar dute egia jakiteko eta kalte-ordain moral eta materialak jasotzeko eskubidea. Hori adierazi du Iñigo Lamarca Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoak, frankismoaren biktimen gainean egin duen ikerketa batean.

Egia, justizia eta ordaina jasotzeko eskubideak giza eskubideen nazioarteko zuzenbidean aitortuta eta garatuta daudela gogorarazi du Lamarcak, eta horiek «nahi eta nahi ez bete beharrekoak» direla erantsi du. Bide horretan, neurri ugari proposatu dizkie udalei, aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari. Biktimen ezagutzarako ekitaldi publikoak egin, adierazpen politikoak onartu, frankismoaren ikurrak kendu eta kalte ekonomikoak ordaindu behar dituzte administrazioek, Lamarcaren iritziz. Desagertutako pertsonen hobien mapa eguneratzeko eta gai horri buruzko ikerketak egin ahal izateko bekak emateko aholkua ere eman die.

Espainiako botere publikoei ere biktimen eskubideak ziurtatzeko neurriak har ditzatela eskatu die Lamarcak. Giza eskubideen aurkako krimenak egin diren kasuetan 1977an onartutako Amnistiaren Espainiako Legea ez aplikatzea galdegin du, eta krimen horien erantzule diren pertsonak Espainiaratu edo epaitu egin behar direlagaineratu.

Pertsonak desagerraraztea sistematikoki egitea gizateriaren aurkako krimena dela oroitarazi du Lamarcak, eta, beraz, nazioarteko zuzenbidea aplika daitekeelakoan dago. Delitu horiek ikertzeko ardura har dezala eskatu dio, halaber, Espainiako Gobernuari; gizateriaren aurkako krimenak preskribatuko ez direla aitortzea galdegin dio.

Aditu batzordea

Arlo horretan erakundeek egin dezaketen lana eta horien arteko lankidetza garrantzitsutzat jo ditu Lamarcak; haren ustez, beharrezkoa da pertsona «independentez» osaturiko aditu batzorde bat sortzea, eta hala egiteko gomendatu die administrazioei. 1936ko gerrako eta frankismo garaiko giza eskubideen urratzeak «identifikatu» egin beharko lituzke batzorde horrek.

Biktimen sufrimendua aitortzera «berandu» heldu direlakoan, erakunde publikoak kritikatu ditu Lamarcak; aldiz, oroimena berreskuratzeko elkarteak goraipatu ditu. Haren arabera, elkarte horien eginkizuna aitortu behar dute administrazioek. Oroimena ezinbestekotzat jo du, uste baitu «askatasunaren iturria bizirik mantentzea» dela hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.