Frankismotik bizirik atera zirenek «benetako historia» biltzeko elkartea sortu dute

«Inpunitatea amaitu», 1977ko Amnistia Legea ezabatu eta arduradunak epaitzearen alde egingo du lan Goldatu taldeak

Goldatu elkartearen sustatzaileak, atzo, Bilbon, taldearen aurkezpena egiteko agerraldian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Frankismoaren errepresioa beren larruan pairatu zuten eta bizirik dauden 50 bat euskal herritarrek Goldatu elkartea sortu dute, Francoren diktadura garaiko euskal preso eta errepresaliatuen elkartea. «Frankismoaren inpunitatearen aurka borrokatzea» da haien helburu nagusia, eta, horretarako, 1960tik 1977ra bitartean Francoren errepresioa zuzenean jasan zutenak bildu nahi dituzte. Haien testigantzak jaso nahi dituzte, ezerezean gera ez daitezen. Horrela aurre egin nahi diete «azken urteetan frankismoaren historia eraldatzen» saiatu direnei. Garai hartako basakeriak ezkutatu, eta «inpunitatez» janzten ari direnei. «Bizi garelako kontatu nahi dugu gure historia, gure benetako historia, gal ez dadin», azaldu du taldeko sustatzaile Josu Ibargutxik.

Elkartea atzo aurkeztu zuten hedabideen aurrean, kide gehiagorengana iristeko asmoz. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan frankismoaren aurka borrokatu ziren talde askotako kide historikoak bildu ziren atzoko agerraldian; besteak beste, Periko Solabarria, Jose Luis Etxegarai, Begoña Berga, Sabin Arana, Jose Ramon Castaños Troglo eta Juan Mari Zulaika, beste 40 bat kiderekin.

Multzoa zabaltzen hasi nahi dute orain, eta, beraz, «garai hartan errepresaliatu izandako guztiei, edozein alderdi eta iritzitakoa izanik ere frankismoaren aurkako lanean jarraitu nahi dutenei» hurbiltzeko deia helarazi diete. www.goldatu.org webgunean sartu, ekimenari buruzko informazioa jaso eta atxikimendua emateko deia egin diete.

Hamar puntuko manifestu batean bildu ditu elkarteak helburu nagusiak. Frankismoa ez dela erabat amaitu sentitzen dutenez, «inpunitatea amaitzea» izango dute lehen eginbeharra. Errepresioan parte hartuzutenak prozesatu egin behar direla uste dute. Halaber, salatu dute onartezina dela TOP Ordena Publikorako Auzitegi berezia osatzen zuten kideek oraindik epaile lanetan jardutea; horietako batzuek Espainiako Auzitegi Nazionalean segitzen dutela ohartarazi dute.

Amnistiaren Legea

1977ko Amnistiaren Legea indargabetzeko ere indar egingo dute. «Lotsagarria da oraindik amaiera hori onartzea», salatu du Aranak. Ibargutxik azaldu duenez, mozorrotu bazuten ere, frankistek beren buruen defentsan egindako legea izan zen 1977koa. 800 bat preso politiko askatu zituzten arren, beste zerbait ere ekarri zuen lege hark: diktaduraren erantzuleak euren krimenetatik libre geratzea. Uste dute horiek epaitu egin behar direla. Halaber, «frankismoaren hierarkia guztiei» dituzten pentsioak kentzeko eskatu dute.

Arrazoi politiko, sindikal edo sozialengatik orduan eta orain sortutako auziak baliogabetu daitezen ere lan egingo dute. Eta, era berean, egungo «errepresiozko espetxe politika» salatuko. Izan ere, Aranaren hitzetan, «frankismokoa bezain gogorra eta salagarria da egungo espetxe politika».

Sakabanaketa eta «salbuespeneko araudi zein auzitegien aurka» mobilizatzeko asmoa ere badute. Auzitegi Nazionala, Alderdien Legea eta Parot doktrina aipatu dituzte, espresuki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.